JORDI POPE ETA AHOZKO POESIA

Ahozko poesia, bizitza bezalaxe, galkorra da. Berriki zendu diren bi poetak ederki zekiten hori; bata kataluniarra eta bestea frantsesa, baina biak ere ahozko poesiari emanak.

pope2.jpg

K.H.

Jordi Barba, Pope ezizenez, ez zen sobera ezaguna, ez zen poeta famatu horietarik bat. Akaso gehixeago ezagutuko zuten Bartzelonako zenbait auzotan, Gràcian edo Ravalen, horietan aritzen baitzen sarri asko poema errezitaldiak-eta muntatzen, poemak-eta errezitatzen. Orain hiru aste heriotza ekarri zion gaixotasun degeneratibo luze eta gogor horrek erabat ezindu zuen arte, bederen, aspaldi handian ez baitzen mugitzeko gauza ere. Pope gogoan dutenek nekez ahantziko dituzte, 80. hamarkadaren hasieran, haren errezitaldiak, nola aritzen zen arrastaka “Muermo” (Murmua) gisako poema gogoangarriak jaulkitzen zituen bitartean.

Garai hartan jendea kalean bizi zen. Katalanez egindako poesia tradizioa, edo ez zen ezagutzen, edo ez zen existitzen, nahiago duzuen bezala. Erreferenteak eskas ziren, frankismo garaitik askatu nahian zen gazte jendearentzat. Egoerak bultzatuta, beraz, norberak eraiki behar zuen norbere tradizio poetikoa, intuizio eta afinitate kolpez. Bartzelona aldean, hainbat proposamen poetikok ireki nahi izan zuten bidea, horien arten bik, nagusiki: lehenak, esperimentazio formal eta tematikoa zuen oinarritzat, errima baztertu eta kaleko hizkera erabiltzearen aldeko apustua eginez. Bigarrenak, poesia formalaren eskutik, metrika eta errimaren berreskurapena eta hizkera jasoa lehenetsi zuen. Bistan da: lehen bidea ibili zuen Jordi Popek.

Horri guztiorri, beste kontu bat gehitu zitzaion: ezer argitaratzeko aukeren eskasia. Besteen gailentzearen itzalean, giro periferikoan garatu ziren Pope eta enparauen proposamenok, eta ohikoak ez ziren bideetatik zabaldu behar izan zuten euren poesia lana, ohikoak ez ziren edizio bideetatik. Fantzineak izan ziren alde batetik, lau folio fotokopiatu, zuri-beltzean normalki. “Fotokopiaren etika eta estetika”, norbaitek bataiatu zuen bezala, marrazki, collage, eskuizkribu, mila eratara manipulaturikoak denak. Eta, beste alde batetik, errezitaldiak izan ziren, ugari, han-hemenka, koadrila potokoa osatzeraino: Pau Riba, Jesús Lizano, Eulàlia Framis, Oriol Tramvia, Jaume Sisterna edota Meritxell Sales. Egun, katalan poetarik estimatuenetako den Enric Casasses ere talde hartan ibili zen. Egun, errezitaldien izpiritua bizirik mantentzen duenetakoa dugu Casasses.

David Castillo poeta eta kazetariak, Jordi Pope baino hamar urte gazteagoa izanagatik ere soka berbera konpartitzen duenak, zera zioen, Pope beraren “Llibrot” poema bildumaren hitzaurrean: “errezitaldiek poesiaren kontzientzia berreskuratu dutela dirudien honetan, ameskeria gisa ulertu behar dugu baieztapen hori, poesiak, zorionez, katakonbetan jarraitzen baitu”. Eta inork ezagutu bazituen poesiaren katakonbak, hori, zalantzarik gabe, Jordi Pope izan zen, Castilloren hitzetan “sekula ezagutu zen sumendi poetikorik handiena”. “Poeta totala da” kazetariarentzat Pope, “zirikatzaile eta ikertzaile handia, poesia espresio bidetzat aukeratu duen jenio naturala; bere bidea ez da erraza izan: poesiaren marjinazioak, poesiaren marjinazioaren baitako marjinazioak, eta gaixotasunak ez dute sekula gerarazi”.

casasses2.jpg

Enric Casassesek Poperen “Escrits” libururako idatzitako testua:

Popek ez zituen ezta lehen hezkuntzako ikasketak ere amaitu, dena etxean eta kalean ikasi du, ez bakarrik ikasi, jakin ere jakin baitu, aurretik zekienaz aparte.
Egun batez, hogeita hamar urte zituenean-edo, poetenean azaldu, ezker-eskuin begiratu eta hura zela berak hobekien zekiena egiten ohartu zen, eta horrela hasi zen punta fineko errotulagailu batekin idazten “inprobazio ankerrak / zeinengandik ezin baitugu begirik kendu”.
Ez literatoa, idazlea.
Ez idazlea, poeta.
Ez poeta, pertsona.
Ez pertsona, giza-masa.
Ez giza-masa, gure eguneroko mutante kontzientzian gure izate ororen mugetan baizik, gure amildegi eta gure galletak jaiotzazko (bere jaiotzazko) auzo txinoko kafesne izarrartekoan bustiak.
Arotza argiketaria, bere etxe guztiak teilatutik hasi ditu eta guztiak mantentzen dira tente: bizi gara.
Bizitzaren jendea bizi den auzoetan, papasseitek salbatu zituenetik ez zen horrelakorik papassatu …

Bere aitona ikazkina zen. Poema lapurrek, dantzari garaikideek eta beste zenbaitzuk (historialariek, tabernariek, eta abar.) gure sentimenaren gainean Popek duen maisutasuna onartzen dute, ukitzen ez duen tekla ukitzeko maisutasuna. Denek. Bere emazte guztiek maite dute eta euren artean ez dago liskar konponezinik.

POEMAK

zapata

Bide bihurrien
agonia pentsaezina,
dualtasun ospelen
forma perfektuak,
zapataren beltzaren
sakonean.

Zapata zapaltzen duen bidea.


Ispiluak

Esku urratzaileekin
zerurantz goratuak,
azkazalekin karena hausten dugu,
astroek erdituko dute,
ilargiak zilarra erdituko du,

ezpainen ukitze leunak
bere samurtasun garbia jasoko dugu,
buf arin batekin utziko dugu
ozeano bakoitzean
komuna bakoitzean
dirdai arina.

Edan ditzagun beraz ozeanoetako urak,
komunetakoak eta ispiluetakoak.


murmua

Ama ez utzi murmuak har nazan
begira murmua beltza eta itsusia dela oso
murmuan kaka egingo dut
begira murmua beltza eta itsusia dela oso
ezetz, ez diezazula kendu beltz guztia
begira murmua beltza eta itsusia dela oso…

jainkoak

Nola daude eginak?
metalez…
-gihartsua, bai zera-
metal herdoilduaz, berdatsa,
hainbeste denbora langabezian.

harriz…
-granitikoa, ez dut uste-
harriz urdaila garbitzen
uzten ez duten onddoekin.

aireaz,
-auraz, ez dut uste ezta ere-
aireaz guztion entzumenek
ekaitzari oihu egiten dietelako.

haragiz…
-lodia, haatik-
haragiz harrak ustelduratik
bizi direlako.

eta nola zaudete eginak?
burdinaz, antzinakoen metal nobleaz?
harriz, arma egina lehenengoa?
aireaz, aran eta mendiengatik?
haragiz, apaintzeko?

eta nik galdetzen dizuet:
nola zaudete eginak?
zerri haginez,
sinfonia adatsez,
dogma malefikoz
nola zaudete eginak… Jainkoak?
Amen


Poema Imposibilitat
(jatorrizko bertsioa)

Azrat älv the tibatzie
On nagy sjo refleja o´ix
Stan gornji oumm sveta pulo
Peace ate jarri.
Black bre veleki after vomir
Encara selkä ling nez tunturi
Bab cuh chow elv järvi
Atura t´hsi mûll.
Amx hämada dake cayo
Ylataö onos côstor mayo
Im atrix namvú zemilja
Ile zambezi psäxtl.
Négoro muluc iñiquac motê
Cami pes ozaro kasar edotê
Ítz cash gawa felsö
Again maldito göl.


Epilogoa

Esnatzen naiz, zantzu gorenez erotuta, esentziak ohe gainean erantzuten dit, eta bere zuritasunak existitzen ez den materia berotzen du.

Jordi Pope, bibliografia:

1999. urtean Dolors Miquel eta Jordi Poperen liburu bana merkaturatu zituzten Edicions 62 eta Empùries argitaletxeek: Haikús del camioner eta Escrits, hurrenez hurren. Xabier Folch editoreak honela defendatu zuen erabakia: “Ahozkotasunaren poetak argitara ematea ez da erokeria, ezta ausardia ere, baizik zuzen jokatzea. Izan ere, jende honek asko balio du. Egia da, zirkuitu oso minoritarioetatik datoz, baina lana ona denean aitortu beharra dago, horregatik argitaratu ditugu”. Gurpilen gainean eserita azaldu zen aurkezpenera Pope, nabarmen gaixo, eta irribarre isilez entzun zituen bere poemak, lagunek errezitatuak.

Llibre del fred- Editorial Rsalvo, 1996
Abriga’t qu’estic sol, Editorial Aire, 1998
Atxuuús! Amén. Editorial La Cèl·lula, 1999
Escrits. Edicions 62- Empúries, 1999
Llibrot. Editorial Llibres del Segle, 2001

chopin-ultra-eczema-flickr.jpg

HENRI CHOPIN: HITZIK GABEKO AHOTS POETIKOA

Estudio esperimental bihurtzen zituen irrati estazio zaharrak, dela Parisen, dela Australian, dela Kanadan, dela Suedian. Mikrofonoak, anplifikadoreak, masterizadoreak, soinu nahasgailuak baliatuz giza ahotsaren aukera ezezagunak esploratu zituen. Ahotsaren baitarako bidaia zen, ahotsaren bestalderakoa, arnas poetikoaren muinerainokoa.

Bakana zen Henri Chopin. Zen, zendu egin baitzen iragan hilaren 13an. Bakana zen, eta etengabe egin zuen borroka, bere burua ezein korrontetan, ezein taldetan, ezein sailkapenetan sar ez zedin. Soinu Poesiaren eta Poesia Askearen aitatzat hartu izan da. Hala izendatzen zuen bere burua. 1967ean idatzi zuen Why I Am the Author of Sound Poetry and Free Poetry (Zergatik naizen Soinu Poesiaren eta Poesia Askearen aita). Testu hartan idatzi zuen honako hau: “Nik, pertsonalki, nahiago dut norberak bere xalotasunean sortzen duen kaosa eta desordena, eta ez norberak batere irizpiderik gabe erabiltzen duen Hitzaren ordena, beti legebiltzar baten, eliza baten, sozialismo baten alde, eta abar”.

Hitzaren kontra matxinatu zen Chopin: “Hitzak, egun, ez du ezertarako balio, ez bada dendariari esateko: emadazu libra bat dilista”. Areago: “Hitza minbizi bihurtzen da zabartu egiten denean, orotarako balio duten hitzak sortzeraino, orotarako zin egiteak eta hitz emateak, beteko ez direnak, bizitzari buruzko deskribapen eskolastikoak zein literarioak, mendeetan zehar eginak, bizitzeko denborarik batere uzten ez digutenak”.

Argi zuen berak: “Nahiago dut eguzkia, gauzalea naiz, ene zaraten eta soinuen zalea naiz, miresten dut gorputza den lantegi erraldoi eta konplexua, ukitzen duten ene begiraden zalea ere banaiz, ene belarri ikusleena, ene begi biltzaileena… Baina ez dut idazketaren bedeinkapenik behar. Nire bizitza ez du ulergarri den horrek gidatu behar. Ez dut heldu nahi egiazko hitza, beti engainatzen eta gezurtzen duena, zutik egon naiteke eta ez nau suntsituko Jaunak, bere burua paperean ezarri orduko ezabatu egiten den gezur horrek”.

Loturak:

*BERRIA-ko artikuluaren PDF-a (orri bat)
*Poperen poema bat, bere eskuz.
*Henri Chopinen zenbait lan.
*Why I Am The Author of Sound Poetry and Free Poetry. Henri Chopin, 1967

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5