2008 Martxoa hilabeteko artxiboa

ELKARRIZKETA OLARRAREKIN (zati bat)

Martxoa 31, 2008 | Egilea: kevinheredia

“Nolabaiteko militantzia bada gurea. Akaso literaturaren aldeko apustu erradikal bat”

olarra.jpg
XABIER OLARRA, itzultzailea

Tolosar hirukotea Donostiako bazter-auzo bateko tabernan bildu da. Udazkena da, 1988koa. Alegia, duela 20 urte. Xabier Olarra, Joseba Urteaga eta Jose Manuel Gonzalez dira haien izenak. Asmo zoroa darabilte buruan: euskal argitaletxe bat sortzea. Baina ez nolanahikoa: mundu osoko literaturako obrarik esanguratsuenetako batzuk hautatu eta haien itzulpenak argitara emango dituena baizik. Soilik itzulpenak. Igela da bere izena.

kh

Has gaitezen hasieratik. Hiru tolosar Iruñeko kale nagusian, euskarara itzultzen duen igel batekin. Nola iritsi zineten egoera horretara?

Hasteko, garai hartan Nafarroako Gobernuan itzultzaile lanpostu bat nuenez, horrek ekarri zidan bizilekua Iruñera mugitu beharra. Horregatik sortu zen Iruñean. Joseba Urteaga eta biok irakasle ginenez, ikasleei irakurri arazi nahi genizkien liburuen aukera egitean, ikusten genuen euskaraz aukera gutxi zegoela. Pentsatu genuen badagoela makina bat liburu guk interes handiz irakurritakoak, eta horiek euskaraz egon behar zutela. Helburu praktiko horrekin sortu genuen: “nahi ditugun liburuak ez daudenez, eta inork euskaraz ematen ez dituenez, guk eman beharko ditugu”. Mundu zabaleko literatur lan garrantzitsu batzuk euskaraz irakurtzeko aukera egon dadin. Horrela pentsatuta oso helburu polita da, baina oso zaila da. Pentsatu genuen: urte batean 10 liburu ateratzen baditugu, 10 urtean 100. Helburu hori urruti gelditu zitzaigun, noski. Baina ohartu gara askoz gehiago inporta duela zer ateratzen duzun, zer jartzen duzun irakurlearen eskuetan.

Sail beltza eta Enigma izan ziren zabaldu zenituzten lehen sailak. Misterio beharrean al zen euskal irakurlegoa?

Bai, hori egitea beharrezkoa zen. Izan ere, irakurle dezente erakartzen ditu nobela beltzak. Bistan dago orain, eta baita orduan ere. Beste hizkuntzetan funtzionatu badu, gurean zergatik ez? Ni neu, esate baterako, hondartzan zaletu nintzen genero beltzeko liburuekin. Astero eskuratzen nuen ale bana, Bruguera argitaletxeak ateratzen zuen sailekoa. Gure argitaletxean ere, sail beltzak ibilbide normala izan duelakoan nago.

Igelak ez omen dizue jaten ematen. Nolanahi ere: ia 20 urte, 75 ale inguru… Gero esango dute euskal kulturgintzan ez dela jarduten militantziagatik.

Tira, bai. Militantzia klase asko dago, eta gurea ere bada, nolabaitekoa. Akaso literaturaren aldeko apustu erradikal bat, euskararekiko halako militantzia ere bada… Izan ere, ordu asko eta asko kendu dizkigu lanak, eta hori ezin da dirutan neurtu. Orduak bakarrik ez dizkigu kendu, dirua ere bai nahi baino gehiagotan.

Baina aspaldi esan nuen gure izena akronimo bat zela Irabazi Gutxi eta Lan Asko, eta kasu horretan “Irabazi Gutxi” esatea asko da eta “Lan Asko” esatea, berriz, gutxi.

gaur atzo bihar zen

Martxoa 29, 2008 | Egilea: kevinheredia

igelalogo.jpg

bigarren pista

IGANDERAKO LANAK

Martxoa 27, 2008 | Egilea: kevinheredia

igela.jpg

Bihar bigarren pista bat

HIRETZAT GOLI KERHAUTZEN DINAT

Martxoa 21, 2008 | Egilea: kevinheredia

mihi-orkidea.jpg

Garai batean hizkuntza bat bazen hemen. Ama, “batia” zen. Aita, “batoa”. Buruari “keroa” esaten zioten eta eskuari, “basta”. “Txipa nola dakazu?” galdetzen zuten izena ezagutzeko. “Masak eta barkitxuak panguan daoz”, ardiak eta arkumeak larrean zeudela aditzera emateko. “Nire kera zurearen palian dao, hemendik obetoao dikatuko duzu” esaldiak bataren etxea bestearenaren ondoan zegoela ohartarazi nahi zuen, handixe hobeto ikusiko zela. Hanka, “pindrua” zen. Zakila, “karina”; alua, “mintxa”; izena, “txipa”; etxea, “kera”; denda, “mertxa”; handia, “baroa”; txikia, “txinoa”; polita, “pukerra”; ona, “latosa”; ura, “pañia”; esnea, “xuta”; ardoa, “mola”; kaka, “fula”; zakurra, “txukela”; katua, “txitxaia”; lan egin, “kurratu”; eskatu, ”mangatu”; maitatu, “piratu”; edan, “piautu”; joan, “najel egin”; ikusi, “dikelatu”; egin, “kerau”. Mirandek berak utzi zuen idatzia: “Hiretzat goli kherautzen dinat/ erromeetako gazin mendroa/ ene muirako mandro londoa/ mol loloena ene khertsiman.// Hire dui ankhai baro, kaloek/ pekhautzen nine kamatze-jakaz/ phiria hautsiz erromenitzat/ letu hindudan latziaz geroz”. Eta guk ulertu ez zer esaten zuten, ikusi ere ez, seguru asko, esaten zuena. “Egaxuak” ginen gu. Garai batean hizkuntza bat bazen hemen.

Topagunean, Xirikan ateratako testua

“GUSTURA ITZULIKO NUKE OTTO PETTE”

Martxoa 18, 2008 | Egilea: kevinheredia

hiromi-yoshida.jpg

Yukio Mishimaren Gogo no eiko lana euskarara itzuli zuen 1994an, eta Arratsaldeko atoiuntzia izena eman zion. Tokion hasi zen euskaraz ikasten Hiromi Yoshida, eta ondoren, Lazkaoko barnetegi batean izan zen 10 hilabetez. Orain Tokion bizi da, eta urtean behin dator Euskal Herrira. Azpeitiko euskararen aditz laguntzailea tesia egina du, eta Azpeitiko euskara eta Azpeitiko euskararen aditz trinkoa masterra..

Kevin Heredia

Nolako esperientzia izan zen liburua euskaratzea? Nolako pozak eta buruko minak eman zizkizun?

Tira, esan beharra daukat Patxi Zubizarretaren laguntzarik gabe ezinezkoa izango zela Arratsaldeko atoiuntzia itzultzea. Gramatika aldetik ez zegoen arazo handirik, baina literaturari zegokionez, ezinbestekoa egin zitzaidan Patxiren laguntza. Liburua itzulita, seguraski berak izan zuen pozik handiena, kar-kar.

Hizki japoniarrek badute funtzio estetiko bat, gure idazkeran askoz apalagoa dena. Itzultzean, nola orekatzen da hori?

Zeinuak bere esanahiagatik aukeratzen ditugu normalean, eta beste batzuetan, estetika ere garrantzitsua da. Yukio Mishimaren kasuan, uste dut esanahiagatik hautatzen zituela, itxuragatik baino gehiago. Oso hitz dotoreak erabiltzen zituen.

Gaur egun, zer irakurtzen dute japoniarrek? Zer estimatzen dute hango irakurleek?

Literaturari dagokionez, fikzioa oro har, eta nobelak zehazki, asko irakurtzen dira Japonian. Nobela poliziakoek, esate baterako, arrakasta handia daukate. Ni ere zalea naiz. Genero hori lantzen duen idazle asko dago, eta itzulpenak ere ugariak dira.

Itzultzaile zarenez, zer itzuliko zenuke hemendik hara? Eta handik hona?

Euskaraz ikasi nuenean beti pentsatzen nuen ederra izango zela Bernardo Atxagaren “Obabakoak” eta “Behi euskaldun baten memoriak” itzultzea. Lehenengoaren itzulpena badago japonieraz, baina gazteleratik egina. Bestalde, gustura itzuliko nuke Anjel Lertxundiren “Otto Pette”. Baina hasi aurretik problema handia dago: “tt” ahozkera japonesezko ortografiarekin nola adierazi. Buruhauste bat da niretzat hori, hasteko.

Japonieratik, berriz, badira bi liburu beti ditudanak gogoan. Bata poliziakoa da, Lautrec-so (euskaraz, “Lautrec-enea”),Yasutaka Tsutsui idazlearena. Itxuraz, ohiko nobela poliziakoa edo misteriokoa da, baina irakurlearentzat badu tranparik. Besteak, berriz, Futari no Iida du izenburua (euskaraz, “Bi Iida”), eta egilea, Miyoko Matsutani. Hiroshiman gertatzen den fantasia liburua da, gaztetxoentzat nahiz helduentzat egokia. Dena den, ni hizkuntzalaria naiz, ez itzultzailea. Ezer itzultzekotan, euskaldunekin elkarlanean izango litzateke. Eta hala ere, irreal samarra egiten zait orain.

ZENBAIT IDAZLE JAPONIAR

Martxoa 17, 2008 | Egilea: kevinheredia

murakami.jpg

HARUKI MURAKAMI (Kioto, 1949)

Egungo modazko idazle japoniarra, 1987. urtean Norwegian Wood liburua argitaratu eta egundoko arrakasta izan zuen bere herrialdean. Ordutik, ezarian-ezarian, munduko beste bazterretara hedatzen joan da bere ospea. Nobela honetan, Toru Watanaberen gaztaroa kontatzen du, bi emakume –Naoko eta Midori- eta Watanaberen artean osatutako maitasun istorioa. Bere liburuetan kapitalismoak Japonian, eta bereziki bertakoen giza-harremanetan izandako eragina aski ongi islatzen da; bakardadea, nostalgia edo hutsune existentziala, Murakamiren pertsonaietan maiz agertzen diren ezaugarriak dira. Mendebaldeko prosagile garaikide onenetan hezitakoa –Scott Fitzgerald, Carver eta Salinger itzuli ditu, besteak beste-, bere lanetan halako ukitu gainatural eta magikoak sumatzen ahal dira, tradizio japoniarraren eraginari egozten zaizkionak. Nobel sarirako hautagaien artean kokatu ohi da azken urteetan.

yoshimoto.jpg

BANANA YOSHIMOTO (Tokio, 1964)

Banana izena izan arren, emakumezkoa dugu Yoshimoto anderea, Japoniatik at ezagun egin den gutxietarikoa. Ponteko izenez Mahoko, Takaaki Yoshimoto filosofo eta poeta entzutetsuaren alaba da Banana, eta japoniar idazle belaunaldi berriaren adierazle nagusi: lehen pertsonan idatzi zaleak, poetikoagoa da Yoshimotoren idazkera, eta sarri askotan gai txit xinpleak landu arren, tonu zuzen eta intentsua baliatzen du bere literatur lanetan xinpletasun engainagarri hori lortzeko. Kitchen (1988) nobela izango da, seguruenik, idazlearen libururik ezagun, saldu eta irakurriena. Badaude frantsesezko (Gallimard) eta gaztelerazko (Tusquets) edizio bana. Amona hiltzen zaionean, bakar-bakarrik geratzen da Mikage gaztea, sukaldeko zuloan (“hozkailua da lo egiteko lekurik onena” aitortuko du). Egunen batean baina, ateko aldaba jotzen dio Yuikik, eta etxera gonbidatzen du Mikage, ama ezohiko batekin bizitzera.

mishima.jpg

YUKIO MISHIMA (Tokio, 1925-1970)

Obra literarioagatik zein biografia kitzikagarriagatik da mendebaldean ezagun Yukio Mishima. Akaso jende gehiagok ezagutuko du haren akabera, ezein libururen idazpurua baino. Eta bai, deigarria da “seppuku” errituala eginez bere buruari eman zion azkena, mespretxatzen zuen mendebaldeko demokraziaren aurkako keinu gisa. Hil baino lehen Ugalkortasunaren itsasoa bere azken liburua editorearen esku utzi zuen, aurretik utzi zituen bezala Maskara baten aitorpena (1948) edota Zaldi eroak (1964). Eta horiek ere deigarri dira, zalantza gutxi. Euskaraz badugu Mishimaren berri: Hiromi Yoshida japoniarrak Arratsaldeko atoiuntzia itzuli zuen 1994an Literatura Unibertsalaren bildumarako. Oraino irakurri ez duenari, esan, Noboru mutiko gaztearen ama alarguna Ryuji izeneko marinelarekin maitemintzen dela bertan. Hastapenean heroi irudituko bazaio ere, emeki-emeki, marinela heroi izaeraz erantziko dela.

oe.jpg

KENZABURO OE (Uchiko, 1935)

Gure zibilizazio maite honetan arrakasta itzela duen beste idazle japoniar bat Kenzaburo Oe da. Itzulpenak barra-barra, irakurleak ere, suposatzen da, tropelka, eta Oe jauna Japoniako literaturaren abangoardia eztabaidaezin. Titulu asko eta asko ditu itzuliak gaztelerara (Anagrama eta Seix Barral etxeekin), bai eta frantsesera ere (Gallimardek, adibidez), baina euskaraz ez dugu gaur egunean bere lana ezagutzeko paradarik. Errotik moztu, umeei tiroa eman (1958) eta Arazo pertsonala (1964) dira Oeren bi liburu ezagunenetakoak, baina ezin ditugu ahantzi, aldez edo moldez, seme eria oinarritzat duten liburu andana ere: Oihu isila (1967), Erakutsi gure eromena moteltzen (1969) edota Esnatu, Oi Aro Berriko gazteak! (1983). Mendebalzale izatea egotziko diote batzuek, saltzeko idaztea besteek, baina haren obra irakurtzen duenak izan beza azken hitza. Nobel saria eman zioten 1994an.

tanizaki.jpg

JUNICHIRO TANIZAKI (Tokio, 1896-1965)

Iaz, Kirmen Uribek zutabe bat eskaini zion Junichiro Tanizakiri (erratuta-edo Ishiguro deitu bazion ere). Haren Itzalaren laudorioa saiakera liburuari, zehazki. Saiakera horretan Tanizakik azaldu zuen Japoniako etxe zaharrak ilunak zirela, itzalez beteak, argirik gabe ohitzen zirela biztanleak, ezin zela ulertu Japoniako dekorazio tradizionala itzalik gabe. Uribek idatzi zuenez, “Tanizakik emazteari aitortza hauxe egin zion gorde-gordean: idatzi zuela itzalei buruzko liburua eta hark egin zuela famako, baina benetan berak ezin izango zuela bizi halako etxe batean. Antzinako etxe ilunak baino nahiago zituela mendebaldeko etxeak, argiz beteta eta leihoak zabal-zabalik”. Haren liburu ezagunen artean daude, Ero baten amodioa (1925), Makioka ahizpak (1943), Shigemoto kapitainaren ama (1949) edota Giltza (1965). Japoniako nobela garaikidearen harri nagusitzat dute askok.

EGUZKIA ASPALDI JAIO ZEN

Martxoa 16, 2008 | Egilea: kevinheredia

antimperio.jpg

Tradizio handia izan arren, Japoniako literaturak duela 40 urte jaso zuen lehen aldiz Nobel saria, Yasunari Kawabataren eskutik. Gurean, idazle japoniarren eragina eta ezagutza haziz doa egunez egun.

Kevin Heredia

“Gizakiaren, naturaren eta hutsaren artean harmonia bilatzea da ene lanaren helburua”, idatzi zuen inoiz Yasunari Kawabatak (1899-1972), Literaturako Nobel saria jaso zuen lehen japoniarrak. Harmoniaren bilatze hori 1972ko apirilaren 16an bukatu zuen, airearen ordez sukaldeko gasa arnastu eta hil egin zenean. Suizidiotzat jo zuten gehienek Kawabataren heriotza, baina batzuek (bere emazteak barne), zalantza egin zuten: istripua ere izan zitekeen. Nolanahi ere, ordurako oso gaixorik zen Kawabata.

Bere aita, psikiatra ospetsua, tuberkulosiak jota hil zen Yasunarik bi urte zituelarik. 14 urte bete bitartean galdu zituen hurbileko senide guztiak: ama, amona, arreba, aitona. “Etxerik eta familiarik gabeko haurra” izan zela idatzi zuen behin Kawabatak. Bere esanetan, oso goiz ikasi zuen “sustraigabea” izaten. Bakardadea ezagutzera behartuta, arte gisa landu zuen bere buruarekiko harremana. Zinegilea izan zen gaztetan, irakurle porrokatua beti. Muzinik ez zien egiten klasikoei, ezta abangoardia europarrei ere.

japoniako-literatura.jpg

‘Japonia ederra, bere ni’

Ikasketa akademikoak amaitzearekin batera, literatur mugimendu berri batean aritu zen: Shinkakaku-ha ziren, “neosentsazionistak”. Garai hartan Japonian boladan eta indarrean zegoen errealismo sozialaren ordez, inpresionismoa eta lirismoa lantzea nahiago zuten neosensazionistek. Haiekin sortu zuen Kawabatak Bundei Jidai (Aro Artistikoa) aldizkaria. Hantxe eman zuen argitara Izu no odoriko (Izu-ko dantzaria), bere lehen kontakizun laburra.

Bakardadea, heriotzaren aurreko larritasuna, edertasunaren bilatze etengabea, emakumeen psikologiara hurbiltzeko saiakera, horiek izan ziren Kawabataren errotarria mugitu zuten urak. Bere idazkeraren xaloak eta fineziak, sinboloz eta lirismoz beterik, ezagun egin dute mundu osoko irakurleen artean. 1968. urtean, Nobel saria jaso zuenean, Utsukushii Nihon no watashi (Japonia ederra, bere ni) izeneko hitzaldia eman zuen. Lau urte geroago, gasak eraman zuen.

kawabata.jpg

‘Loti ederrak’

Euskaraz badugu Kawabata irakurtzeko aukera, eta ohorea. Liburu bakarra da, baina ez nolanahikoa: Nemureru bijô du jatorrizko izena, eta euskarazkoa Loti ederrak. “Japoniar literatura euskaratzeak euskal itzulpengintzaren gabezien aurrez aurre jartzen du itzultzailea, onenak emateko desafioa botatzen dio: ez haiz bahaiz”. Hala idatzi zuen Karlos del Olmok. Eta gogorarazi: “Kawabatak berak erabili zituen mintzagai itzulpengintzaren ezinak eta nekeak Edertasuna eta tristura lanean”.

Goizalde Landabasok, bere aldetik, honakoa esan zuen Loti ederrak liburuaz: “Ibon Uribarrik euskaratu du, eta egindako lana txalotu behar da. Euskaratu baino gehiago egin duela esango nuke, Japoniaratu gaitu”. Eta ez da harritzekoa, egundoko lana egin baitzuen Uribarrik Kawabataren irudi eta usainak, xehe-xehe, euskarara ekartzeko.

PDF orri bat

Igandean, laster

Martxoa 13, 2008 | Egilea: kevinheredia

yukio-mishima.jpg

Hau ez bada literatura…

Martxoa 9, 2008 | Egilea: kevinheredia

a-adult-mad-hatter-hat.jpg

Bipolarizazio basatiaren
eragin negatiboak
jasan arren,
EAJk jakin izan du
tamainan aritzen

Josu Erkoreka, berriak dioenez.

DEMBORAREN CONDAIRA

Martxoa 6, 2008 | Egilea: kevinheredia

Omenaldi ttipi bat: T.S. Eliot, Gabriel Aresti, Lorca, Camaron.

Musika: Delorean (Shibuya crossing)


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5