KAVAFISEN SOKA LUZEA

Kavafis poeta greziarra hil zela 75 urte beteko dira apirilaren 29an. Haren poesiaren eragina aztertzen da erreportaje honetan, euskal literaturako bi Kavafiszale fideli esker: Rikardo Arregi Diaz de Herediak eta Angel Errok eman dute Kavafis «azken alexandriarra» esaten ziotenaren poesiari buruzko iritzia.

kavafis.jpg

Asteartean, hilak 29, 75 urte beteko dira Konstantinos Petrou Kavafis hil zela; bai eta 145 urte Kavafis, Cavafis, Cavafy edota Cavaphes jaio zela ere. 70 urteko bizialdiaren ostean, urtebetetze egunez hil zen poeta dugu berau, azken alexandriarra ere esaten ziotena. Eta bi motibogatik deitu izan dute horrela: batetik, inoizko poeta greziar handienetakoa dena Egiptoko Alexandrian jaio baitzen, 1863an. Eta beste alde batetik, garai alexandriar edo helenistikoarekiko hurbiltasuna aitortzen zaiolako Kavafisi. Inoizko poeta greziar handienetako da Kavafis, XX. mendeko figura garrantzitsuenetakoa eta, bide batez, greziera modernoaren berpiztearen eragile nabarmenetako bat. Horiek gutxi balira bezala, greziar poeta itzulienetakoa izatearen ohorea aitortzen zaio, eta literatura unibertsalean gehien eragin duen poeten artekoa ere bada.

kavafisen-poema.jpg

Dena den, hori ez da beti horrela izan, Kavafis ez da beti handienen artekotzat jo. Hasiera garaietan, adibidez, haren poesia estrainioa egiten zen garaikideen artean: ez zituen sentimendu abertzaleak goraipatzen, ez zuen greziartasunaren sentimendurik hunkitzen, inperio bizantziarra berreraikitzearen «Ideia Handia» ez zuen bere poemetan islatzen, ez zen garaiko greziar historiarekin axolatzen. Are gehiago, bere poesia ez zen garaiko kanonekin bat etortzen, ez edukien aldetik, ez forma aldetik, ez eta hizkuntza aldetik ere. Kavafisek arreta, Greziaren loriazko garaian baino gehiago, Greziaren beherako bidean jartzen du, nahasmendu politiko eta morala nagusi den garaian. Ez alferrik, famakoa da «ni heleniarra naiz, ez greziarra» Kavafisen esaldia.

Soka luzea eta korapiloak

Poesiarako zeukan trebetasun apartekoari esker, Kavafisek egoki korapilatzen jakin zuen historia urruneko soka-muturrak bere garaiko muturrekin. Historiarena ez zen soka lineala beretzat. Korapiloz betetako soka dugu beraz Kavafisena, urrunetik datorrena, urrunera doana. Kavafisen irakurketak luzeak bezain zabalak izan ziren, jakituna zen kultura grekolatinoan, eta, diotenez, eragin berezia izan zuten harengan poeta sinbolistek eta parnasianoek.

teseo-minotauro.jpg

Erromantizismoaren gehiegikeriei kontra eginez, parnasianoek formari eman zioten garrantzia, eta sentimentalkeria zen haien etsairik amorratuena. Poeta sinbolisten artean aski ezaguna da Stéphane Mallarmé (1842-1898), eta haren idazkera hermetikoa. Diotenez, halaber, Robert Browning (elkarrizketa dramatikoaren aita) eta K.o. IV mendeko Antologia Palatinoan bildutako poeta helenistak oso garrantzitsuak izan ziren Kavafisentzat, bereziki XII. liburukoak, mutilei zuzendutako amodiozko eta sexuzko poemak biltzen dituena: Kalimako, Meleagro… Irakurketak irakurketa, Kavafis batekin edo bestearekin lerratzen den ezin esan. Korapiloak ez baitira beti estuak.

sokak.jpg

Kavafisen ondoren ere luze jo du sokak. Europan bere lana ezagun egin zedin, funtsezkoa izan zen E. M. Forster (1879-1970) idazle ingelesaren jarduna. 1905 urtean Alexandriara joan zen Forster Gurutze Gorriarekin lan egitera, eta han ezagutu zuen besteak beste Kavafis poeta. Nobelak eta ipuinak idatzi zituen gehienbat Forsterrek, baina Kavafisen poesiari haizea eman zion kontinente zaharrean. Poeta helenikoaren irudia nabarmena da oso Lawrence Durrell idazlearen Alexandriako laukotea lanean. Ezaguna da, era berean, Kavafisen Barbaroen esperoan poema (Erdaldunen esperoan, euskarazko edizioan), eta begi bistakoa da J. M. Coetzee idazle hegoafrikarraren Waiting for the Barbarians nobelan eragin handia izan zuela. Espainian, Luis Cernuda poetaren lanetan ere Kavafis usaina nabari da, eta ondoren, baita Jaime Gil de Biedmaren poesian ere.

Marguerite Yourcenarrek idatzi zuen 1950ean: «Kavafisen poema guztiak oroitzapenezkoak dira; historikoa edo pertsonala, olerki bakoitza poema gnomiko bat da; halako didaktikotasuna ezohikoa da poeta moderno batengan, eta ziurrenik alderdi hori da bere lanean ausartena. Uste dugu galdutako pasioen hondarra dela jakituria, hala pentsatzen ohituta gaude, horrexegatik kosta egiten zaigu ulertzea jakituria dela gogo biziaren formarik sendoen eta kondentsatuena, sutatik sortutako urre-hautsa dela, ez errautsa».

kavafiszaleak.jpg


Kavafiszaleak gurean

Ezin hasi euskal kavafiszaleen zerrenda osatzen Andolin Eguzkitza (1953-2004) aipatu gabe. Kavafiszale handia baitzen bera, eta euskaraz kavafiszaletzeko aukera eman digulako. Izan ere, Olga Omatosekin elkarlanean, Kavafisen Poema antologia osatu zuen, Pamielak 1995ean argitara eman zuena. Zinez ederra da euskarazko antologia, eta egun, sarean irakur daiteke.

Idatzietan igar dakiekeenez, Rikardo Arregi Diaz de Heredia (1958, Gasteiz) eta Angel Erro (1978, Burlata) ere kavafiszaleak ditugu. Hortaz, poeta helenikoaren lana deskribatzeko eskatu diegu biei, eta zera erantzun du Rikardo Arregik: «Kavafisen poesia antirretorikoa da baina oso-oso zainduta dago, erraza ematen du baina hitz bakoitza dago mila aldiz pentsaturik, hizkuntza kultua (katharevusa) eta herrikoia (dimotiki) nahasten ditu, baina azkenari ematen dio nagusitasuna, kaleko hizkuntzaren nolakotasunari. Poeta delikatu eta fin moduan saldu nahi izan dute batzuek baina hori ez da guztiz egia. Ahalmen iradokitzaile handia du Kavafisen poesiak.».

Angel Errok, berriz, zera dio: «Originala da, jatorrira doalako, erabilitako iturrietan zein irudikatzen dituen eszenetan (gainbehera baten aurreko une argigarrian kokatzen gaitu, azelerazioa oraindik zero izan arren, teknikoki amiltzera hasi garenean), eta originala ere bere hainbat poemak ikusmolde bat inauguratu dutelako. Kavafisen aurretik ez genekien Itakara iristea gutxienekoa dela, edo gure hiriak jarraituko gaituela hiriz hiri, edo barbaroak (suntsipena) nolabaiteko konponbidea izan zitezkeela gure asetasunarentzat».

Haien idazkeran eragina izan duela aitortu dute biek. «Nire bost poeta maitatuen artean dago Kavafis. Eraginak? Ez dakit. Nik amesten nuen bezala idaztea posible zela deskubritzea. Hizkuntza erraza baino zaindua erabiltzea. Bakarrizketak erabiltzea, poema beste baten ahotsean jartzearena. Iragana erabiltzea orainaz hitz egiteko. Nostalgia ez nostalgikoa, erromantizismotik aldentzea amodiozko poemetan. Mundu helenistikoarekiko lilura, oro har gainbeheran dauden munduak. Hiria eta hiriko bizimodua». Arregirenak dira aurreko hitzak, eta Errorenak hurrengoak: «Gustua hezi didala uste dut, poema bati arlo guztietan eskatu beharrekoei dagokienez. Kavafis hezitzaile edo gaztetxoen galbideratzaile ona da; nik neukan adineko mutilei zuzentzen zitzaizkion, lilura erotiko bat ere sortuta».

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5