Hotza? galdetu zidan Hotakainenek
Finlandiako literaturaz berri handirik iristen ez zaigun arren, autore ezohiko eta interesgarri bat ezagutzeko parada dugu orain. Kari Hotakainen du izena eta bere lanik entzutetsuena aurkeztu berri dute gurean, finlandiar literatura garaikidearen erakusgarri.
Kevin Heredia
Kari Hotakainen izena aipatu eta batek baino gehiagok okertuko du muturra, 1 Formulaz hitz egingo diogulakoan. Ezen Kimi Raikkonen, Mika Hakkinen edota Heikki Kovalainen pilotuen gisakoak eman dituen Finlandiak, zer besterik eman zezakeen? Eskiatzaileak, akaso. Izotz-hockeyko jokalari batzuk, agian. Eta suizida koadrila galanta, hori ziur (gogoratu, bestela, Arto Paasilinna Finlandiako idazle garrantzitsuenetakoaren Talde-suizidio gozoa nobela). Baina ez gaitezen gehiegi desbideratu, tartean-tartean idazle nabarmengarriak ematen dituen herrialdea baita Finlandia, eta esandakoaren adibide garbi dira Paasilinna eta Hotakainen bera. Berriki, Meettok etxeak gaztelaniara ekarri du Hotakainenen Juoksuhaudantie eleberria (Lubaki bidea euskaraz), gaur artean idazlearen lanik esanguratsuena dena.
100.000 aletik gorako salmentekin eta dozena bat hizkuntzetara egindako itzulpenekin, finlandiarraren literatur ibilbidean puntu eta aparte bat jarri zuen Lubaki bidea lanak. “Nire harridurarako”, mintzo da Hotakainen, “aurreko lanek lortu gabeko oihartzuna lortu zuen nobelak, aurretik 20 urte joan baitziren nola-halako isiltasunean”. 2002an argitaratu eta berehala hasi zen jendea Hotakainenen lan berria irakurtzen, akaso, gaur egungo finlandiarren ametsa hartzen duelako gai nagusitzat: etxebizitza propioa eskuratzea. Askok irakurri zuten eta askok komentatu zioten egileari ez zutela sekula familia bakarreko etxebizitzarik erosiko. “Horrek argi utzi zidan literaturak balio duela zerbaitetarako”. Hotakainenen hitzak dira.
UKABILKADA
Familia bakarreko etxebizitza eskuratzen saiatuko da Matti, Lubaki bidea liburuko protagonista nagusia. Eta ez hainbeste finlandiar gisa bere ametsa betetzeko: emaztea eta alaba berreskuratzeko modu bakarra delakoan baizik. Galdu egin ditu, biak ala biak, etxetik joan zaizkio, emazteari ukabilkada bat eman ondoren. Ukabilkada horren erruz egiten du gainezka familiaren bizikidetzak. Nobela zergatik hasten duen horrela galdetuta zera dio Hotakainenek: “fikzioari ekiteko baliabide bezala” planteatzen duela ukabilkada eta ez sekula protagonista biolentziaren alde edo kontra jartzeko. Horren harira, zera dio: “Suediako feministek psikopatatzat naukate; Finlandiarren ustean, aldiz, lehen lerroko idazle feminista omen naiz”.
Eleberria idatzi aurretik asmo handiak zituen idazleak, “bakardadeaz” hitz egin nahi zuen. Baina behin liburua argitaratu zenean bizitzaz beteriko liburua zela esan zuen jendeak, oso umoretsua eta irakurtzen atsegina, nahiz eta Hotakainenek horretarako asmorik ez agertu. Zentzu horretan, “irakurlea da literaturaren Jainkoa” finlandiarraren iritziz, “berak osatzen baitu autore batek irekitako bidea”. “Akaso Samuel Beckett eta Arto Paasilinnaren artean falta den katebegia naiz ni” esan du, irribarrea ezpainetan.
Liburuak izandako boom-aren zergatiez galdetuta, arrastorik ere ez duela dio Hotakainenek. Finlandiarrentzat egunerokoak diren hiru elementu aurki daitezke bertan, egia da: bakardadea, dibortzioa eta etxebizitza. Baina arrakastarako giltzari buruz ezer ez jakiteaz pozten da Hotakainen, “idazleak ez du arrakastaren formularik izan behar: arrakasta izan duen liburu bat argitaratu ondoren, formula berdina errepikatzeko tentazioa izan baitezake idazleak”. Bere kasuan, ordea, ez du bide hori hartu izan nahi, gerora idatzi dituen hiru liburuak Lubaki bidea lanarengandik erabat ezberdinak izan baitira.
Poesia idazten hasi zen, orain dela 25 bat urte, Hotakainen gaztea. Orain, ordea, nobelak egiten ditu, nahiz eta saiatzen den “poesia bertan islatzen”. Filma ere egin zuten nobela arrakastatsuaren ubera harrapatu nahian. Idazleak baina, ez zuen bertan parte hartu eta bukaera oso tragiko atera zitzaiela dio, bere gusturako. Liburuan pertsonaia ezberdinen ikuspuntua baliatu zuen, narratzaile ezberdinak erabili zituen narrazioak izan zezakeen balizko tragikotasun hori komedia bilakatzeko. Izan ere, komedia oso gauza serioez hitz egiteko erabil daiteke, “begiratu bestela Buster Keaton edota Charles Chaplinen pelikulak”. Eta badaki Hotakainenek zertaz ari den, Buster Keaton: elämä ja teot (Buster Keaton: bizitza eta obra) argitaratu baitzuen 1991n.
IZOTZAK ERRE EGITEN DU
Euskal literaturaren eta Finlandiako literaturaren artean egin daitezkeen konparazioak agerikoak dira. Biak ala biak hizkuntza gutxitu eta ez-indoeuroparretan idazten dira eta tradizio literario eskasa dute. Finesez idatzitako lehendabiziko nobela Aleksis Kivi-ren Seitsemän veljestä (Zazpi anaiak) da, 1870. urtean argitaratutakoa. Ezarian-ezarian, ordea, Finlandiako literatura gorpuzten joan da gaur egungo egoera aberatsera iristeraino. Izan ere, esan daiteke Finlandiako literatura loraldian dela gaur egun, idazle ugaritasunak eta herrialdeko irakurzaletasunak bultzaturik.
Aldeak ere, ordea, nabariak dira. Finlandiako literaturaren merkatu zuzena bost milioi ingurukoa da, eta euskaldunarena milioi erditik justu-justu pasatzen da. Gainera, arestian aipatu legez, Finlandian irakurketarako tradizio handia dago, neurri handi batean gobernuak kultura eta literaturaren aldeko apustu garbia egin izan duelako urte luzetan zehar, azken aldian apustu hau murrizten ari bada ere. Apustu honen baitan sartzen dira beka eta sari sistema indartsu bat eta baita pentsio artistikoak direlakoak ere, zeinetan idazleek denbora baterako sormen lanera dedikatzeko aukera izaten duten.
Loraldi honen erakusgarri da 1977. urtetik 2001. urteraino finesez idatzitako 4.000 liburu baino gehiago itzuli izana beste hizkuntzetara. Era berean, 2002. urteko datuen arabera, urte horretan gehien saldutako liburuak bertako literaturakoak izan ziren. Bertako autore irakurri eta arrakastatsuenen artean Kari Hotakainen dugu batez ere Juoksuhaudantie (Lubaki bidea) nobela argitaratu zuenetik 2002. urtean. Liburu honek sari garrantzitsuenak (Finlandia Prize eta Nordic Council’s Literature Prize) jaso zituen eta hizkuntza ugarietara itzulia izan da, baina tamalez, oraindik ez dugu euskaraz irakurtzerik. Baina Hotakainen idazle finlandiar saldo bateko ale bat baino ez da.
OINAK ELURRETAN
Eguzkia eta bere polikronia erabil litezke XXI. mendeko Findandiako literatura sinboloz adierazteko. Hotzean ere bero delako eta gertuko, hemengo eta hango delako, edonongo. Eta batez ere, eguneroko. Finlandian kultura idatzia eta irakurketa oso baloratuak izan baitira beti. Oso irakurzaleak dira, kontuan izanik konparazioan oinarritzen dela ezein balorazio. Finlandieraz duela 150 urte idatzi zen estreinakoz, eta idatzizko kulturarekin batera garatu zen sentimendu abertzalea.
Kalevala da Finlandiako literaturako lan nagusietako bat, finlandiarrek epopeia nazionaltzat onartu dutena. Elias Lönnrot idazleak 1835an eta 1849an idatziz eman zuen argitara ahozko tradizioan zabaldutako kondaira bilduma. Haurrentzat prestaturiko Kalevala-ren prosazko bertsioa arrakasta itzela izaten ari da azken urteotan.
Lur arruntetan jarriak ditu oinak Finlandiako literaturak: elurretan. Jende arruntaren historiak kontatzen dituzte hango idazleek. Pertsonaiek, jende arrunta izan arren, elokuentziaz adierazten dituzte beren pentsabideak. Hotakainenen lana dugu horren adibide garden. Idazkera aldetik, oro har ez dira lorategietan galtzen, izotza bezain transparentea nahiago dute. Horrek sarbidea errazten dio irakurleari, baita kriptiko fama duen lirikara sartzeko ere. Era berean, ezin da esan idazteko era berezitu bat dutenik, baina aipagarria da emakumeek idatzitako literaturak Finlandiakoan duen presentzia eta garrantzia.
Finlandian, ordea, ez da finlandieraz soilik egiten. Komunitate suediarra, esate baterako, nahiko hedatua dago. Aipatzeko modukoa da hortaz literatura finosuediarra, hots, Finlandian suedieraz argitaratzen den literatura. 300.000 irakurle inguru ditu literatura horrek, eta merkatuaren txikiak kalitatearen aldeko apustua indartzera behartu du.
Sami herriaren literaturaren kasuak, halaber, tamainak batzuetan garrantzirik ez duela erakusten digu. Izan ere, 25.000-30.000 lagun inguru mintzatzen da egun samieraz Finlandian, Norvegian, Suedian eta Errusian. Denak, noski, ez dira samieraz irakurtzeko gai. Hala eta guztiz ere, bizirik eta gutxienez liburu bat argitaratu duten 80 idazle inguru dago egun. Samiera XVII. mendean eman zuten idatziz lehen aldiz, baina azken 30 urteotan garatu da, batez ere. Lanen artean aipamen berezia merezi du Kirsti Palttoren Soagnu (Proposamena, 1971) eleberria. Bereziki da aipagarria, emakumeek sami literaturan duten indarraren erakusgarri delako.
BIBLIOGRAFIA:
Literatura finlandiarra
Kalevala (1849); Kalevala, Alianza Editorial, 2004.
-Juoksuhaudantie (2002), Camino de trincheras, Meettok, 2007.
-Lisakin kirkko (2004),
-Buster Keaton: elämä ja teot, 1991.
-Jäniksen vuosi (1975); El año de la liebre, Ediciones de la Torre, 2007
-Hurmaava joukkoitsemurha, (1990); Delicioso suicidio en grupo, Anagrama, 2006
-Hirtettyjen kettujen metsä (1983); El bosque de los zorros, Anagrama, 2005
-Tainaron, (1985).
Sirkka Turkka:
-Valaan vatsassa (Balearen sabelean, 1975)
Literatura finosuediarra
Marianne Backlén:
-Karma (2001)
Birgitta Boucht:
-Konservatons blick (Kontserbatzailearen begirada, 2002)
Sami literatura
Kirsti Paltto:
-Soagnu (Proposamena, 1971)

