DOSSIER K., ELKARRIZKETA PERFEKTUAREN BILA


Elkarrizketa ugari, hizketa saio mordoa, galdera aldra erantzun beharra. Horixe dakar, besteak beste, Literatura Nobel saria irabazteak. Galdetu bestela Imre Kertész (Budapest, 1929) lehen Nobel hungariarrari. Elkarrizketa uholde hark utzitako hutsuneak betetzeko idatzi zuen Dossier K. liburua, berriki gaztelerara itzuli duten autoelkarrizketa mamitsua.

imre-kertesz-dossier-k.jpg

Imajina daiteke, horrelakorik ez baitugu bizi izan, gauza arrunt xamarra izan daitekeela: ordura arte idazle ez sobera ezagun batek sari garrantzitsua jaso eta elkarrizketak bata bestearen atzetik eskaini behar izaten dituela. Besteren artean, horrelakoxe zerbait gertatu zitzaion Imre Kertész Nobel hungariarrari 2002. urtean, elkarrizketak nabarmen ugaritu zitzaizkiola. Idazleari baina, ez zitzaion iruditzen elkarrizketa uholde horrek benetan harrapatzen zuenik bere bizitza, ez eta bere literatur lana ere. Eta ezinegon horrek kitzikatuta sortu zen Dossier K. liburua, Acantilado etxeak berriki gazteleraz argitaratu duen autoelkarrizketa luze eta zabala. Liburu bitxia da, beraz, Dossier K. hau, dokumentu ordezkatzen gaitza, ez baita soilik estreinako Nobel hungariarraren bizitza eta lanaz mintzo, historiaren eta literaturaren arteko harreman irristakorraz ere ari baita era berean.

2003 eta 2004 urteen artean Zoltán Hafner editore eta lagunak hizketa saio mordo bat grabatu zituen Imre Kertészekin, elkarrizketa sakon bat egiteko asmo sendoarekin. Hamabi bat zinta guztira. Geroago bidaliko zion editoreak idazleari material hori guztia kopiatu eta idatzita jasotzen zuen dosierra. Lehen orrialdeak irakurri ondorenean, dossier mardula alde batean utzi, ordenagailua piztu eta idazteari ekin zion hungariarrak. Modu horretan sortu zen Dossier K. liburua, Kertészek aitortzen duenez “ekimen pertsonalak bultzatuta baino, kanpoko eragin baten ondorioz idatzitako liburu bakarra: egiazko autobiografia bat”. Hala ere, kontuan hartuko bagenu Nietzscheren proposamena –hots, nobela elkarrizketa platonikoetatik datorrela- orduan irakurleak eskuartean duena nobela litzateke.

Genero jolasa dugu beraz, jolas serio eta alaia, Kertészek proposatzen diguna. Zein apaletan kokatuko lukete megadendetan? Nobelan, autobiografian, elkarrizketetan? Denetan legoke egoki, denetan deseroso. Literatur generoaren kontzeptua bere osotasunean zalantzan jarri gabe, generoen malgutasunaz pentsatzera garamatza Dossier K. liburuak, besteak beste. Pentsarazi lezake, halaber, idazle batek bere burua elkarrizketatzea, izan daitekeela zerbaiten seinale.

(Berrian argitara emana)

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5