Igandean zer?
Otsaila 25, 2008 | Egilea: kevinheredia
Omenaldi ttipia areto kronikari bati
“Maite ez ninduten bi emakume maite izan ditut nik eta, hala ere, ez nion nire zakur maiteenari lepoa moztu nahi izan. Ez zaizu iruditzen nire jarrera, kondesa, har daitekeen garbienetakoa?
Orain badakit zer den betirako agur esatea. Eguneroko besarkadak moluskuaren haize leuna du.
Nire maitasunaren azken besarkada hori hain izan zen perfektua, ezen jendeak isil-gordean itxi baitzituen balkoiak. Ez hitz eginarazi, kondesa. Gorputz erdia Iparraldeko elurretan duen emakume batekin nago maitemindua. Zakurren laguna den emakumea eta funtsean nire etsaia.
Ezin izan nuen sekula gustura musukatu. Argia itzaltzen zen. Edo whiski edalontzian urtzen zen bera. Ni garai hartan ez nintzen ginebra ingelesaren zale. Imajina ezazu, ene adiskidea, nire minaren nolakoa.
Gau batez, deabruak zikin-zikin egin zituen nire zapatak. Goizaldeko hirurak ziren. Bisturi bat nuen nik eztarrian gurutzatua eta emakumeak zetazko zapi luzea. Gezurra. Zaldi baten isatsa zen. Arrastan eraman behar ninduen zaldi ikusezinaren isatsa. Kondesa: ongi ari zara nire eskua estutzen.
Eztabaidan hasi ginen. Urratu bat egin nuen nire kopetan eta berak abildade handiarekin hautsi zuen bere masaileko kristala. Orduantxe besarkatu genuen elkar.
Gainontzekoa badakizu.
Urruneko orkestra dramatikoki borrokatzen zen inurri hegalarien kontra.
Madame Barthou-k erakargarri egiten zuen gaua bere Kairoko diamante eriekin, eta Olga Montcha-ren traje bioletak, gero eta nabariago, hildako tsarrarenganako maitasuna agertzen zuen.
Margarita Gross-ek eta Lola Cabeza de Vaca oso espainiarrak milatik gora olatu zenbatu zituzten inolako emaitzarik gabe.
Frantziar kostaldean kantuan hasi ziren marinelen hiltzaileak eta arrantzaleei gatza lapurtzen dietenak.
Kondesa: azken besarkada hark hiru aldi izan zituen eta modu miresgarrian iragan zen.
Ordutik, arrakasta handiz landutako literatura zaharra utzi nuen.
Beharrezkoa da dena apurtzea, dogmak araztu eta arauek dardara berri bat izan dezaten.
Beharrezkoa da elefanteak eper begiak izatea eta eperrak adarbakar apatxak.
Besarkada baten zioz entzun zen hau guztiau eta baita zetazko txalekoa zarrastatu didan maitasun handi honen motiboz.
Ez al duzu vals amerikarra entzuten? Vienan turroizko izozki gehiegi dago, intelektualismo gehiegi. Vals amerikarra perfektua da, Ontzigintza Eskola bat bezain. Nahi al duzu dantzatik zehar paseotxoa egin?
Hurrengo goizean X-ko kondesa hondartzan aurkitu zuten asentsiozko sardexka bat kokotean sartua zuela. Heriotza berehalakoa izango zen. Arean odolez zikindutako papertxo bat aurkitu zuten, zera zioena: “ezin zaitezkeenez uso bihurtu, ongi zaude zauden bezala: hilda”.
Poliziak dunak igo eta jaitsi ari dira, bizikletaz.
Ziurtatzen dute X kondesa ederra oso igeri egin zalea zela, eta horixe izan dela bere heriotzaren kausa.
Hala eta guztiz ere, bere hiltzaile liluragarriaren izena ez dela ezagutzen baiezta dezakegu.”
Federico García Lorca:
Pez, astro y gafas (Menoscuarto, 2007)
A María Xirgu
Antonio Torres Heredia,
hijo y nieto de Camborios,
con una vara de mimbre
va a Sevilla a ver los toros.
Moreno de verde luna,
anda despacio y garboso.
Sus empavonados bucles
le brillan entre los ojos.
A la mitad del camino
cortó limones redondos,
y los fue tirando al agua
hasta que la puso de oro.
Y a la mitad del camino,
bajo las ramas de un olmo,
guardia civil caminera
lo llevó codo con codo.
El día se va despacio,
la tarde colgada a un hombro,
dando una larga torera
sobre el mar y los arroyos.
Las aceitunas aguardan
la noche de Capricornio,
y una corta brisa, ecuestre,
salta los montes de plomo.
Antonio Torres Heredia,
hijo y nieto de Camborios,
viene sin vara de mimbre
entre los cinco tricornios.
-Antonio, ¿quién eres tú?
Si te llamaras Camborio,
hubieras hecho una fuente
de sangre con cinco chorros.
Ni tú eres hijo de nadie,
ni legítimo Camborio.
¡Se acabaron los gitanos
que iban por el monte solos!
Están los viejos cuchillos
tiritando bajo el polvo.
A las nueve de la noche
lo llevan al calabozo,
mientras los guardias civiles
beben limonada todos.
Ya las nueve de la noche
le cierran el calabozo,
mientras el cielo reluce
como la grupa de un potro.
Federico García Lorca
Romancero Gitano
‘Pez, astro y gafas’ izenez argitaratu dute berriki Federico García Lorcaren prosazko poesia. Narratiba txit laburra lantzeagatik ezagunegia ez zen arren, emaitza interesgarriak bildu ditu argitalpen berriak.
Amaren abizenez aipatuko dugu Federico García Lorca (1898-1936), hala baita ezagun. Sebastià Gasch lagunari bidalitako gutunean, 1928ko irailean, zera idatzi zuen Lorcak: “Hemen dituzu bi poemak. Nahi nuke zure atseginerako izatea. Nire modu espiritualista berriari erantzunez idatzi ditut, emozio huts gordinez, kontrol logikotik aske, baina erne! erne! logika poetiko zurrunez. Ez da surrealismoa, erne! kontzientzia erabatekoak argiztatzen ditu”.
Lorcak bezalaxe, garaiko hainbat idazlek ukatu edo minimizatu egin zuten surrealista zirena. André Bretonen idazketa automatikoak badu zerikusirik distantzia horrekin. Vicente Aleixandrek gerora aipatu zuenez, “aspektu horretan, inoiz izan al da inon benazko poeta surrealistarik?”.
Tradizioa modernitatearekin bat
Ezein ardo botiletan, eraikin publikoen inaugurazioetan eta antzeko iragarki hanpatuetan erabiltzen den esaldia da. Baina mintza gaitezen serio. Inoiz inork lortu baldin badu, tradizioa modernitatearekin lotzea alegia, nor hori Lorca da. Eta noiz, 1927an, Romancero gitano lanarekin. Latzak izan ziren Salvador Dalí eta Luis Buñuel adiskideek liburu hari eginiko kritikak. “Tradizionalista”, “konformista”, “faltsuki modernoa” etiketak ezarri zizkioten. Lorca zirikatu baino gehiago egin zuen erreakzio hark.
Oroit dezagun: Dalí eta Buñuel Un chien andalou filma egiten ari zirelarik, lagunengandik urruntzen ari zen Lorca, eta zakurra euliekin nola, hainbat irakurle miopek ezarri zioten “folklorista ijito” etiketarekin futitu egin zen poeta. Dalík eta neurri berean bere buruak ezarritako erronkei erantzun egin zien Lorcak. Gasch adiskideari bidalitako bi poemak honakoak dira: Nadadora sumergida (Igerilari urperatua) eta Suicidio en Alejandria. Biak ala biak argitaratu zituzten 1928ko irailaren 30ean, L’Ami de les arts aldizkarian.
Poema horiek prosan eman zituen Lorcak: “Egin ditudan lehenengoak dira. Jakina, prosan daude, jasan ezin duten lotura baita bertso-lerroarena. Baina horietan nabarituko duzu, bai, egungo ene bihotzaren samurtasuna”, esan zion Gaschi. Igerilari urperatua lanean irakur dezakegu: “Ordutik, arrakasta handiz landutako literatura zaharra utzi nuen. Beharrezkoa da dena apurtzea, dogmak araztu eta arauek dardara berri bat izan dezaten”. Suntsitzeak oinarrietara itzultzea dakar, dardara berri bat.
Iruditeria surrealistan, krudeltasunak badu toki berezirik. Dalik garai hartan defenditzen zuen ezaxolatasun morala estuki lotua dago Lorcaren hurrengo irudiekin: “bisturi bat nuen nik eztarrian gurutzatua”, “sardexka bat kokotean sartua”, Santa Lucia y San Lazaro ipuinean agertzen den “faxa batek erdibituriko gizona” eta “esku ebakia”. Ikusten al duzu? New Yorkerako bidean da poeta. Urpean, noski.
Pez, astro y gafas
Antologia zinez interesgarria argitaratu du berriki Espainiako Menoscuarto argitaletxeak: Pez, astro y gafas. Azpitituluan ezarri dute: “prosa narratibo laburra”. Erdiko hitz hori kendu, eta horren ordez “poetiko” jartzea egokiago litzateke akaso, narratibotik deus gutxi baitute testuok. Nolanahi ere, hitzaurre irakurgarriaz gain, ale bereziak topa ditzakegu liburuan, Lorcaren beraren ilustrazioz lagunduta: Santa Lucia y San Lazaro, Nadadora sumergida, Suicidio en Alejandria, El jardín de las toronjas de luna… arretaz eta atseginez irakurtzeko modukoak dira.
Iragan mendeko 20 eta 30 hamarkadetan prosa txit laburra asko landu zen, garaiko aldizkari literarioetan ikus daitekeen bezala. Autore batzuek liburuan argitaratu aurretik eman ezagutzera lanok aldizkarietan. Haietan neur zitekeelako uneko literaturaren pultsua, paper malguagoa baitu aldizkariak.
Abangoardiek izan zuten zerikusirik prosa laburraren berriztapenean. Generoen arteko mestizaia edo lausotze interesgarria egin zuten idazle askok. Horien artean, Lorcaren kasua paradigmatikoa da. Gutun batean aipatu zuen poetak El jardin de las toronjas de luna, prosan idatzitako poema. Garrantzitsua da ohar hau: “Gero ene (eta poeta guztien) etsai sekular biekin borrokan aritu naiz: Elokuentziarekin eta Sen Onarekin… borroka izugarria, Mio Ciden poeman bezala”. Lorcarentzat bezalaxe Dalirentzat eta Buñuelentzat , “poesia ez da lengoaia kontua soilik. Beste hitzetan, poesiaren lehengaia ez da ezinbestez hitzezko lengoaia”.
Hitz lauan bere testurik trasgresoreenak idazten ari zen bitartean, hitz neurtuan ere aritu zen Lorca. Odak egin zituen, zehazki. Izan ere, “aske” idazteko “hitz neurtuan ere” idatzi behar zuela uste zuen. Bietan jarrai, beraz. “Prosan idatzitako poemak” edo “poema prosaikoak” izeneko zakutan sartu nahi izan dituzte kritikariek ipuinok (barka, poemok). Argi dagoena zera da: borondate abangoardista argiz idatzi zituela.
Jokorako gogoa duzuenontzat, horratx Jose Maria Aguirreri ausaz lapurtutako lerro batzuk:
Neska-mutiko taldeak.- Artizarra zeruan
agertzen denean,
ipurtargia ere,
izar da lurrean
Jokoa honakoa da: segida eman behar zaio poemari, bakoitzak nahi duen bidetik.
P.S: Zuetako hiruk egiten baduzue, nik egingo dut laugarrena. Animo!
Ahozko poesia, bizitza bezalaxe, galkorra da. Berriki zendu diren bi poetak ederki zekiten hori; bata kataluniarra eta bestea frantsesa, baina biak ere ahozko poesiari emanak.
K.H.
Jordi Barba, Pope ezizenez, ez zen sobera ezaguna, ez zen poeta famatu horietarik bat. Akaso gehixeago ezagutuko zuten Bartzelonako zenbait auzotan, Gràcian edo Ravalen, horietan aritzen baitzen sarri asko poema errezitaldiak-eta muntatzen, poemak-eta errezitatzen. Orain hiru aste heriotza ekarri zion gaixotasun degeneratibo luze eta gogor horrek erabat ezindu zuen arte, bederen, aspaldi handian ez baitzen mugitzeko gauza ere. Pope gogoan dutenek nekez ahantziko dituzte, 80. hamarkadaren hasieran, haren errezitaldiak, nola aritzen zen arrastaka “Muermo” (Murmua) gisako poema gogoangarriak jaulkitzen zituen bitartean.
Garai hartan jendea kalean bizi zen. Katalanez egindako poesia tradizioa, edo ez zen ezagutzen, edo ez zen existitzen, nahiago duzuen bezala. Erreferenteak eskas ziren, frankismo garaitik askatu nahian zen gazte jendearentzat. Egoerak bultzatuta, beraz, norberak eraiki behar zuen norbere tradizio poetikoa, intuizio eta afinitate kolpez. Bartzelona aldean, hainbat proposamen poetikok ireki nahi izan zuten bidea, horien arten bik, nagusiki: lehenak, esperimentazio formal eta tematikoa zuen oinarritzat, errima baztertu eta kaleko hizkera erabiltzearen aldeko apustua eginez. Bigarrenak, poesia formalaren eskutik, metrika eta errimaren berreskurapena eta hizkera jasoa lehenetsi zuen. Bistan da: lehen bidea ibili zuen Jordi Popek.
Horri guztiorri, beste kontu bat gehitu zitzaion: ezer argitaratzeko aukeren eskasia. Besteen gailentzearen itzalean, giro periferikoan garatu ziren Pope eta enparauen proposamenok, eta ohikoak ez ziren bideetatik zabaldu behar izan zuten euren poesia lana, ohikoak ez ziren edizio bideetatik. Fantzineak izan ziren alde batetik, lau folio fotokopiatu, zuri-beltzean normalki. “Fotokopiaren etika eta estetika”, norbaitek bataiatu zuen bezala, marrazki, collage, eskuizkribu, mila eratara manipulaturikoak denak. Eta, beste alde batetik, errezitaldiak izan ziren, ugari, han-hemenka, koadrila potokoa osatzeraino: Pau Riba, Jesús Lizano, Eulàlia Framis, Oriol Tramvia, Jaume Sisterna edota Meritxell Sales. Egun, katalan poetarik estimatuenetako den Enric Casasses ere talde hartan ibili zen. Egun, errezitaldien izpiritua bizirik mantentzen duenetakoa dugu Casasses.
David Castillo poeta eta kazetariak, Jordi Pope baino hamar urte gazteagoa izanagatik ere soka berbera konpartitzen duenak, zera zioen, Pope beraren “Llibrot” poema bildumaren hitzaurrean: “errezitaldiek poesiaren kontzientzia berreskuratu dutela dirudien honetan, ameskeria gisa ulertu behar dugu baieztapen hori, poesiak, zorionez, katakonbetan jarraitzen baitu”. Eta inork ezagutu bazituen poesiaren katakonbak, hori, zalantzarik gabe, Jordi Pope izan zen, Castilloren hitzetan “sekula ezagutu zen sumendi poetikorik handiena”. “Poeta totala da” kazetariarentzat Pope, “zirikatzaile eta ikertzaile handia, poesia espresio bidetzat aukeratu duen jenio naturala; bere bidea ez da erraza izan: poesiaren marjinazioak, poesiaren marjinazioaren baitako marjinazioak, eta gaixotasunak ez dute sekula gerarazi”.
Enric Casassesek Poperen “Escrits” libururako idatzitako testua:
Popek ez zituen ezta lehen hezkuntzako ikasketak ere amaitu, dena etxean eta kalean ikasi du, ez bakarrik ikasi, jakin ere jakin baitu, aurretik zekienaz aparte.
Egun batez, hogeita hamar urte zituenean-edo, poetenean azaldu, ezker-eskuin begiratu eta hura zela berak hobekien zekiena egiten ohartu zen, eta horrela hasi zen punta fineko errotulagailu batekin idazten “inprobazio ankerrak / zeinengandik ezin baitugu begirik kendu”.
Ez literatoa, idazlea.
Ez idazlea, poeta.
Ez poeta, pertsona.
Ez pertsona, giza-masa.
Ez giza-masa, gure eguneroko mutante kontzientzian gure izate ororen mugetan baizik, gure amildegi eta gure galletak jaiotzazko (bere jaiotzazko) auzo txinoko kafesne izarrartekoan bustiak.
Arotza argiketaria, bere etxe guztiak teilatutik hasi ditu eta guztiak mantentzen dira tente: bizi gara.
Bizitzaren jendea bizi den auzoetan, papasseitek salbatu zituenetik ez zen horrelakorik papassatu …
Bere aitona ikazkina zen. Poema lapurrek, dantzari garaikideek eta beste zenbaitzuk (historialariek, tabernariek, eta abar.) gure sentimenaren gainean Popek duen maisutasuna onartzen dute, ukitzen ez duen tekla ukitzeko maisutasuna. Denek. Bere emazte guztiek maite dute eta euren artean ez dago liskar konponezinik.
POEMAK
zapata
Bide bihurrien
agonia pentsaezina,
dualtasun ospelen
forma perfektuak,
zapataren beltzaren
sakonean.
Zapata zapaltzen duen bidea.
Ispiluak
Esku urratzaileekin
zerurantz goratuak,
azkazalekin karena hausten dugu,
astroek erdituko dute,
ilargiak zilarra erdituko du,
ezpainen ukitze leunak
bere samurtasun garbia jasoko dugu,
buf arin batekin utziko dugu
ozeano bakoitzean
komuna bakoitzean
dirdai arina.
Edan ditzagun beraz ozeanoetako urak,
komunetakoak eta ispiluetakoak.
murmua
Ama ez utzi murmuak har nazan
begira murmua beltza eta itsusia dela oso
murmuan kaka egingo dut
begira murmua beltza eta itsusia dela oso
ezetz, ez diezazula kendu beltz guztia
begira murmua beltza eta itsusia dela oso…
jainkoak
Nola daude eginak?
metalez…
-gihartsua, bai zera-
metal herdoilduaz, berdatsa,
hainbeste denbora langabezian.
harriz…
-granitikoa, ez dut uste-
harriz urdaila garbitzen
uzten ez duten onddoekin.
aireaz,
-auraz, ez dut uste ezta ere-
aireaz guztion entzumenek
ekaitzari oihu egiten dietelako.
haragiz…
-lodia, haatik-
haragiz harrak ustelduratik
bizi direlako.
eta nola zaudete eginak?
burdinaz, antzinakoen metal nobleaz?
harriz, arma egina lehenengoa?
aireaz, aran eta mendiengatik?
haragiz, apaintzeko?
eta nik galdetzen dizuet:
nola zaudete eginak?
zerri haginez,
sinfonia adatsez,
dogma malefikoz
nola zaudete eginak… Jainkoak?
Amen
Poema Imposibilitat (jatorrizko bertsioa)
Azrat älv the tibatzie
On nagy sjo refleja o´ix
Stan gornji oumm sveta pulo
Peace ate jarri.
Black bre veleki after vomir
Encara selkä ling nez tunturi
Bab cuh chow elv järvi
Atura t´hsi mûll.
Amx hämada dake cayo
Ylataö onos côstor mayo
Im atrix namvú zemilja
Ile zambezi psäxtl.
Négoro muluc iñiquac motê
Cami pes ozaro kasar edotê
Ítz cash gawa felsö
Again maldito göl.
Epilogoa
Esnatzen naiz, zantzu gorenez erotuta, esentziak ohe gainean erantzuten dit, eta bere zuritasunak existitzen ez den materia berotzen du.
Jordi Pope, bibliografia:
1999. urtean Dolors Miquel eta Jordi Poperen liburu bana merkaturatu zituzten Edicions 62 eta Empùries argitaletxeek: Haikús del camioner eta Escrits, hurrenez hurren. Xabier Folch editoreak honela defendatu zuen erabakia: “Ahozkotasunaren poetak argitara ematea ez da erokeria, ezta ausardia ere, baizik zuzen jokatzea. Izan ere, jende honek asko balio du. Egia da, zirkuitu oso minoritarioetatik datoz, baina lana ona denean aitortu beharra dago, horregatik argitaratu ditugu”. Gurpilen gainean eserita azaldu zen aurkezpenera Pope, nabarmen gaixo, eta irribarre isilez entzun zituen bere poemak, lagunek errezitatuak.
Llibre del fred- Editorial Rsalvo, 1996
Abriga’t qu’estic sol, Editorial Aire, 1998
Atxuuús! Amén. Editorial La Cèl·lula, 1999
Escrits. Edicions 62- Empúries, 1999
Llibrot. Editorial Llibres del Segle, 2001
HENRI CHOPIN: HITZIK GABEKO AHOTS POETIKOA
Estudio esperimental bihurtzen zituen irrati estazio zaharrak, dela Parisen, dela Australian, dela Kanadan, dela Suedian. Mikrofonoak, anplifikadoreak, masterizadoreak, soinu nahasgailuak baliatuz giza ahotsaren aukera ezezagunak esploratu zituen. Ahotsaren baitarako bidaia zen, ahotsaren bestalderakoa, arnas poetikoaren muinerainokoa.
Bakana zen Henri Chopin. Zen, zendu egin baitzen iragan hilaren 13an. Bakana zen, eta etengabe egin zuen borroka, bere burua ezein korrontetan, ezein taldetan, ezein sailkapenetan sar ez zedin. Soinu Poesiaren eta Poesia Askearen aitatzat hartu izan da. Hala izendatzen zuen bere burua. 1967ean idatzi zuen Why I Am the Author of Sound Poetry and Free Poetry (Zergatik naizen Soinu Poesiaren eta Poesia Askearen aita). Testu hartan idatzi zuen honako hau: “Nik, pertsonalki, nahiago dut norberak bere xalotasunean sortzen duen kaosa eta desordena, eta ez norberak batere irizpiderik gabe erabiltzen duen Hitzaren ordena, beti legebiltzar baten, eliza baten, sozialismo baten alde, eta abar”.
Hitzaren kontra matxinatu zen Chopin: “Hitzak, egun, ez du ezertarako balio, ez bada dendariari esateko: emadazu libra bat dilista”. Areago: “Hitza minbizi bihurtzen da zabartu egiten denean, orotarako balio duten hitzak sortzeraino, orotarako zin egiteak eta hitz emateak, beteko ez direnak, bizitzari buruzko deskribapen eskolastikoak zein literarioak, mendeetan zehar eginak, bizitzeko denborarik batere uzten ez digutenak”.
Argi zuen berak: “Nahiago dut eguzkia, gauzalea naiz, ene zaraten eta soinuen zalea naiz, miresten dut gorputza den lantegi erraldoi eta konplexua, ukitzen duten ene begiraden zalea ere banaiz, ene belarri ikusleena, ene begi biltzaileena… Baina ez dut idazketaren bedeinkapenik behar. Nire bizitza ez du ulergarri den horrek gidatu behar. Ez dut heldu nahi egiazko hitza, beti engainatzen eta gezurtzen duena, zutik egon naiteke eta ez nau suntsituko Jaunak, bere burua paperean ezarri orduko ezabatu egiten den gezur horrek”.
Loturak:
*BERRIA-ko artikuluaren PDF-a (orri bat)
*Poperen poema bat, bere eskuz.
*Henri Chopinen zenbait lan.
*Why I Am The Author of Sound Poetry and Free Poetry. Henri Chopin, 1967
Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5