‘Tom est mort’ afera: kukuak ez du jo

tomestmort.jpg
Iragan irailean salaketa potoloa egin zioten Marie Darrieussecq baionesaren azken nobelari: plagioa. Denik eta akusaziorik grabeena Camille Laurens idazle eta argitaletxekideak egin zion, “Marie Darrieusecq ou le syndrome du cou-cou” izeneko artikuluan. Urak, badirudi, bere bidea hartu du atzera.

Kevin Heredia

Ez da lehenengo aldia Marie Darrieusecqi “kopiati!” esaten diotena. Beno, egia esateko, “plagio” salaketa hutsik ez diote egin batere, antzeko esamoldeak erabili dituzte haren salatzaileek horretarako. Izan ere, Truismes (Ahardikeriak) bere lehen nobelaren arrakasta itzelaren ondoren, Fantasmen sorrera idatzi zuen, eta kargu hartu zion Marie NDiaye idazleak. Plagioa ez, baina “antzekotasun handiak, hurbiltzea eta fagozitazioa” egin izana egotzi zion. Salaketari aurre egin zioten Darrieusecqek eta haren editore Paul Otchatovsky-Laurensek. Afera inora ailegatu ez bazen ere, zalantzaren arrastoa utzi zuen Darrieusecqen gainean.

Bigarren salaketak, azkenak, entzutetsuenak, zentzugabe samarra izan arren zenbait gai planteatzeko balio izan du. Hasier Etxeberriak bere blogean dioenez, harreman estua dute idazle biek, eta Mariek azaldu zion Hasierri nola eztabaida “fikzioaren eskubidearen gaira desbideratu” zen. Darrieusecqek zera gaineratu zuen: Daphné du Maurier idazlea ere plagio egiteaz salatu zuten Rebecca eta beste hainbat istorio argitara eman zituenean. “Liburu batek arrakasta handia duenean, jende asko identifika daiteke harekin, baita eroak ere. Eta eroek uste dute beren historia irakurtzen ari direla, beren bizitza. Rebecca, pentsa: historia hori emakume guztiona da. Emakume guztiok gatoz gizon baten bizitzan txertatutako emakume batengandik, amagandik”.

La Revue Littéraire aldizkarian “Marie Darrieusecq ou le syndrome du cou-cou” izeneko artikulua argitaratu du Camille Laurens idazleak iragan irailean. “Plagio psikikoa” egin izana leporatu dio Darrieusecqi Laurensek, esanez lehenaren Tom est mort liburuan semea galdu duen amaren minaz idazten dela, bigarrenaren sentimenduei erreferentzia eginez. Izan ere, Camille Laurensek 1995an P.O.L. argitaletxearekin eman zuen argitara Philippe liburu autobiografikoa, jaio eta hamar ordura hil zitzaion semearen izenez bataiatu zuena. Darrieusecqek, lau urteko haurra galtzen duen amaren historia kontzatzen du Tom est mort liburuan, heriotzatik hamar urtera. Kontua zera da, argitaletxe berarekin lanean zebiltzala Laurens eta Darrieusecq: P.O.L. Eta editore berarekin: Paul Otchatovsky-Laurens.

EDITOREA ALDE

Hain zuzen ere, iragan abuztuaren 31n Le Monde-n plazaratutako artikulu batean (“Non, Marie Darrieusecq n’a pas ‘piraté’ Camille Laurens”) Darrieusecqen defentsan atera zen editorea, eta iragarri zuen Laurensi liburu gehiago ez diola editatuko. Editoreak argi dio: “Marie Darrieusecq nobelagilea da. Marie Darrieusecqek fikzioa hautatu du”. Defendatzen da, halaber: “Marie Darrieusecqen liburua irakurtzen ari nintzelarik une bakar batean Camille Laurens imitatzen ari zelako sentimena eduki izan banu, ez nukeen sekula argitara emango”. Philippe liburu “grabea” dela dio: “Justizia egiteko liburua, liburu mingarria eta, berdin pentsatzen jarraitzen dut, baita liburu handia ere. Era berean, pentsatzen dut Camille Laurens oraindik ez dela atera lekukotza hark eragin zion sufrimendutik”.

Marie Darrieusecqek Philippe irakurri du, Philippe maite du. Hori ez du sekula ezkutatu. Livre Hebdo aldizkarian iragan ekainaren 29an egindako elkarrizketan, hala esan zuen: “P.O.L. hautatzera eraman ninduten liburuetako bat da”. Eta etorriko zen polemikari aurrea hartuz bezala bota zuen honakoa: “Zalantzarik gabe, ume hil bati buruz idaztea transgresio handia da, baina tabuak baldin badauzkagu, ezin idatz dezakegu”. Otchatovsky-Laurensek gogorarazten duen bezala, Darrieusecqek ez du soilik Laurens irakurri: ezagutzen ditu halaber Emmanuel Bove, Françoise Dolto, Marguerite Duras, Laure Adler, Kazuo Ishiguro, Toni Morrison eta abar, eta abar.

ZILEGITASUNA

Truismes lehen liburuaz geroztik, Marie Darrieusecqen liburu guztiak ume hilez josiak daude. Halabeharrez ote, gai hutsa al da, edo Marieren gurutzea? Ez, Marie Darrieusecq, aurreko liburuetan bezala, bere historian oinarritu da istorio hori idazteko, pentsatu gabe inoiz bere burua justifikatu beharko zuela, kontu eman beharko zuela bere bizitza pribatuan den inspirazio batez”. Otchatovsky-Laurensek aurrera darrai: “Edozein idazlek bezala, nobelagile izan ala ez, Marie Darriesecqek ez dauka Camille Laurensek baino zilegitasun gutxiago ume hilez idazteko”. Harritua azaltzen da Laurensek harrotu hautsarekin. “Horrek esan nahi du nobelagile guztiek justifikatu beharko dutela beren esperientzia, pertsonaiei esperientzia horiek biziarazi aurretik? Norbait hil beharko du, hiltzaile bat taula gainera igoarazteko? (…) Camille Laurensek dio: ‘Tom est mort nire logelan idatzi dutenaren sentimena daukat’ eta ‘Marie Darrieusecqek nire etxera gonbidatu du bere burua’. Camille Laurensek dioena zera da: Marie Darrieusecqek ez dauka hori idazteko eskubiderik, ez duelako haurrik galdu. Bere minak, ez Marie Darrieusecqek, ez nik, ez inork bizi izan ez duenak, debekua emateko eskubidea emango balio bezala, berak bizi duenaz idazteko tenorean. Berak bizi duena? Bai, eta harekin batera beste hainbat eta hainbatek. Camille Laurensek nahastu egin ditu norbanakoarena edo partikularra, eta bakarra, hots, unibertsala.”Argi dago beraz, plagio salaketaren auzitan, fikziorako eskubidea gailendu dela eztabaidarako gai bezala. Ai, salaketek gurean bilakaera hori baleukate…

maricamille.jpg

Plagioa, erakargarri bezain etsigarri

Plagioaren gaia aldi berean erakargarria –sortzen duen morboarengatik- eta etsigarria da –plagioa egin izana leporatzen diotenarentzako-, baina garbi dago bere baitan literatur teoriako lehen mailako gaiak ezkutatzen direna.

Plagioaren ideia, agerikoa den legez, originaltasunarenarekin, eta bide batez, jeinuarenarekin hertsiki loturik dago. Originaltasuna, ezin da ongi konprenitu indibidualtasunaren nozio indartsua izan gabe, zeina soziologikoki burgesiaren goratzearekin eta literarioki erromantizismoarekin loturik baitago. Max Weberrek liburu famatu hartan -Etika protestantea eta kapitalismoaren izpiritua- dioen bezala, kapitalismoaren goratzea –eta burgesiarena- protestantismoak bultzatzen duen moral indibidualistaren bidez uler liteke. Ildo honetan, benetan argigarria da Daniel Dafoeren Robinson Crusoe nobela. Etika protestantearen apoteosi gisa uler daiteke nobela hau, eta ezein irakurle ernek ikus dezakeen modura, bertan norbanakoaren borondate eta lanaren apologia egiten da. Horregatik, norbanakoaren ideia indartsu hau gabe, zaila da ulertzen hala originaltasuna nola plagioa. Izan ere, jakina da errenazimendutik abiatzen den ziklo klasizistan gaur egun plagio dei geniezaiokeena prozedura onartu eta goraipatua zena. Humanistentzat literatur eredu behinena Grezia eta Erromako klasikoak ziren, eta euren gaiak zein idazkera jasotzea erudizioaren seinaletzat hartzen zen, eta ez zen harritzekoa, esate baterako, bertso-lerroak edota baliabide erretorikoak hitzez hitz “kopiatzea”. Nicolas Boileau-ren L’Art poétique ezaguna –klasizismoko poetika garrantzitsuena-, urrutira joan gabe, Boccacioren Ars poetica-ren plagioa da neurri handi batean, eta garaiko inori ez zitzaion otu ere egin horregatik obra hau gutxietsi behar zenik.

ATXAGA ETA ALONSO

Erromantizismoaz geroztik, ordea, originaltasuna artearen eta literaturaren balio handienetakoa bihurtu da, eta horregatik, plagioa egin daitekeen bekatu literario latzenetakoa da. Hala ere, ideia hau erlatibizatu denik bada. XX. mende hasieran, adibidez, T. S Eliot-ek Ingalaterrako poeta metafisikoak berreskuratzen dituenean, hauen prozedura literarioak hartzen ditu, tartean testuartekotasuna. Hau dela eta, aski arrunta da Elioten poesian erreferentzia mitologiko, kultural eta abarrekoekin topo egitea, horietako asko zuzenean beste testu batzuetatik jasotzen dituenak. Izatez, testuartekotasunak plagioaren kontzeptua ahultzen du apur bat, plagiatzaile iruzurgileen aitzakia erabilienetakoa izateaz gainera. Euskal literaturan, plagioaren kontuaren gainean gehien hausnartu duten idazleak Bernardo Atxaga eta Jon Alonso ditugu. Atxagak Obabakoak eta Groenlandiako Lezioa-ko zenbait testutan plagioaren defentsa egin zuen, sarritan gaizki ulertu izan dena, dena esan beharra dago, testuon tonu ironikoa aintzat hartu izan ez delako. Bestetik, Jon Alonsok 1995. urtean publikatu zuen Idiaren eraman handia saiakeran eskaini zituen gai honen inguruko bere ideia eta hausnarketak.

marie2.jpg

“Dolu diren ama guztiek akusa nazakete plagio psikologikoaz”

Ibiltaria dugu Marie Darrieussecq, gaur hemen eta bihar han dabilena. Erantzunak ez dira garaiz iritsi, baina prentsan esandakoetatik zenbait ekarri ditugu hona. Ez ote dira garrantzitsu protagonista nagusiaren hitzak?

Zergatik aukeratu gisa horretako sujeta?

Ez dut idaztegatik idatzi Tom est mort. Hildako haurrak maiz agertu izan dira nire lanetan. Gure amarengan pentsatu dut nik, dolu diren ama guztiengan, beren minean. Baina nire proiektua ez da izan gure familiaren historia kontatzea. Gurasoen maitasunaren berri eman nahi nuen, inolako atseginkeriarik gabe, ikaraz eginiko maitasunaren berri: guraso ororentzat da amesgaizto seme-alabaren heriotza.

Noiz irakurri zenuen Philippe?

Argitara berritan, 1995ean. Nik P.O.L. argitaletxearekin publikatzeko motiboetarik bat izan zen. Amari irakurrarazi nion eta gerturatu gintuen. Etxean gutxi hitz egiten genuen anaiaz: “ez nuen beste bat nahi, bera nahi nuen, bera”. Dolu diren amen garrasi unibertsala den hori, seme-alabaren hutsune bete ezina, bere egin nahi du Camille Laurensek, jabego pribatu. Mina, indibiduala denez, bakarra da, baina nobela batean unibertsal bilakatzen da.

Nola ulertzen duzu Camille Laurensen artikulua?

Aurretik ezagutzen ez nuen jeloskortasuna aurkitu dut artikulu herratsu horretan. Gertaerak gogorarazi nahiko nituzke hemen: Philippe kontakizun autobiografikoa da, Camille Laurensek semea mediku akats baten ondorioz jaioberritan hil ondorenean idatzi zuena. Tom est mort, aldiz, lau urteko haur baten heriotza akzidentala azaltzen duen fikziozko kontakizuna da. Dolu diren ama guztiek akusa nazakete plagio psikologikoaz!

zabaldubildudel.icio.us

”‘Tom est mort’ afera: kukuak ez du jo” istorioak 2 iruzkin ditu.

  1. TAPERWARE KOLEKTIBOA » Blog Archive » ‘Tom est mort’ afera: kukuak ez du jo-(r)en iritzia:

    […] Hemen eta hemen. […]

  2. malon-(r)en iritzia:

    Lan bikaina, bai jauna ¡

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5