55 SUTE LAUTADAN
Ez da arrunta batere Rulforen kasua. Bi liburu labur eman zituen argitara, eta kanonizatu egin zuten. Lan txikiren bat gorabehera, ez zuen gehiago idatzi. ‘Pedro Paramo’ da haren lanik laudatuena, baina bere lehen lana ere askorentzat ipuingintzaren gailurrean dago: ‘El llano en llamas’, orain 55 urte publikatu zena.
Ateraldi ezaguna da, baina bere jenialtasunak beste behin hona ekartzera behartzen gaitu: zergatik ez zuen idazten galdetzen ziotenean, zera erantzuten omen zuen Juan Rulfo jaunak: “osaba Celerino hil zitzaidan-eta, hark kontatzen zizkidan istorioak”. Iturria agortu zitzaion idazleari, beraz, osaba joatearekin bat. Egiaz existitu zen osaba Celerino, ez zen asmakizun huts-hutsa. Moxkor bat zen, ogia gaztetxoak konfirmatzen irabazten zuen gizagaixoa. Sarri askotan laguntzen zuen Rulfok eta adi-adi entzuten zizkion kontatzen zituen istorioak, asmatuak horietarik gehienak. El llano en llamas liburuko ipuinek, esaterako, Los cuentos del tío Celerino idazpurupean ikusi zuten argia ia. Egia ala gezurra, osaba hil eta handik gutxira utzi zion idazteari Juan Rulfok (Jalisco, 1917 – Mexico DF, 1986).
El llano en llamas narrazio bilduma aipatu dugu, bi anai-arreben artean itsusiena, lotsatiena, isilena akaso, bestearen errekonozimenduaren itzalak atzean utzia, bigarren maila batean. El llano en llamas, Pedro Paramo laudatuaren anai-arreba nagusia, estimazioan txikiagoa. Hiru urte lehenago America aldizkarian agertu zen izen bereko ipuina, baina aurten betetzen dira 55 urte El llano en llamas liburua argitaratu zela, Fondo de Cultura Economica argitaletxearekin, 15 ipuinekin. Geroko berrargitalpenetan ipuin pare bat gehiago ere gehitu zitzaizkion.
Euskarazko bertsioa berriagoa dugu, baina itzulpenak hain ugari ez ziren garaikoa: 1986 urrun hartan publikatu zuen Baroja etxeak, Koldo Etxaberen itzulpenean. Itzulpenari buruz, hitz bi. Gaurko irakurleak suma ditzakeen anakronismo ortografikoak alde batera utzita, itzulpen txukuna da Etxaberena. Ezinezkoa da noski gazteleraz Rulforen hitzek duten mexikar hotsa euskaraz lortzea (“la apalcuachara a tablazos”, “unos cuantos huizaches trespeleques y una que otra manchita de zacate”), baina Lautada sutan delakoan idazlearen tonu xehea mantentzea lortu du itzultzaileak.
ERUDITOAREN JENIALTASUNA
Borges, Cortazar eta beste batzuekin batera, gaztelerako idazle garaikide nabarmenetakotzat jo dute askok eta askok Juan Rulfo. Zergatik da hain txundigarria, bada, haren idazkera? Interesgarria iruditu zaigu Jose Emilio Pacheco idazle mexikarraren hitzak hemen errepikatzea. Zera dio Rulforen narrazio teknikari buruz: “Artifizioa ezkutatzea eta ematen duen informazioaren kopurua eta unea kontrolatzea, hori da Juan Rulforen artea”. Pachecoren esanetan, Rulfok ez zuen sekula irakurri narratiba eskulibururik, hortaz “irakurriz idazten ikasi duen artista eruditoaren jenialtasuna du bere lanak”.
Jaliscoko idazleak narrazioa kontatzeko asma daitezkeen ikuspuntu guztiak erabiltzen ditu; nahasten ditu bakarrizketak, elkarrizketak, hirugarren pertsonan egindako kontaketak eta erabiltzen duen tonuan ez du sartzen ñabardura okerrik batere. Horrexegatik, Pachecok dioenez, ipuinak irakurtzeko eta idazteko teoria osoa biltzen du maisuki El llano en llamas liburuak. “Uste orokorraren kontra, Rulfo ez da irakurtzeko batere erraza, idazle zorrotza da eta ez du soilik eskatzen ipuinak irakurtzea, baizik berrirakurtzea eta oso poliki, arreta handiz, galtzeko arriskua dago bestela”.
Joserra Utretx izeneko lagunak, beste hainbat gauza interesgarriren artean, zera idatzi zuen Susa argitaldarian, 1991. urtean: “(Alejo) Carpentier-ek esan omen zuen Hispanoamerikako kultura funtsean barrokoa zela. Beharbada ez zaio arrazoirik faltako. Rulfok ordea, juxtu kontrakoa erantzun ziezaiokeen, eta ez arrazoi gutxiagorekin. Hizjario koloretsu eta ozenaren azpitik badela berbaro isil bat apenas esan gabe mintzo den murmurio bat, isilduz adierazten den errealitate ukatu bat”. Horrelakoa baita Rulforen prosa, isila, esan gabe esaten duena, hitz gutxirekin mundu bat marrazteko gai.
IPUINAK IPUIN
Zer esan El llano en llamas honetako ipuinei buruz? Lehen pertsonan idatziak gehienak, herri xehearen hizkeraren jabe, hainbat gai hunkitzen dituzte, nolabait laburtzearren, lurrarekin, erlijioarekin, politikarekin edota klase sozialekin bilduko ditugunak. Har dezagun lehena, Macario izenekoa, gaztetxo berezi bat protagonista duena. Jan eta jan, horixe da bere pasioa, eta buruarekin lurra kolpatzea ere bai. Infernura joango dela badaki, nahiz eta amabitxia izan, oraindik orain, benetako infernua. Eskerrak Felipa hor duen eta, batez ere, haren titien esne gozoa.
Har dezagun, adibidez, Lurra eman digute ipuina. Lau dira bidean aurrera egiten duten morroiak: Meliton, Faustino, Esteban eta narratzailea. Lurra eman diete, lur eremu koxkor bat, baina ziztrina, ezertarako balio ez duena. “Nor arraiok egin ote du hainbesteko lautada hau? Zertarako balio du gero!” egingo dute aldarri emandakoa ikustearekin batera. Auskalo zer egingo duten lurrarekin, auskalo zer egingo duten behin hara iritsita. Hitzik ez baitute egiten lau lagunek, ez bada isiltasunaren bitartez.
Har dezagun, esaterako eta azkenik, Izan ere oso pobreak baikara narrazioa. Ustekabeko euri-jasa batek garagar moztu berria suntsitu die narratzailearen etxekoei. Gainera, Tacha neska gaztetxoak 12 urte bete zituenean aitak oparitu zion behia, familiako ondasun baliotsuena, ibaiak eraman du ezerezera. Etxeko beste bi neskek, eskuak eta poltsikoak hutsik izaki, beste bide batzuk bilatu dituzte hutsak betetzeko. Plazer ematen diete gizonei, eta horrek atsekabea ekartzen dio familia kristauari. Tachak negar egiten du galdutako behiagatik, eta bere anaia den narratzaileak sumatzen du arreba txikiari bulartxoetan hazten hasi zaiola, ia oharkabean, patu tristea den galbidea.



Apirila 15th, 2008 at 6:21 pm
guate, aqui hay tomate!