EGUZKIA ASPALDI JAIO ZEN
Tradizio handia izan arren, Japoniako literaturak duela 40 urte jaso zuen lehen aldiz Nobel saria, Yasunari Kawabataren eskutik. Gurean, idazle japoniarren eragina eta ezagutza haziz doa egunez egun.
Kevin Heredia
“Gizakiaren, naturaren eta hutsaren artean harmonia bilatzea da ene lanaren helburua”, idatzi zuen inoiz Yasunari Kawabatak (1899-1972), Literaturako Nobel saria jaso zuen lehen japoniarrak. Harmoniaren bilatze hori 1972ko apirilaren 16an bukatu zuen, airearen ordez sukaldeko gasa arnastu eta hil egin zenean. Suizidiotzat jo zuten gehienek Kawabataren heriotza, baina batzuek (bere emazteak barne), zalantza egin zuten: istripua ere izan zitekeen. Nolanahi ere, ordurako oso gaixorik zen Kawabata.
Bere aita, psikiatra ospetsua, tuberkulosiak jota hil zen Yasunarik bi urte zituelarik. 14 urte bete bitartean galdu zituen hurbileko senide guztiak: ama, amona, arreba, aitona. “Etxerik eta familiarik gabeko haurra” izan zela idatzi zuen behin Kawabatak. Bere esanetan, oso goiz ikasi zuen “sustraigabea” izaten. Bakardadea ezagutzera behartuta, arte gisa landu zuen bere buruarekiko harremana. Zinegilea izan zen gaztetan, irakurle porrokatua beti. Muzinik ez zien egiten klasikoei, ezta abangoardia europarrei ere.
‘Japonia ederra, bere ni’
Ikasketa akademikoak amaitzearekin batera, literatur mugimendu berri batean aritu zen: Shinkakaku-ha ziren, “neosentsazionistak”. Garai hartan Japonian boladan eta indarrean zegoen errealismo sozialaren ordez, inpresionismoa eta lirismoa lantzea nahiago zuten neosensazionistek. Haiekin sortu zuen Kawabatak Bundei Jidai (Aro Artistikoa) aldizkaria. Hantxe eman zuen argitara Izu no odoriko (Izu-ko dantzaria), bere lehen kontakizun laburra.
Bakardadea, heriotzaren aurreko larritasuna, edertasunaren bilatze etengabea, emakumeen psikologiara hurbiltzeko saiakera, horiek izan ziren Kawabataren errotarria mugitu zuten urak. Bere idazkeraren xaloak eta fineziak, sinboloz eta lirismoz beterik, ezagun egin dute mundu osoko irakurleen artean. 1968. urtean, Nobel saria jaso zuenean, Utsukushii Nihon no watashi (Japonia ederra, bere ni) izeneko hitzaldia eman zuen. Lau urte geroago, gasak eraman zuen.
‘Loti ederrak’
Euskaraz badugu Kawabata irakurtzeko aukera, eta ohorea. Liburu bakarra da, baina ez nolanahikoa: Nemureru bijô du jatorrizko izena, eta euskarazkoa Loti ederrak. “Japoniar literatura euskaratzeak euskal itzulpengintzaren gabezien aurrez aurre jartzen du itzultzailea, onenak emateko desafioa botatzen dio: ez haiz bahaiz”. Hala idatzi zuen Karlos del Olmok. Eta gogorarazi: “Kawabatak berak erabili zituen mintzagai itzulpengintzaren ezinak eta nekeak Edertasuna eta tristura lanean”.
Goizalde Landabasok, bere aldetik, honakoa esan zuen Loti ederrak liburuaz: “Ibon Uribarrik euskaratu du, eta egindako lana txalotu behar da. Euskaratu baino gehiago egin duela esango nuke, Japoniaratu gaitu”. Eta ez da harritzekoa, egundoko lana egin baitzuen Uribarrik Kawabataren irudi eta usainak, xehe-xehe, euskarara ekartzeko.


