ELKARRIZKETA XIRIKAN
Elkarrizketatzailea elkarrizketaturik dago, nork deselkarrizketatuko du?
Luistxo Fernandezek galdetu bezala, “kazetaritzan Berrian, eta blogintzan blog propioarekin, ezerezetik sortu da Kevin Heredia? Nor da? Zer da?”
Horixe bera galdetzen diot neure buruari komuneko ispilu aurrean. Nolanahi ere, izenari garrantzi gehiegi ematen diogula uste dut. Jendeak izen xelebre bat irakurri du eta horri eman dio garrantzia. Nahiago nuke nire testuei buruz hitz egingo balute. Baina tira, politikariei politika egitea eskatzea bezala da hori.
Eta, beraz, Hasier Etxeberriaren blogean zeure identitateari buruzko aferaz, zer diozu?
Lagun batek aipatu zidan zer edo zer. Tipo batzuk akusatu zituztela ni izateaz, haiek ukatu egin zutela, eta hau eta bestea. Nik ez dakit. Egia esateko, tarteka erantzunen bat uzten badut ere, ez dut blogosfera gehiegi jarraitzen. Interneten nire bloga eta Marca.com besterik ez ditut irakurtzen.
Igandetako Berrian idatzi ohi duzu, kanpoko literaturaren gainean.
Bai, aulkian eseri eta oinak zintzilik gelditzen zaizkidanez, liburu bat jartzen dut ipurdi azpian, mahaira hobeto iristeko. Kanpoko literaturaren gainean idazten dut hortaz, kanpoan liburu lodiagoak egiten dituzte-eta.
Enrique Vila-Matas idazle handiari egindako elkarrizketak bazuen misterio kutsua. Hemen argitzeko prest?
Misterioa argituko banu jada ez zen izango misterio, izango zen… beste zerbait. Oso ondo pasa genuen Enriquek eta biok, nahiz eta gehienek ez zuten pitorik ulertu. Zuk behintzat misterioa usaindu duzu. Bejondeizula.
Bloga ere baduzu, Kevin. Horrelakorik gabe ezin bizi egun?
Pentsa, bloga zabaldu aurretik nire izena Googlen idatzi eta Boliviako eskolarteko atletismo txapelketako kronika irakur zitekeen. Bloga sarera zabaldu dudanetik, berriz, askoz osasuntsuago sentitzen naiz. Gainera, telebista ikusteari utzi diot. Medikuak esan dit gehiago biziko naizela. Nahiago nuke hobeto balitz.
Ba al du literaturak helbururik ? Eta Kevinek ?
Mundua aldatzea da literaturaren helburua. Baita Kevinena ere. Zurea ez, ala? Eta kontrakoa uste badugu ere, etengabe ari gara helburua lortzen. Alegia, mundua aldatzen. Kontua da bai literaturak, bai nik eta bai zuk ez dugula mundua nahi bezala aldatzea lortzen. Bakarrik ezin dugu.
Kaleak hutsik daude, tren estazioko margoak historia dira eta komunetako olerkiak aspaldi ezabatu zituzten. Garai txarrak poesiarentzat ?
Poesiak ez du une hoberik ezagutu. Begira gure herriari, begira munduari. Orain da unea!
Imajina eskolan literatura gorrotatzen ikasi nuela. Zer gomendatuko zenidake ?
Eskolan ikasitakoa ahazteko, eta ni bezalako jendilajeari gomendiorik ez eskatzeko.
Etorkizun hurbilerako proiektu berririk bai?
Lanean ari naiz. Biografia literarioen inguruan zerbait egin nahiko nuke, adibidez, baina erakusleiho egokia aurkitu behar horretarako. Eskaintza xamurren bat duenak eskura du nire e-maila: herediakevin(arroba)gmail.com
(Garikoitz Barandiaranek Xirikarako egina)
Apirila 5th, 2008 at 10:46 pm
deselkarrizketatzeko prest niok!
Apirila 8th, 2008 at 5:41 pm
[…] http://kevinheredia.mundua.com/2008/04/04/elkarrizketa-xirikan/ zabaldubildudel.icio.us […]