ZENBAIT IDAZLE JAPONIAR

murakami.jpg

HARUKI MURAKAMI (Kioto, 1949)

Egungo modazko idazle japoniarra, 1987. urtean Norwegian Wood liburua argitaratu eta egundoko arrakasta izan zuen bere herrialdean. Ordutik, ezarian-ezarian, munduko beste bazterretara hedatzen joan da bere ospea. Nobela honetan, Toru Watanaberen gaztaroa kontatzen du, bi emakume –Naoko eta Midori- eta Watanaberen artean osatutako maitasun istorioa. Bere liburuetan kapitalismoak Japonian, eta bereziki bertakoen giza-harremanetan izandako eragina aski ongi islatzen da; bakardadea, nostalgia edo hutsune existentziala, Murakamiren pertsonaietan maiz agertzen diren ezaugarriak dira. Mendebaldeko prosagile garaikide onenetan hezitakoa –Scott Fitzgerald, Carver eta Salinger itzuli ditu, besteak beste-, bere lanetan halako ukitu gainatural eta magikoak sumatzen ahal dira, tradizio japoniarraren eraginari egozten zaizkionak. Nobel sarirako hautagaien artean kokatu ohi da azken urteetan.

yoshimoto.jpg

BANANA YOSHIMOTO (Tokio, 1964)

Banana izena izan arren, emakumezkoa dugu Yoshimoto anderea, Japoniatik at ezagun egin den gutxietarikoa. Ponteko izenez Mahoko, Takaaki Yoshimoto filosofo eta poeta entzutetsuaren alaba da Banana, eta japoniar idazle belaunaldi berriaren adierazle nagusi: lehen pertsonan idatzi zaleak, poetikoagoa da Yoshimotoren idazkera, eta sarri askotan gai txit xinpleak landu arren, tonu zuzen eta intentsua baliatzen du bere literatur lanetan xinpletasun engainagarri hori lortzeko. Kitchen (1988) nobela izango da, seguruenik, idazlearen libururik ezagun, saldu eta irakurriena. Badaude frantsesezko (Gallimard) eta gaztelerazko (Tusquets) edizio bana. Amona hiltzen zaionean, bakar-bakarrik geratzen da Mikage gaztea, sukaldeko zuloan (“hozkailua da lo egiteko lekurik onena” aitortuko du). Egunen batean baina, ateko aldaba jotzen dio Yuikik, eta etxera gonbidatzen du Mikage, ama ezohiko batekin bizitzera.

mishima.jpg

YUKIO MISHIMA (Tokio, 1925-1970)

Obra literarioagatik zein biografia kitzikagarriagatik da mendebaldean ezagun Yukio Mishima. Akaso jende gehiagok ezagutuko du haren akabera, ezein libururen idazpurua baino. Eta bai, deigarria da “seppuku” errituala eginez bere buruari eman zion azkena, mespretxatzen zuen mendebaldeko demokraziaren aurkako keinu gisa. Hil baino lehen Ugalkortasunaren itsasoa bere azken liburua editorearen esku utzi zuen, aurretik utzi zituen bezala Maskara baten aitorpena (1948) edota Zaldi eroak (1964). Eta horiek ere deigarri dira, zalantza gutxi. Euskaraz badugu Mishimaren berri: Hiromi Yoshida japoniarrak Arratsaldeko atoiuntzia itzuli zuen 1994an Literatura Unibertsalaren bildumarako. Oraino irakurri ez duenari, esan, Noboru mutiko gaztearen ama alarguna Ryuji izeneko marinelarekin maitemintzen dela bertan. Hastapenean heroi irudituko bazaio ere, emeki-emeki, marinela heroi izaeraz erantziko dela.

oe.jpg

KENZABURO OE (Uchiko, 1935)

Gure zibilizazio maite honetan arrakasta itzela duen beste idazle japoniar bat Kenzaburo Oe da. Itzulpenak barra-barra, irakurleak ere, suposatzen da, tropelka, eta Oe jauna Japoniako literaturaren abangoardia eztabaidaezin. Titulu asko eta asko ditu itzuliak gaztelerara (Anagrama eta Seix Barral etxeekin), bai eta frantsesera ere (Gallimardek, adibidez), baina euskaraz ez dugu gaur egunean bere lana ezagutzeko paradarik. Errotik moztu, umeei tiroa eman (1958) eta Arazo pertsonala (1964) dira Oeren bi liburu ezagunenetakoak, baina ezin ditugu ahantzi, aldez edo moldez, seme eria oinarritzat duten liburu andana ere: Oihu isila (1967), Erakutsi gure eromena moteltzen (1969) edota Esnatu, Oi Aro Berriko gazteak! (1983). Mendebalzale izatea egotziko diote batzuek, saltzeko idaztea besteek, baina haren obra irakurtzen duenak izan beza azken hitza. Nobel saria eman zioten 1994an.

tanizaki.jpg

JUNICHIRO TANIZAKI (Tokio, 1896-1965)

Iaz, Kirmen Uribek zutabe bat eskaini zion Junichiro Tanizakiri (erratuta-edo Ishiguro deitu bazion ere). Haren Itzalaren laudorioa saiakera liburuari, zehazki. Saiakera horretan Tanizakik azaldu zuen Japoniako etxe zaharrak ilunak zirela, itzalez beteak, argirik gabe ohitzen zirela biztanleak, ezin zela ulertu Japoniako dekorazio tradizionala itzalik gabe. Uribek idatzi zuenez, “Tanizakik emazteari aitortza hauxe egin zion gorde-gordean: idatzi zuela itzalei buruzko liburua eta hark egin zuela famako, baina benetan berak ezin izango zuela bizi halako etxe batean. Antzinako etxe ilunak baino nahiago zituela mendebaldeko etxeak, argiz beteta eta leihoak zabal-zabalik”. Haren liburu ezagunen artean daude, Ero baten amodioa (1925), Makioka ahizpak (1943), Shigemoto kapitainaren ama (1949) edota Giltza (1965). Japoniako nobela garaikidearen harri nagusitzat dute askok.

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5