“GUSTURA ITZULIKO NUKE OTTO PETTE”

hiromi-yoshida.jpg

Yukio Mishimaren Gogo no eiko lana euskarara itzuli zuen 1994an, eta Arratsaldeko atoiuntzia izena eman zion. Tokion hasi zen euskaraz ikasten Hiromi Yoshida, eta ondoren, Lazkaoko barnetegi batean izan zen 10 hilabetez. Orain Tokion bizi da, eta urtean behin dator Euskal Herrira. Azpeitiko euskararen aditz laguntzailea tesia egina du, eta Azpeitiko euskara eta Azpeitiko euskararen aditz trinkoa masterra..

Kevin Heredia

Nolako esperientzia izan zen liburua euskaratzea? Nolako pozak eta buruko minak eman zizkizun?

Tira, esan beharra daukat Patxi Zubizarretaren laguntzarik gabe ezinezkoa izango zela Arratsaldeko atoiuntzia itzultzea. Gramatika aldetik ez zegoen arazo handirik, baina literaturari zegokionez, ezinbestekoa egin zitzaidan Patxiren laguntza. Liburua itzulita, seguraski berak izan zuen pozik handiena, kar-kar.

Hizki japoniarrek badute funtzio estetiko bat, gure idazkeran askoz apalagoa dena. Itzultzean, nola orekatzen da hori?

Zeinuak bere esanahiagatik aukeratzen ditugu normalean, eta beste batzuetan, estetika ere garrantzitsua da. Yukio Mishimaren kasuan, uste dut esanahiagatik hautatzen zituela, itxuragatik baino gehiago. Oso hitz dotoreak erabiltzen zituen.

Gaur egun, zer irakurtzen dute japoniarrek? Zer estimatzen dute hango irakurleek?

Literaturari dagokionez, fikzioa oro har, eta nobelak zehazki, asko irakurtzen dira Japonian. Nobela poliziakoek, esate baterako, arrakasta handia daukate. Ni ere zalea naiz. Genero hori lantzen duen idazle asko dago, eta itzulpenak ere ugariak dira.

Itzultzaile zarenez, zer itzuliko zenuke hemendik hara? Eta handik hona?

Euskaraz ikasi nuenean beti pentsatzen nuen ederra izango zela Bernardo Atxagaren “Obabakoak” eta “Behi euskaldun baten memoriak” itzultzea. Lehenengoaren itzulpena badago japonieraz, baina gazteleratik egina. Bestalde, gustura itzuliko nuke Anjel Lertxundiren “Otto Pette”. Baina hasi aurretik problema handia dago: “tt” ahozkera japonesezko ortografiarekin nola adierazi. Buruhauste bat da niretzat hori, hasteko.

Japonieratik, berriz, badira bi liburu beti ditudanak gogoan. Bata poliziakoa da, Lautrec-so (euskaraz, “Lautrec-enea”),Yasutaka Tsutsui idazlearena. Itxuraz, ohiko nobela poliziakoa edo misteriokoa da, baina irakurlearentzat badu tranparik. Besteak, berriz, Futari no Iida du izenburua (euskaraz, “Bi Iida”), eta egilea, Miyoko Matsutani. Hiroshiman gertatzen den fantasia liburua da, gaztetxoentzat nahiz helduentzat egokia. Dena den, ni hizkuntzalaria naiz, ez itzultzailea. Ezer itzultzekotan, euskaldunekin elkarlanean izango litzateke. Eta hala ere, irreal samarra egiten zait orain.

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5