Mundua.com
 
Bloga sortu  Sartu  

Aurkezpen-festako bideoa

Uztaila 31, 2010 | Egilea: kevinheredia

aurkezpen
Ikusi nahi baduzu, egin klik hemen. [ABB-ren kortesiaz, hots, Argazki bat behelainoan] On egin!

Hor hago Kevin? (musika)

Uztaila 17, 2010 | Egilea: kevinheredia

kevin-abesti-azalaweb1

[argazkia: Kepa Olano (Kontraluz Studio), René Magritten pintura batetik abiatuta. Abestia: Argazki bat behelainoan]

Hor hago Kevin? liburuan sartu eta liburutik atera diren zenbait kantu

badator

Ekaina 11, 2010 | Egilea: kevinheredia

kevinherediaaurkezpenflyerra3

ARGIA ALDIZKARIAN ELKARRIZKETATU NAUTE

Uztaila 30, 2009 | Egilea: kevinheredia

Kevin Heredia

“Zuek zarete kartzela batean zaudetenak, ez ni”

Unai Brea

Kamioi-gidari ijitoa. Literaturaz idazten du astero Berrian, sekula autograforik sinatu ez duen honek.

Non zinen 2007ko iraila aitzin?

Prentsako orrialdeetatik kanpo. Alegia, ia-ia ezereza dei diezaiokegun eremu batean, informazioaren ilunpean, munduaren %95a bezala.

Langilea, euskalduna, literaturan aditua. Ijitoez neukan estereotipoa hautsi didazu!

Ba ohitu beharko duzu makurtzen eta zatiak biltzen, ze estereotipoak egunero hausten dira!

Zer egiten du garraiolari batek klasiko artean, Playboy zaharrez inguratuta egon beharrean?

Kontxo, azkar bildu dituzu estereotipo zatiak… Bada, pornografia ere irakurtzen dut, ez pentsa. Bai, bai, irakurri, Mirandek bezala. Dena den, Playboy zaharrak plastikotan bilduta ditut, ea bildumagileren batek erosten dizkidan noizbait.

Elkarrizketa hau prestatzeko zure azken zutabeak irakurtzea beste erremediorik ez dut eduki, eta iruditu zait zuk ez duzula literaturaz hitz egiten ia, zuk literatura egiten duzu besterik gabe.

Askoren gaitza da: asmo batekin hasi eta erabat diferentea den emaitza atera. Idazle asko, adibidez. Nobela bat egiten hasi eta beraien bizitza kontatzen bukatzen dute… Beraz, literaturaz hitz egin nahi, eta konturatu gabe literatura egitea, ez zait iruditzen dagoen kirmenik handiena.

Igandeetan irakurtzen omen da gehien egunkaria, baina zure zutabeak… Benetan uste duzu herri xeheak halakorik irentsi dezakeenik Martiniarekin batera?

Joño, zu ere Martini zalea! Nik ere asko edaten dut, batez ere idazten hasi aurretik. Galderari erantzunez: nire zutabeak oso merkeak dira; herriaren ahotik hartzen ditut debalde, eta debalde ematen dizkiot Berriaren irakurleari.

Zergatik jotzen dugu gero eta gehiago idazleengana gidaritza espiritualaren bila? Besteon mixeria berak edo are larriagoak edukiko ez balituzte bezala…

Frantsesen errua da hori. Faltsua da, erabat, idazlea eta intelektuala ezinbestean lotzen dituen ustea. Egongo da idazle intelektualik, baina ezagutzen dut XX. mendeko filosoforik handienetako batekin, Homer Simpsonekin, buruz buru lasai asko ibil litekeen kamioi gidaririk ere.

Zer moduz buru-osasuna? Nortasun anizkoitza diagnostikatu omen zizuten behin.

Buru-osasuna ondo, eskerrik asko. Tira, gainontzeko gizon-emakumeena bezain ondo. Dena den, Leopoldo Maria Panero parafraseatu nahi nizuke: zuek zarete kartzela batean zaudetenak, ez ni.

“Nor da benetan Kevin Heredia?” entzuteaz nazkatuta zaudelakoan nago, beraz ez dizut galdetuko, baina esadazu: Rikardo Arregi Saria emango balizute, nor joango litzateke jasotzera?

Horretan montoiatarra naiz; senitartekoren bat edo lagunen bat joango litzateke seguruenik. Hartara zeremonia ere zertxobait animatuko litzateke, gitarra eta kaxoia jotzen, kultura sailburua dantzan… Bada garaia txapela –eta ez sonbreirua– kentzeko! Istorio osoa irakurri »

HITZ EGIN BEHAR DUGU

Uztaila 28, 2009 | Egilea: kevinheredia

hitzeginbehardugu
Esan zidan Maribelek. Listo, pentsatu nuen nik, akabo itsasertzeko paseoak, fini ilunabarrak. Bukatu dira ebakuntza-gelako zirriak, Vicodin bidaiak, esku-ohe lasterketa klandestinoak. Adio amodioa. Aurpegian ikusi zidan: «ez, mozolo, hiru aste eman dizkidate ospitalean; nora joango garen hitz egin behar dugu». Ufa. Hau lasaitua. Abuztuko hodeirik ez zerumugan. Izan zitekeen Castro Urdiales, edo Apatamonasterio, baina Menorca aukeratu dugu oraingoan. Eta Walter Benjaminen xerka joan nintzen bezala apirilean, Cees Nooteboom handiaren atzetik joango gara aurki, ea Rode regen hartan esaten zituenak oraino han dirauten.

Baina gertatzen zait, oporrekin bat, izaten dudala buruhaustea: maletan zein liburu sartu. Horixe da opor garaiko larritasunik handiena. Hotela lau edo hiru izarrekoa den, hegazkina first class edo business, bost niri. Liburuak aukeratzea da potoloena, hartzeak uztea dakarrelako berarekin, irabazteak galtzea. Aurtengorako argi xamar nuen bat, hasi ere hasi natzaio haginka: Whe Need to Talk about Kevin, Lionel Shriver emazte anglosaxoiaren best-seller-a (bai, hezur-haragizkoa nauzue). Tituluak erakarri ninduen, noski, bai eta berehala istorioak ere: senar-emazte ustez zoriontsuak semea izatea deliberatzen du, berrogeietatik ez hain urrun. Denborarekin, baina, institutua harategi bilakatuko du Kevin nerabeak. Kasu, ez analogiarik bilatu, arren, ez naiz ni arma zalea: labana baino ez dut eramaten patrikan (beste batean kontatutako dizuet nola oparitu zidaten, Marseilla inguruko mahastietan, franko baten truke).

Ezen izenburuak eman baitit zer pentsatu gehien, Kevinen gainean hitz egin behar horrek. Ikasturte betez aritu naiz zutabegintzan, berrogeita bat honexekin, eta nobela bat ere idatz nezakeen hemen inbertitu osasunarekin. Etorkizun hurbilean zer, beraz? Errepideari lotu atzera, harat-honat, asfaltoa asfaltoaren atzetik? Lana eskaini didate, egia da, irailetik aurrera, kamioi zaharrarekin bueltatzea. Zuek aspertzen jarraitu iganderoko kalaka honekin? Bota ditut, hemen, tarte baterako irakurketa proposamenak. Biak, errepidea eta ordenagailua, ginebra eta tonikaren antzera, konbinatu? Biak harrika bota, eta betirako gorde? Zazpi etxe Frantzian eleberriko Donatien morroiaren antzera nabil ni ere, nire baitako buruekin borrokan. Metafora batekin esatea zilegi bada, zabalduta dago trumoien kutxa neure barruan. Anai-arreba guztiak builaka eta iritzia ematen hasi zaizkit. Donatienen kasuan, auzia garbienik ikusten zuena anaia hiltzailea zen. Nor gertatuko da gurean irabazle?

FAST BOOK NATION

Uztaila 20, 2009 | Egilea: kevinheredia

botero-gorda-leyendo

Aste honetan gertatuaz pentsatzen hasi nintzen arte, ez nion zentzurik aurkitu William Shakespeare-ek esandako hari: “Amodio eta lagun kontuetan, ezjakina zoriontsuagoa da, jakintsua baino”. Izugarria izan baitzen eszena, edozein lekutatik begiratuta ere. Egin kontu: urte osoa daramat astero-astero txoko honetan nire ustez merezi duten liburuez berbetan. Saiatzen naiz, pretentsio handirik gabe, baina gustu pixka batekin aukeratzen; eskaparateak marjinatzen dituen obrak kartan sartzen; eskaintzen dieta orekatua, baina zaporetsua. Eta –a zer banitatea nirea– uste nuen bazegoela taldetxo bat, irakurle eskukada bat, zutabeok irakurtzen hasita deskubritu zuena bestelako literatura jatea ere posible zela. Neroni ere halaxe zaletu bainintzen: Egunkarian deskubritu nituen, Juan Luis Zabalaren platerkadei esker, Peter Handke, Raymond Carver, Eça de Queiros, Ismail Kadare… Eta noski, euskal idazle interesgarri franko.

Baina gehiegi esan dut gutxiegi esplikatuta. Goazen astelehenera. Joan naiz osagai bila Donostiako liburu-denda ezagun batera, eta atetik hogei metrora nagoela, hara non ikusten dudan neska bat ateratzen, poltsa eskuan. Ezagutzen dut, inoiz aipatu izan dit zutabe hauetakoren bat. Baina orain ikusten nau, eta erdi presaka hasten da kontrako norabidean urruntzen. Esaten dut ozen bere izena, eta jiratzea beste erremediorik ez: “Aupa Kevin; puff, harrapatzen nauzu… presaka nabil”. Ni ez ordea, eta zer moduz, zer, liburu batzuk erosita, ondo gainontzean, tertulia ematen saiatzen naiz. Urduri dago, dendako poltsa ezkutatzen du eta azkenean ez zait beste erremediorik geratzen: “Ez duzu pentsatuko joaten utziko dizudanik erosi duzuna ikusi gabe, ezta?”. Begiak irakurri dizkiot: “Kevin, ez bihurtu hau berez dena baino zailagoa”. Baina tematu naiz eta atera du, azkenean; luzatu dit liburutzarra. Begiekin: “Ez da ematen duena, benetan”. Stieg Larsson irakurri dut azalean. Bera negarrez hasi da, deskontsolatua: “Eske ezin izan diot tentazioari eutsiiii!” bota dit marru artean.

Kontsolatu dut pixka bat, eta joaten utzi. Pareko tabernara sartu naiz kontuarreko pintxo koipetsuena jateko asmoz. Akabo dietak –nire baitarako– mundu guztiak koipe saturatuak irakurri nahi baditu, ez da delitu nik olioz gilborra betetzea. Literaturarekin, janariekin ez bezala, uda izaten baita gauza gizenenak irakurtzeko sasoia. Baina negua helduko da azkenez, eta letren dietistok V bat egingo dugu, orriotan.

EGIN KONTU

Uztaila 14, 2009 | Egilea: kevinheredia

booktower1

Hilabeteak hemen liburuak aipatzen: nobelatzarrak, poemak, antzerki-saioak… Batzuetan nire grinak bultzatuta, beste zenbaitetan besteren (Maribelen, Armijoren) laguntzari esker. Inoiz irakurtzearen kontrako argudioez mintzo izan naiz halaber, baina betiere irakurritako liburu bati edo besteren bati buruz berbetan. Nire zutabea, finean, ez dakit ez ote den irakurtzearen apologia. Izenburua ere halakoxea du, Irakurlearenak.

Aste honetan nire buruari jarri diodan erronka bestelakoa izan da ordea. Izan ere, duela urte dezente, 90. hamarkadan, ikusitako hitzaldi batekin gogoratu nintzen aurreko batean. Jose Manuel Blecua filologoaren hitzaldi bat izan zen hura, Kixoteari buruzkoa, Iruñean. Han joan nintzen kuriositatez, lan kontuen kariaz hirian nengoela profitatuz, eta nire irakurle fidelenek ondo dakizuen modura, Kixotea artean irakurri gabe.

Aditua aretoan sartu, harrezkero aski zahartuta eta okertuta, mahaiaren parean eseri, eta beste ezer baino lehen zera galdetu zuen ozen: «Zuetako nork ez du irakurri Kixotea?» Zurrumurrua, eztul urduriak, marranta, eskuko ordulariari begirada luzeak, justifikazio gabeko zarata eta ekintzak oro har. Isiltasuna bortitzegia baita zenbaitetan. Berriro ekin zion: «Ea… nork ez du irakurri Kixotea?». Lehenengo ilaratakoen aurpegia ikusteko zen, beren buruaz hain harro, bularra tenk. Ni, ordea, eginahalak egiten bazterren batean ezkutatzeko -esan gabe doa, gehiago izan naiz atzealdeko ilaretakoa-. Gazte betaurrekodun batek altxa zuen eskua orduan. Hogei bat urte-edo izango zituen, eta itxura guztien arabera, aukera askeko kredituen ehizan joana zen leku hartara. «Blecua jauna» bota zuen ausart, «nik ez dut Kixotea irakurri». Akabo, pentsatu zuen batek baino gehiagok, hemen sartuko dira foralak eta gaztea eramango dute, hitzaldia bertan behera geratuko da, asteroideren bat-edo erortzen ez bada tupustean gaitz erdi. Baina Blecua jaunak, ahal zuen moduan altxatu, pare bat urrats egin aurrera eta «zorionak gazte» esan zuen, «bejondeizula. Nik dagoeneko galdu dudan plazer bat duzu oraindik ezagutzeke. Hainbeste urte Kixotea aztertzen eta lantzen, hastapeneko xalotasun hori galdu dut. Inbidia ederra ematen didazu, gazte». Ikustekoa orduan ere, lehenengo ilarakoen irribarre urduria zein atzealdekoon bular puztuak.

Hala, urteak eman nituen probatzeke nuen plazer hura luzatzen. Sarri askotan liburu bat irakurtzea bera baino gozamen handiagoa baita kontu egitea, zenbat liburu bikain ditugun irakurtzeko.

LUCKY

Uztaila 6, 2009 | Egilea: kevinheredia

samuelbeckett.jpg

Urezko denboraz idatzi nuen lehengoan, baina sargori honekin garagardozkoa bihurtzen ari zait. Hain zuzen ere, hirugarren kaña husten ari naiz Losadaren esperoan, eta badirudi laugarren bat ere beharko dudala. Itzulpenekin nenbilenean kexu zen, ez nintzela zulotik irteten, aitontzen ari nintzela. Langabeziara itzuli naizen honetan, ordea, ez dut lortzen lagunarekin ganorazko hitzordu bat finkatzea, ezta gitarrarekin xaxatzen dudanean ere: «Lucky, goazemak buleriara!». Izan ere, orriotan beti izendatu izan dut Losada abizenez, baina herrian denok ezagutzen dugu Lucky goitizenez.

Gehienok luki ahoskatzen dugu, kosmopolitagoak direnek laki, Telleria jaunak, adibidez. Batzuek uste dute ezizenaren jatorrian Lucky Luke dagoela, zeren badute elkarren antzik: biak dira luzangak, biak bakartiak, biek dute beti zigarreta ahoan (tira, Lukek aspaldi utzi zion, zigarreta ximurra belar izpiarekin ordeztuta). Baina gainerakoan, gure Luckyk ez du zerikusirik cowboy zintzoarekin. Erretzaile amorratua izanagatik, Losadak ez du Lucky Strike erretzen. Aitzitik, Gauloisesak biriketaratzen ditu bata bestearen atzetik, John Coltranek marka hori erretzen zuela jakin zuenetik. Kontuak kontu, nik badakit zergatik deitzen diogun Lucky, neronek jarri niolako goitizena.

Jende gehienak uste du gizon isila dela Losada. Pentsa, ikustez ezagutzen dutenetariko askok ez dute sekula haren ahotsa entzun. Lagunartean, baina, isiltzen ez diren horietakoa da; gainera, trebetasun izugarria dauka ahozko diskurtsoak harilkatzeko. Txikitatik egin izan du amets aktore izatearekin (orain komertzial lanetan dabil, enpresei kafe makinak eskaintzen), eta irudipena daukat film labur mutu bat eta Goenkale-n bultaño pare bat egiteaz gain, apenas aritu dela aktore lanetan. Berak jakingo du zergatik. Baina nik badakit institutu garaian egin zuela bere antzezpenik onena, Samuel Becketten Godoten esperoan lanean.

Batere kirolzaleak ez ginenez, antzerki taldean eman genuen izena Losadak eta biok (uste dut Armijo ere tartean zebilela, baina ez nago ziur). Garai hartan Beckettekin obsesionatuta nengoen ni, eta egundoko matraka eman nion irakasleari, Lorcaren Bernarda Albaren etxea alboratu eta idazle irlandarraren lanik ezagunena taularatzeko. Vladimir eta Estragon izan nahi genuen, baina niri Pozzo egokitu zitzaidan (nahikoa potzu bainintzen), eta Losadari nola ez, Lucky. Benetan gogoangarria izan zen isiltasuna antzezteko modu hura, baita bakarrizketa absurdoa burutzeko era bikaina ere.

Orain Godot bihurtu dela dirudi, sekula helduko ez den hori. Baina hara! Hemen dator Lucky.

UREZKO DENBORA

Ekaina 29, 2009 | Egilea: kevinheredia

liburu-pila.jpg

Maite kontuak ekarri nahi dizkizuet asteon hona. Ez, aitzitik, Maribel, erretxindu egin baitzait, antza: anonimotasuna exijitu dit, ez duela gurea publiko egiterik nahi. Joan omen zaiola inor, eztarriko min txatxuren baten aitzakian, ea bera ote den Kevin Herediaren zera, galdezka. Ez nuen sekula imajinatuko zutabe honek oihartzun hori izan zezakeenik. Baina bai, ni ere gerarazi naute noizbait, herrian bertan, bizkarrean kox-kox egin eta hauxe esateko: «Ez nekian hainbeste irakurtzen huenik, Heredia!». Harira Kevin. Maite kontuak aipatu nahi dizkizuet asteon, ezen galdu egin baitut mundu honetan gehien maite nuena: denbora. Komunera ere ezin lasai joan azkenaldian! Arrastaka iristen naiz iritsi beharrekoetara, ezin iritsi nahiko nukeen horietara. Liburu pila ederra pilatu zait mesanotxean, irakurtzeke, eta beldur naiz, hauetako gauren batean, lo seko, ziplo buru gainera eroriko zaizkidan.

Armijori aitatu nion, telefonoz hitz beste egin genuen azken aldian, orain egun gutxi. «Kontxo», erantzun zidan, «hire kezka horrek Atxaga ekarri zidak gogora». Harritu egin nintzen ni, zer ote zuen ikustekoa gure Bernardok nire kezka lurtarrarekin. Eta Armijok, ohi duen eran, sorpresa bat zeukan gordea: egona zela, apirilaren 22an, Bernardo Atxagak Bartzelonan eman hitzaldian eta, bere idazkerarekin egiten duen antzera, maitemindu egin zuela bere hizkerarekin. Esan nion baxuago hitz egiteko, Jordi jelostuko zitzaiola. Itauna paratu zidan, trukean: «Heredia, zerezkoa duk literaturari eskaintzen dioken denbora?». Aho bete hortz hori, zer erantzun ez nekiela erantzun nion, ikusi ez zuen tentel aurpegiaz. «Bai, urrezkoa al duk denbora hori? Zilarrezkoa? Brontze edo, akaso, burdinazkoa? Heredia, Atxagak egin zian galdera, Hesiodo aipatuz: Lana eta egunak lanean, urre, zilar, brontze eta burdinazko garaiak aipatzen dizkik poeta greziarrak, garai urrun batean urrezkoa zuan mundua, burdinazkoa bilakatu zela bere garairako. Leitzeari eskaintzen zaion denboraren kalitateaz ari zuan Atxaga!». Mutu jarraitu nuen, eta beste bat arte agurtu zitzaidan laguna.

Orain, ordea, telefono dei hartatik denbora batera, asmatuko nuke zer erantzun. Eman dizkiot buelta pare bat kapelari. Neronek, urrezko denbora baino gehiago, urezkoa dudala erantzungo nioke orain Armijori (edo Atxagari, edo Hesiodori), ura behatz artetik bezala ihes egiten didala denbora malapartatuak. Edo, metalen bat aipatzearren, ez urre, ez zilar, latorrizkoa dela esango nioke. Eta joan nahiko nukeela jatorrizkora, garai ez oso urrun batean nuen urrezko denbora hartara, zeinean liburuak eta ni neu adjektiborik gabeko maitale (salbai, ezti, kartsu, mozolo, huts) baikinen.

LITERATURZALEAK

Ekaina 22, 2009 | Egilea: kevinheredia

Obama-Chavez

Esaldi arrunta ematen zuen, baina eman dit zer pentsatua Maribelek joan den astean aipatu zuen zerbaitek. Zehazki, «gustatzen zait literatura segitzen duen jendea ezagutzea» esaldiak. Astea hitz horiei bueltaka, eta ez dut ondorio garbirik atera. Gauez, ohea menestra bat, begiak bildu ezin, garuneko xomorroren batek jaurtitzen zidan itauna. «Eta hiri, Heredia, gustatzen al zaik?». Eta ezin esan seguru baietz, baina ez jakin zergatik.

Gustatu, gustatu… Literaturazale gehienak bezala, setiatuta sentitu izan naiz batzuetan; libururik ukitzen ez dutenek setiatuta, esan nahi da. Nabarmena da letrajaleok gizartearen gutxiengo zabal bat osatzen dugula, horregatik elkartzen gara. Irakurle klubak, arratsaldeko kafearekin hasi eta hurrengo goizekoarekin bukatzen diren tertuliak… «Bai», erantzungo nuke aurreneko momentuan, «gustatzen zait literatura segitzen duen jendea ezagutzea, eta haiekin hitz egitea». Gainera, BERRIAn- zutabe hau hartu nuenetik, irakurle setiatu horietako bakoitzaren ordezkari sentitzen naiz (Irakurlearenak du izena zutabeak, ez alferrik).

Zerbaitek debekatzen dit, ordea, hain kategorikoa izatea. «Bai?» galdetzen diot neure buruari «gustatzen zaizkit literaturazaleak?». Eta uste dut badakidala non dagoen zalantza iturria: Azken aldian agintariak hartzen ari diren joeran. Modan jarri da kargua hartzean presidenteak poesia errezitatzea (Lopez); elkarri liburuak oparitzea (Chavezek Obamari); hauteskunde aurreko eguna Vargas Llosa irakurtzen pasatzea (Aznar). Eta ez zait gustatzen literaturazaleen Bilderberg klub hori.

Ni ikasketa gabeko garraiolaria naiz, eta aspaldi jabetu nintzen liburu zailenak irakurtzeko ere, aski dela ipurdi gogorra edukitzea, eserita orduak botatzeko. Ez dela behar ardura handiko lanik, unibertsitate titulurik, 120tik gorako adimen koefizienterik. Eta ingurukoei hori esaten saiatzen naiz: literaturak mundu guztiari balio diezaiokeela. Agintariek zer pentsatzen duten, ordea, beste errota bateko ura da.

Baina puntu horretara iritsita, neure buruari onartu diodanean ez naizela irakurle guztien ordezkari demokratikoa, badakit lo egiteko zailtasunak izaten jarraituko dudala. Ohea menestra bat izango da gaur gauean ere, eta begiak bildu gabe joango zait beste gau bat, garuneko xomorroren batek itaunarekin jarraituko duelako. «Eta hiri, Heredia, gustatzen al zaik?». Galdera ez baita literaturazaleak gustatzen zaizkidan ala ez. Galdera da, ea Maribel gustatzen zaidan. Eta hain kontu pribatuari, barkatuko didazue, ez diot zutabe honetan erantzun nahi.


Edukien lizentzia: Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5
hosting y dominios