ELKARRIZKETA OLARRAREKIN (zati bat)
“Nolabaiteko militantzia bada gurea. Akaso literaturaren aldeko apustu erradikal bat”
Tolosar hirukotea Donostiako bazter-auzo bateko tabernan bildu da. Udazkena da, 1988koa. Alegia, duela 20 urte. Xabier Olarra, Joseba Urteaga eta Jose Manuel Gonzalez dira haien izenak. Asmo zoroa darabilte buruan: euskal argitaletxe bat sortzea. Baina ez nolanahikoa: mundu osoko literaturako obrarik esanguratsuenetako batzuk hautatu eta haien itzulpenak argitara emango dituena baizik. Soilik itzulpenak. Igela da bere izena.
Has gaitezen hasieratik. Hiru tolosar Iruñeko kale nagusian, euskarara itzultzen duen igel batekin. Nola iritsi zineten egoera horretara?
Hasteko, garai hartan Nafarroako Gobernuan itzultzaile lanpostu bat nuenez, horrek ekarri zidan bizilekua Iruñera mugitu beharra. Horregatik sortu zen Iruñean. Joseba Urteaga eta biok irakasle ginenez, ikasleei irakurri arazi nahi genizkien liburuen aukera egitean, ikusten genuen euskaraz aukera gutxi zegoela. Pentsatu genuen badagoela makina bat liburu guk interes handiz irakurritakoak, eta horiek euskaraz egon behar zutela. Helburu praktiko horrekin sortu genuen: “nahi ditugun liburuak ez daudenez, eta inork euskaraz ematen ez dituenez, guk eman beharko ditugu”. Mundu zabaleko literatur lan garrantzitsu batzuk euskaraz irakurtzeko aukera egon dadin. Horrela pentsatuta oso helburu polita da, baina oso zaila da. Pentsatu genuen: urte batean 10 liburu ateratzen baditugu, 10 urtean 100. Helburu hori urruti gelditu zitzaigun, noski. Baina ohartu gara askoz gehiago inporta duela zer ateratzen duzun, zer jartzen duzun irakurlearen eskuetan.
Sail beltza eta Enigma izan ziren zabaldu zenituzten lehen sailak. Misterio beharrean al zen euskal irakurlegoa?
Bai, hori egitea beharrezkoa zen. Izan ere, irakurle dezente erakartzen ditu nobela beltzak. Bistan dago orain, eta baita orduan ere. Beste hizkuntzetan funtzionatu badu, gurean zergatik ez? Ni neu, esate baterako, hondartzan zaletu nintzen genero beltzeko liburuekin. Astero eskuratzen nuen ale bana, Bruguera argitaletxeak ateratzen zuen sailekoa. Gure argitaletxean ere, sail beltzak ibilbide normala izan duelakoan nago.
Igelak ez omen dizue jaten ematen. Nolanahi ere: ia 20 urte, 75 ale inguru… Gero esango dute euskal kulturgintzan ez dela jarduten militantziagatik.
Tira, bai. Militantzia klase asko dago, eta gurea ere bada, nolabaitekoa. Akaso literaturaren aldeko apustu erradikal bat, euskararekiko halako militantzia ere bada… Izan ere, ordu asko eta asko kendu dizkigu lanak, eta hori ezin da dirutan neurtu. Orduak bakarrik ez dizkigu kendu, dirua ere bai nahi baino gehiagotan.
Baina aspaldi esan nuen gure izena akronimo bat zela Irabazi Gutxi eta Lan Asko, eta kasu horretan “Irabazi Gutxi” esatea asko da eta “Lan Asko” esatea, berriz, gutxi.
