2008 Apirila hilabeteko artxiboa

KAVAFISEN SOKA LUZEA

Apirila 28, 2008 | Egilea: kevinheredia

Kavafis poeta greziarra hil zela 75 urte beteko dira apirilaren 29an. Haren poesiaren eragina aztertzen da erreportaje honetan, euskal literaturako bi Kavafiszale fideli esker: Rikardo Arregi Diaz de Herediak eta Angel Errok eman dute Kavafis «azken alexandriarra» esaten ziotenaren poesiari buruzko iritzia.

kavafis.jpg

Asteartean, hilak 29, 75 urte beteko dira Konstantinos Petrou Kavafis hil zela; bai eta 145 urte Kavafis, Cavafis, Cavafy edota Cavaphes jaio zela ere. 70 urteko bizialdiaren ostean, urtebetetze egunez hil zen poeta dugu berau, azken alexandriarra ere esaten ziotena. Eta bi motibogatik deitu izan dute horrela: batetik, inoizko poeta greziar handienetakoa dena Egiptoko Alexandrian jaio baitzen, 1863an. Eta beste alde batetik, garai alexandriar edo helenistikoarekiko hurbiltasuna aitortzen zaiolako Kavafisi. Inoizko poeta greziar handienetako da Kavafis, XX. mendeko figura garrantzitsuenetakoa eta, bide batez, greziera modernoaren berpiztearen eragile nabarmenetako bat. Horiek gutxi balira bezala, greziar poeta itzulienetakoa izatearen ohorea aitortzen zaio, eta literatura unibertsalean gehien eragin duen poeten artekoa ere bada.

kavafisen-poema.jpg

Dena den, hori ez da beti horrela izan, Kavafis ez da beti handienen artekotzat jo. Hasiera garaietan, adibidez, haren poesia estrainioa egiten zen garaikideen artean: ez zituen sentimendu abertzaleak goraipatzen, ez zuen greziartasunaren sentimendurik hunkitzen, inperio bizantziarra berreraikitzearen «Ideia Handia» ez zuen bere poemetan islatzen, ez zen garaiko greziar historiarekin axolatzen. Are gehiago, bere poesia ez zen garaiko kanonekin bat etortzen, ez edukien aldetik, ez forma aldetik, ez eta hizkuntza aldetik ere. Kavafisek arreta, Greziaren loriazko garaian baino gehiago, Greziaren beherako bidean jartzen du, nahasmendu politiko eta morala nagusi den garaian. Ez alferrik, famakoa da «ni heleniarra naiz, ez greziarra» Kavafisen esaldia.

Soka luzea eta korapiloak

Poesiarako zeukan trebetasun apartekoari esker, Kavafisek egoki korapilatzen jakin zuen historia urruneko soka-muturrak bere garaiko muturrekin. Historiarena ez zen soka lineala beretzat. Korapiloz betetako soka dugu beraz Kavafisena, urrunetik datorrena, urrunera doana. Kavafisen irakurketak luzeak bezain zabalak izan ziren, jakituna zen kultura grekolatinoan, eta, diotenez, eragin berezia izan zuten harengan poeta sinbolistek eta parnasianoek.

teseo-minotauro.jpg

Erromantizismoaren gehiegikeriei kontra eginez, parnasianoek formari eman zioten garrantzia, eta sentimentalkeria zen haien etsairik amorratuena. Poeta sinbolisten artean aski ezaguna da Stéphane Mallarmé (1842-1898), eta haren idazkera hermetikoa. Diotenez, halaber, Robert Browning (elkarrizketa dramatikoaren aita) eta K.o. IV mendeko Antologia Palatinoan bildutako poeta helenistak oso garrantzitsuak izan ziren Kavafisentzat, bereziki XII. liburukoak, mutilei zuzendutako amodiozko eta sexuzko poemak biltzen dituena: Kalimako, Meleagro… Irakurketak irakurketa, Kavafis batekin edo bestearekin lerratzen den ezin esan. Korapiloak ez baitira beti estuak.

sokak.jpg

Kavafisen ondoren ere luze jo du sokak. Europan bere lana ezagun egin zedin, funtsezkoa izan zen E. M. Forster (1879-1970) idazle ingelesaren jarduna. 1905 urtean Alexandriara joan zen Forster Gurutze Gorriarekin lan egitera, eta han ezagutu zuen besteak beste Kavafis poeta. Nobelak eta ipuinak idatzi zituen gehienbat Forsterrek, baina Kavafisen poesiari haizea eman zion kontinente zaharrean. Poeta helenikoaren irudia nabarmena da oso Lawrence Durrell idazlearen Alexandriako laukotea lanean. Ezaguna da, era berean, Kavafisen Barbaroen esperoan poema (Erdaldunen esperoan, euskarazko edizioan), eta begi bistakoa da J. M. Coetzee idazle hegoafrikarraren Waiting for the Barbarians nobelan eragin handia izan zuela. Espainian, Luis Cernuda poetaren lanetan ere Kavafis usaina nabari da, eta ondoren, baita Jaime Gil de Biedmaren poesian ere.

Marguerite Yourcenarrek idatzi zuen 1950ean: «Kavafisen poema guztiak oroitzapenezkoak dira; historikoa edo pertsonala, olerki bakoitza poema gnomiko bat da; halako didaktikotasuna ezohikoa da poeta moderno batengan, eta ziurrenik alderdi hori da bere lanean ausartena. Uste dugu galdutako pasioen hondarra dela jakituria, hala pentsatzen ohituta gaude, horrexegatik kosta egiten zaigu ulertzea jakituria dela gogo biziaren formarik sendoen eta kondentsatuena, sutatik sortutako urre-hautsa dela, ez errautsa».

kavafiszaleak.jpg


Kavafiszaleak gurean

Ezin hasi euskal kavafiszaleen zerrenda osatzen Andolin Eguzkitza (1953-2004) aipatu gabe. Kavafiszale handia baitzen bera, eta euskaraz kavafiszaletzeko aukera eman digulako. Izan ere, Olga Omatosekin elkarlanean, Kavafisen Poema antologia osatu zuen, Pamielak 1995ean argitara eman zuena. Zinez ederra da euskarazko antologia, eta egun, sarean irakur daiteke.

Idatzietan igar dakiekeenez, Rikardo Arregi Diaz de Heredia (1958, Gasteiz) eta Angel Erro (1978, Burlata) ere kavafiszaleak ditugu. Hortaz, poeta helenikoaren lana deskribatzeko eskatu diegu biei, eta zera erantzun du Rikardo Arregik: «Kavafisen poesia antirretorikoa da baina oso-oso zainduta dago, erraza ematen du baina hitz bakoitza dago mila aldiz pentsaturik, hizkuntza kultua (katharevusa) eta herrikoia (dimotiki) nahasten ditu, baina azkenari ematen dio nagusitasuna, kaleko hizkuntzaren nolakotasunari. Poeta delikatu eta fin moduan saldu nahi izan dute batzuek baina hori ez da guztiz egia. Ahalmen iradokitzaile handia du Kavafisen poesiak.».

Angel Errok, berriz, zera dio: «Originala da, jatorrira doalako, erabilitako iturrietan zein irudikatzen dituen eszenetan (gainbehera baten aurreko une argigarrian kokatzen gaitu, azelerazioa oraindik zero izan arren, teknikoki amiltzera hasi garenean), eta originala ere bere hainbat poemak ikusmolde bat inauguratu dutelako. Kavafisen aurretik ez genekien Itakara iristea gutxienekoa dela, edo gure hiriak jarraituko gaituela hiriz hiri, edo barbaroak (suntsipena) nolabaiteko konponbidea izan zitezkeela gure asetasunarentzat».

Haien idazkeran eragina izan duela aitortu dute biek. «Nire bost poeta maitatuen artean dago Kavafis. Eraginak? Ez dakit. Nik amesten nuen bezala idaztea posible zela deskubritzea. Hizkuntza erraza baino zaindua erabiltzea. Bakarrizketak erabiltzea, poema beste baten ahotsean jartzearena. Iragana erabiltzea orainaz hitz egiteko. Nostalgia ez nostalgikoa, erromantizismotik aldentzea amodiozko poemetan. Mundu helenistikoarekiko lilura, oro har gainbeheran dauden munduak. Hiria eta hiriko bizimodua». Arregirenak dira aurreko hitzak, eta Errorenak hurrengoak: «Gustua hezi didala uste dut, poema bati arlo guztietan eskatu beharrekoei dagokienez. Kavafis hezitzaile edo gaztetxoen galbideratzaile ona da; nik neukan adineko mutilei zuzentzen zitzaizkion, lilura erotiko bat ere sortuta».

Ithaka

Apirila 25, 2008 | Egilea: kevinheredia

itaka.jpg

Ithakara itzultzeko bidaian abiatzen zarenean,

egizu otoitz bidea luze izan dadin,

menturez betea, ezagutzez betea.

IGANDERAKO POETA, IGANDEKO POETA

Apirila 20, 2008 | Egilea: kevinheredia

Gizon zaharra

Kafetxe zaratatsu bateko barrukaldean,

mahaiaren gainean makurtua jezarrita dago gizon zahar bat;

egunkari batekin aurrean, lagunik gabe.

Eta zahartzaroaren goibelaren erdiko destainean,

gogoeta egiten du zein guti gozatu zituen urteak

kemena zeukanean, eta etorria, eta edertasuna.

Badaki asko zahartu dena; ohartzen da, ikusten du.

Eta horratik gazte zeneko garaiak atzo ematen du.

Zein tarte laburra, zein tarte laburra!

Eta pentsatu egiten du zelan Zuhurtziak iruzur egiten zion;

eta zelan berarengan fedea zeukan beti —hori erokeria!—

gezurtiarengan erraten ziona beti: “Bihar. Badaukazu astirik”.

Oldarrak gomutatzen ditu balaztatzen zituenak; eta zenbat

alegrantzia sakrifikatzen zuen. Beraren burugabeko ezagutzaz,

orain, galduriko abagadune bakoitzak egiten du iseka.

Baina gogoetaren gogoetaz eta gomutaren gomutaz

gizon zaharra trenkaturik geratu da. Eta loak hartzen du

kafetxeko mahaiaren gainean makurtua.

55 SUTE LAUTADAN

Apirila 14, 2008 | Egilea: kevinheredia

Ez da arrunta batere Rulforen kasua. Bi liburu labur eman zituen argitara, eta kanonizatu egin zuten. Lan txikiren bat gorabehera, ez zuen gehiago idatzi. ‘Pedro Paramo’ da haren lanik laudatuena, baina bere lehen lana ere askorentzat ipuingintzaren gailurrean dago: ‘El llano en llamas’, orain 55 urte publikatu zena.

llano-en-llamas.jpg

Ateraldi ezaguna da, baina bere jenialtasunak beste behin hona ekartzera behartzen gaitu: zergatik ez zuen idazten galdetzen ziotenean, zera erantzuten omen zuen Juan Rulfo jaunak: “osaba Celerino hil zitzaidan-eta, hark kontatzen zizkidan istorioak”. Iturria agortu zitzaion idazleari, beraz, osaba joatearekin bat. Egiaz existitu zen osaba Celerino, ez zen asmakizun huts-hutsa. Moxkor bat zen, ogia gaztetxoak konfirmatzen irabazten zuen gizagaixoa. Sarri askotan laguntzen zuen Rulfok eta adi-adi entzuten zizkion kontatzen zituen istorioak, asmatuak horietarik gehienak. El llano en llamas liburuko ipuinek, esaterako, Los cuentos del tío Celerino idazpurupean ikusi zuten argia ia. Egia ala gezurra, osaba hil eta handik gutxira utzi zion idazteari Juan Rulfok (Jalisco, 1917 – Mexico DF, 1986).

El llano en llamas narrazio bilduma aipatu dugu, bi anai-arreben artean itsusiena, lotsatiena, isilena akaso, bestearen errekonozimenduaren itzalak atzean utzia, bigarren maila batean. El llano en llamas, Pedro Paramo laudatuaren anai-arreba nagusia, estimazioan txikiagoa. Hiru urte lehenago America aldizkarian agertu zen izen bereko ipuina, baina aurten betetzen dira 55 urte El llano en llamas liburua argitaratu zela, Fondo de Cultura Economica argitaletxearekin, 15 ipuinekin. Geroko berrargitalpenetan ipuin pare bat gehiago ere gehitu zitzaizkion.

Euskarazko bertsioa berriagoa dugu, baina itzulpenak hain ugari ez ziren garaikoa: 1986 urrun hartan publikatu zuen Baroja etxeak, Koldo Etxaberen itzulpenean. Itzulpenari buruz, hitz bi. Gaurko irakurleak suma ditzakeen anakronismo ortografikoak alde batera utzita, itzulpen txukuna da Etxaberena. Ezinezkoa da noski gazteleraz Rulforen hitzek duten mexikar hotsa euskaraz lortzea (“la apalcuachara a tablazos”, “unos cuantos huizaches trespeleques y una que otra manchita de zacate”), baina Lautada sutan delakoan idazlearen tonu xehea mantentzea lortu du itzultzaileak.

llano-en-llamas2.jpg

ERUDITOAREN JENIALTASUNA

Borges, Cortazar eta beste batzuekin batera, gaztelerako idazle garaikide nabarmenetakotzat jo dute askok eta askok Juan Rulfo. Zergatik da hain txundigarria, bada, haren idazkera? Interesgarria iruditu zaigu Jose Emilio Pacheco idazle mexikarraren hitzak hemen errepikatzea. Zera dio Rulforen narrazio teknikari buruz: “Artifizioa ezkutatzea eta ematen duen informazioaren kopurua eta unea kontrolatzea, hori da Juan Rulforen artea”. Pachecoren esanetan, Rulfok ez zuen sekula irakurri narratiba eskulibururik, hortaz “irakurriz idazten ikasi duen artista eruditoaren jenialtasuna du bere lanak”.

Jaliscoko idazleak narrazioa kontatzeko asma daitezkeen ikuspuntu guztiak erabiltzen ditu; nahasten ditu bakarrizketak, elkarrizketak, hirugarren pertsonan egindako kontaketak eta erabiltzen duen tonuan ez du sartzen ñabardura okerrik batere. Horrexegatik, Pachecok dioenez, ipuinak irakurtzeko eta idazteko teoria osoa biltzen du maisuki El llano en llamas liburuak. “Uste orokorraren kontra, Rulfo ez da irakurtzeko batere erraza, idazle zorrotza da eta ez du soilik eskatzen ipuinak irakurtzea, baizik berrirakurtzea eta oso poliki, arreta handiz, galtzeko arriskua dago bestela”.

Joserra Utretx izeneko lagunak, beste hainbat gauza interesgarriren artean, zera idatzi zuen Susa argitaldarian, 1991. urtean: “(Alejo) Carpentier-ek esan omen zuen Hispanoamerikako kultura funtsean barrokoa zela. Beharbada ez zaio arrazoirik faltako. Rulfok ordea, juxtu kontrakoa erantzun ziezaiokeen, eta ez arrazoi gutxiagorekin. Hizjario koloretsu eta ozenaren azpitik badela berbaro isil bat apenas esan gabe mintzo den murmurio bat, isilduz adierazten den errealitate ukatu bat”. Horrelakoa baita Rulforen prosa, isila, esan gabe esaten duena, hitz gutxirekin mundu bat marrazteko gai.

llano-en-llamas3.gif

IPUINAK IPUIN

Zer esan El llano en llamas honetako ipuinei buruz? Lehen pertsonan idatziak gehienak, herri xehearen hizkeraren jabe, hainbat gai hunkitzen dituzte, nolabait laburtzearren, lurrarekin, erlijioarekin, politikarekin edota klase sozialekin bilduko ditugunak. Har dezagun lehena, Macario izenekoa, gaztetxo berezi bat protagonista duena. Jan eta jan, horixe da bere pasioa, eta buruarekin lurra kolpatzea ere bai. Infernura joango dela badaki, nahiz eta amabitxia izan, oraindik orain, benetako infernua. Eskerrak Felipa hor duen eta, batez ere, haren titien esne gozoa.

Har dezagun, adibidez, Lurra eman digute ipuina. Lau dira bidean aurrera egiten duten morroiak: Meliton, Faustino, Esteban eta narratzailea. Lurra eman diete, lur eremu koxkor bat, baina ziztrina, ezertarako balio ez duena. “Nor arraiok egin ote du hainbesteko lautada hau? Zertarako balio du gero!” egingo dute aldarri emandakoa ikustearekin batera. Auskalo zer egingo duten lurrarekin, auskalo zer egingo duten behin hara iritsita. Hitzik ez baitute egiten lau lagunek, ez bada isiltasunaren bitartez.

Har dezagun, esaterako eta azkenik, Izan ere oso pobreak baikara narrazioa. Ustekabeko euri-jasa batek garagar moztu berria suntsitu die narratzailearen etxekoei. Gainera, Tacha neska gaztetxoak 12 urte bete zituenean aitak oparitu zion behia, familiako ondasun baliotsuena, ibaiak eraman du ezerezera. Etxeko beste bi neskek, eskuak eta poltsikoak hutsik izaki, beste bide batzuk bilatu dituzte hutsak betetzeko. Plazer ematen diete gizonei, eta horrek atsekabea ekartzen dio familia kristauari. Tachak negar egiten du galdutako behiagatik, eta bere anaia den narratzaileak sumatzen du arreba txikiari bulartxoetan hazten hasi zaiola, ia oharkabean, patu tristea den galbidea.

Rulfobista

Apirila 11, 2008 | Egilea: kevinheredia

Al autor, al escritor, quizá hay que dejarle el mundo de los sueños, ya que no puede tomar el mundo de la realidad.

Tipo lasaiaren itxura zeukan Juan Rulfok. Gertutik, ordea, beldur pixka bat ematen du. Ez?

Amaitzeko, udaberria iritsi dela ospatzeko, Los Tigres del Norteren gabon kanta bat. Gora ipartigreak!

Hieroglifikoa (herriak du hitza)

Apirila 9, 2008 | Egilea: kevinheredia

laua.jpg

sua.jpg

Asmakizuna

Apirila 7, 2008 | Egilea: kevinheredia

Zein liburutakoa da segidan datorren pasarte erdi-itzulia?

galdera.jpg

“Vuelvo hacia todos lados eta lautadari so nago. Tanta y tamaña tierra alfer-alferrik. Se le resbalan a uno los ojos, geldiaraziko dituenik ez aurkitzean. Sólo unas cuantas lagartijas salen beren zuloen gainetik burua agertzera, y luego que sienten la tatema del sol, harri baten gerizpetxoan izkutatzera aldegiten dute. Pero nosotros, cuando tengamos que trabajar aquí, zer egingo dugu, eguzkiaren galdatik freskatzeko? Porque a nosotros nos dieron esta costra de tepetate erein genezan.”

ELKARRIZKETA XIRIKAN

Apirila 4, 2008 | Egilea: kevinheredia

Elkarrizketatzailea elkarrizketaturik dago, nork deselkarrizketatuko du?

elkarrizketa1.JPG

Luistxo Fernandezek galdetu bezala, “kazetaritzan Berrian, eta blogintzan blog propioarekin, ezerezetik sortu da Kevin Heredia? Nor da? Zer da?”

Horixe bera galdetzen diot neure buruari komuneko ispilu aurrean. Nolanahi ere, izenari garrantzi gehiegi ematen diogula uste dut. Jendeak izen xelebre bat irakurri du eta horri eman dio garrantzia. Nahiago nuke nire testuei buruz hitz egingo balute. Baina tira, politikariei politika egitea eskatzea bezala da hori.

Eta, beraz, Hasier Etxeberriaren blogean zeure identitateari buruzko aferaz, zer diozu?

Lagun batek aipatu zidan zer edo zer. Tipo batzuk akusatu zituztela ni izateaz, haiek ukatu egin zutela, eta hau eta bestea. Nik ez dakit. Egia esateko, tarteka erantzunen bat uzten badut ere, ez dut blogosfera gehiegi jarraitzen. Interneten nire bloga eta Marca.com besterik ez ditut irakurtzen.

Igandetako Berrian idatzi ohi duzu, kanpoko literaturaren gainean.

Bai, aulkian eseri eta oinak zintzilik gelditzen zaizkidanez, liburu bat jartzen dut ipurdi azpian, mahaira hobeto iristeko. Kanpoko literaturaren gainean idazten dut hortaz, kanpoan liburu lodiagoak egiten dituzte-eta.

Enrique Vila-Matas idazle handiari egindako elkarrizketak bazuen misterio kutsua. Hemen argitzeko prest?

Misterioa argituko banu jada ez zen izango misterio, izango zen… beste zerbait. Oso ondo pasa genuen Enriquek eta biok, nahiz eta gehienek ez zuten pitorik ulertu. Zuk behintzat misterioa usaindu duzu. Bejondeizula.

Bloga ere baduzu, Kevin. Horrelakorik gabe ezin bizi egun?

Pentsa, bloga zabaldu aurretik nire izena Googlen idatzi eta Boliviako eskolarteko atletismo txapelketako kronika irakur zitekeen. Bloga sarera zabaldu dudanetik, berriz, askoz osasuntsuago sentitzen naiz. Gainera, telebista ikusteari utzi diot. Medikuak esan dit gehiago biziko naizela. Nahiago nuke hobeto balitz.

Ba al du literaturak helbururik ? Eta Kevinek ?

Mundua aldatzea da literaturaren helburua. Baita Kevinena ere. Zurea ez, ala? Eta kontrakoa uste badugu ere, etengabe ari gara helburua lortzen. Alegia, mundua aldatzen. Kontua da bai literaturak, bai nik eta bai zuk ez dugula mundua nahi bezala aldatzea lortzen. Bakarrik ezin dugu.

Kaleak hutsik daude, tren estazioko margoak historia dira eta komunetako olerkiak aspaldi ezabatu zituzten. Garai txarrak poesiarentzat ?

Poesiak ez du une hoberik ezagutu. Begira gure herriari, begira munduari. Orain da unea!

Imajina eskolan literatura gorrotatzen ikasi nuela. Zer gomendatuko zenidake ?

Eskolan ikasitakoa ahazteko, eta ni bezalako jendilajeari gomendiorik ez eskatzeko.

Etorkizun hurbilerako proiektu berririk bai?

Lanean ari naiz. Biografia literarioen inguruan zerbait egin nahiko nuke, adibidez, baina erakusleiho egokia aurkitu behar horretarako. Eskaintza xamurren bat duenak eskura du nire e-maila: herediakevin(arroba)gmail.com

(Garikoitz Barandiaranek Xirikarako egina)

OLARRA II

Apirila 2, 2008 | Egilea: kevinheredia

gauaren-muturrerainoko.jpg

GAUAREN MUTURRERAINOKO BIDAIA, Louis Ferdinand Celine. Euskaratzailea: Matías Múgica

Liburu monumentala da inondik ere Celineren hau. Frantsesezko kolokialismoz eta argotez betea dago, gainera. Hura euskaraz egoki ematea nolako lana izan zen?
88an Iruñera joan aurretik, bi liburu funtsezko irakurri nituen: Celinerena zen bata, eta bestea Truman Capoteren Odol hotzean. Matias Mujika itzultzailearekin egin nuen topo Iruñean –lankide suertatu ginen Nafarroako Gobernuaren itzultzaile taldean-, eta harekin hitz egin ahala, ohartu nintzen liburua euskaraz emateko pertsona egokia zela bera. Izan ere, Mujika gai zen frantsesez zein euskaraz maila altuan aritzeko, eta gainera, Celinerena bere liburu kuttunetako bat zen, eta bai gurea ere. Ni Celinerengana Josebak bultzatuta jo nuen. Halako kointzidentziak elkartu zitzaizkigun, eta proiektuak aurrera jo zuen.

Liburu hura editatzean zortea izan genuen, Ramon Saizarbitoriak hitzaurre mamitsua idatzi zuelako, gainera musu-truk. Behin amaituta, liburukote lodia izan zen emaitza, eta 1.500 pezetatan jarri genuen salgai (10 euro eskasetan). Bateren batek aipatu zigun ea dumping egiten ari ginen, hainbeste orri hain prezio baxuan jarrita. Guk uste genuen ondare beharrezkoa zela euskararentzat.

Celineren pentsaerak zeresan handia eman zuen Frantzian. Anti-judua zelako, besteren artean. Zuentzat garrantzirik ba al zuen horrek?
Egia esateko, ez diogu garrantzi handirik ematen literaturaren kanpoko faktore horiei. Guri interesatzen zitzaiguna liburua bera zen. Egia da egilea Frantzian gaizki ikusia dagoela, bere pentsaeragatik. Dena dela, literaturak dauka garrantzia guretzat. Celinek gizartearen idealak txiki-txiki eginda utzi zituen liburu hartan. Nolabaiteko sentsazioa uzten du irakurri ostean: ez dago salbaziorik.

odol-hotzean.jpg

ODOL HOTZEAN, Truman Capote. Euskaratzailea: Xabier Olarra

Nolako prozesua izan zen Capoteren lanik ospetsuena euskarara ekartzea?
Celineren kasua baino arinago joan zen Capoterena. Sarrera hobea izan zuen. Liburua irakurtzen ari nintzela, lantokitik heldu eta bukatu arte ez nuen bakerik izaten. Hiruzpalau egunetan bukatu nuen irakurketa. Harrapatu egin ninduen, eta saiatu egin nintzen erakarpen hori euskaraz ematen. Egia esateko, obrak berak lagundu egiten du. Aurrera eramaten zaitu, ia oharkabean. Gainera, itzultzailearentzat erakargarria da oso, dituen tonu aldaketengatik, eta abar. Narratzailearen tonua aldatu egiten da pertsonaien testu batzuk zuzenean transkribatzean, eta horrek aukera ematen zuen zenbait kasutan erregistro desberdinak erabiltzeko, literatura jasokoarekin batera, kazetaritzakoa, dotore-nahia, kalekoa…

Capoteren prosaren dotorezia lortzea lan zaila izan zen?

Tira, hasiera batean liburua irakurri eta pentsatu nuen itxuraz ez zeukala itzultzeko zailtasun handirik. Izan ere, lan horretan Capote ez da bere ohiko “preziosismoan” ari, estilo askoz arinagoa darabil. Hala eta guztiz ere, itzultzerako orduan ohartu nintzen uste baino konplexuagoa zela testua. Bazeudela konplikazioak, hiztegi aldetik esate baterako. Lehen esan dudan bezala, ordea, obrak berak asko laguntzen du.

uzta-gorria.jpg

UZTA GORRIA, Dashiell Hammett. Euskaratzailea: Xabier Olarra

Dashiell Hammeten liburu hau genero beltzeko garrantzitsuena dela diote askok. Zuentzat ere hala al da?
Bai, nire kuttunetakoa da liburu hau. Gainera, lehen aipatu dudan Brugueraren bilduma hartako lehenengo liburua izan zen. Horrexegatik eman genion 10 zenbakia, gure bilduman sartu genuenean. Misterio nobelatik nobela beltzera bitarteko mugarria da Uzta gorria. Meatzari herri batean gertatzen da istorioa, sindikalismoaz mintzo da, boteretsuek gangsterrak erabiltzen dituzte beren indarra ezartzeko… Nobela beltz batek behar dituen osagai guztiak ditu. Horregatik esaten da nobela beltzaren “biblia” dela.

‘Uzta gorria’ biblia bada, Hammett kasik profeta kontsidera dezakegu. Ebanjelista, behinik behin.
Egia esateko, Dashiell Hammetti omenaldia egiteko modua izan zen Uzta gorria argitaratzea. Saileko lehena izatea nahi nuen, baina aurretik beste lan batzuk zeuden itzuliak, eta horregatik izan zen hamargarrena. Genero beltzaren “aita” izateaz gain, Hammett ez zen nolanahiko egilea. McCarthyren tribunalak jazarri egin zuen, eta deklaratzera deitu. “Zuk uste duzu idazle komunisten liburuak amerikarrei ematea ona dela?”, galdetu zioten. Eta berak erantzun: “Ni komunismoa borrokatzen ariko banintz, uste dut ez nukeela libururik emango batere”. Hammettek merezi zuen omenaldia, sikiera nobela beltzean izandako aparteko eraginagatik.

lau-bidaia.jpg

LAU BIDAIA, Matsuo Basho, Dylan Thomas, Truman Capote, Rudyard Kipling. Euskaratzailea: Joseba Urteaga

Literatura sailari hasiera eman zenioten bilduma berezi honekin. Nolako bidaia egin zuen liburuak, irakurleagana iritsi arte?

Joseba Urteagaren ideia izan zen. Matsuo Bashoren kontakizuna izan zen abiapuntua, eta ondoren, puntako lan batzuekin osatu genuen liburua, Truman Capote, Dylan Thomas eta Rudyard Kiplingen narrazio bana hautatuz. Lau bidaia ez da bidai literaturako liburua. Izan ere, narrazio bakoitzak bidaiaren ideia desberdinak aurkezten dizkigu: batean monje budista baten oharrak irakurtzen ditugu, beste batek marihuanarekin egindako “bidaia” kontatzen du, besteak opioarekin, azkenak autobusean egindako bidaia kontatzen digu. Literatura saila zabaltzeko modu egokia zela iruditu zitzaigun. Aurrerago, antzeko zerbait egin genuen Lehen amodioa liburuarekin, 2000. urtean. Gaia hartu, eta testu egokiak biltzeari ekin genion, bilduma osatu arte.

Irakurleek harrera ona egin al diote liburuari?
Ez guk nahi genukeen bestekoa. Baina bai, esango nuke harrera ona izan duela irakurle literaturzaleen artean. Izan ere, liburuan bildutako lanak ez dira nolanahikoak, literaturzale denarentzat erakargarriak izan zitezkeelakoan bildu genituen. Alegia, guk irakurle gisa estimatzen genituelako. Literaturzalea gozarazteko osagai guztiak ditu, baita halako poesia ukitua ere. Bilduma ausarta zelakoan nago, pisuzko lau narraziorekin biribiltzen saiatu ginena.

estilo-ariketak.jpg

ESTILO ARIKETAK, Raymond Queneau. Euskaratzailea: Xabier Olarra

Raymond Queneau-ren liburua harribitxia da. Nola sentitzen zara “zortzimilako” bat igo duen euskal itzultzailea izanik?
Kar-kar. Egia esateko, Estilo-ariketak itzultzeko aukera aurrean jartzea opari handia da edozein itzultzailerentzat. Jolasteko aukera ematen dio, gainera nahi adina luza dezake jolasa. Euskarazko bertsioa egiteko aukera izan nuenerako bazegoen liburuaren itzulpen ugari. Abantaila hori izan nuen nik, aurrekoek egindako lanak oso baliagarriak egin zitzaizkidan lana burutzeko.

Itzultzailea beti da sortzaile. Baina akaso inoiz baino idazleago aritu zinen liburu horretan.
Hala da, bai. Itzultzaile gisa egin dezakezun guztia testu horrekin egin dezakezu. Ahalmen sortzaile guztia erabiltzeko aukera ematen du idazlanak. Gogoz hartzen den lana da noski, eta baldintza onetan egiteko zortea izan nuen. Ez bakarrik denbora aldetik. Laguntzeko prest neuzkan hainbat lagun, Matias Mujika, Joxean Elosegi eta abar. Kontsultak egiteko oso lagungarriak izan ziren haiek denak.

Jolasa izan zela esan duzu. Hala ere, izango zenuen kasketaldiren bat.
Jakina. Liburua berrirakurri ahala, ariketa batzuekin pentsatzen nuen: “hau ezinezkoa da”. Eta bazterrean uzten nuen, aurrerago heltzeko. “Soneto” demonio horrekin izan nituen lanak, esaterako. Neurria 6-6 zuen frantsesez, eta hasiera batean Jon Miranderen 10-10 neurria erabili nuen. Laburregia zelakoan, 14 silabara luzatu nuen. Azkenean, hainbat ariketetan ezinbestekoa zen aldaketa handiak egiteko askatasuna hartzea. Batzuetan ordezko testu bat jartzea zen soluzioa, “Harrikada futurista prepositiboa” ariketaren kasuan adibidez. Azkenean, beti gelditzen da sentsazioa frantsesezkoa askoz hobea zela. Baina hori bagenekien!


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5