“APUSTU GOGORRAK EGITEA MAITE DUT, ETA BETI NAGO DENA GALTZEKO PREST”
(Dossier K. liburuko pasarte hautatuak eta itzuliak)
Lehen galdera, zuzena, krotxet bat matrailezurrera bezain. Fiasko nobelan zera idatzi zuen Kertészek: “Hamalau urte eta erdi nituelarik, egoera ergel batzuen ondorioz, ordu erdiz egon nintzen tiro egiteko zorian zen metrailadore baten ahoaren aurrean”. Eta itauna, segidan:
Zergatik idatzi zenuen horri buruz?
Apika, horrexegatik: horretaz hitz egin beharrik ez izateko.
Hain gogorra egiten zaizu?
Badakizu?, Spielbergen dokumentaletan bizirik iraun duten atso-agureak elkarrizketatzen dituztenean bezala gertatzen zait. Gorroto ditut era honetako esaldiak: “Ukuiluan sartu gintuzten…”. “Etxartera atera gintuzten…”. “Budakalasz-go adreilu fabrikara eraman gintuzten…”, eta abar.
Zergatik? Ez al da hori gertatu zena?
Eleberrian, bai. Baina eleberria fikzioa da…
Une honetan gehiago jakin nahi nuke fikzioaren eta autobiografiaren arteko desberdintasunez, izan ere, kritikariek eta irakurleek nobela autobiografikotzat definitu ohi dute Zoririk ez zure eleberria.
Era desegokian, halako generorik ez baita existitzen. Edo autobiografia da edo eleberria da. Autobiografia hautatzen baduzu, iragana ekartzen duzu gogora, ezinbestekoa iruditzen zaizu dena benetan gertatu zen bezala zehatz-mehatz kontatzea edo, esan ohi den legez, egitateei ezer ez gehitzea. Autobiografia on batek dokumentu baten antzekoa behar luke: garai bateko erretratua, “erreferentzia” gisa erabil daitekeena. Eleberrian, ordea, garrantzitsuena ez dira egitateak, gertatu zirenak, baizik egitateei gehitzen zaiena.
Baina, jakin dudanez—eta zuk zeuk baieztatu duzu behin baino gehiagotan zure adierazpenetan—, zure eleberria erabat da benetakoa: historiaren elementu bakoitza dokumentutan oinarritzen da.
Hori ez da fikzioaren kontrakoa. Are gehiago, Fiasko nire liburuan kontatzen dut zer egin behar izan nuen iragana gogora ekartzeko, nire baitan berpizteko zelaietako giroa…
Zure erlojuaren uhala usaintzen zenuen…
Bai, ze larru ondu berriaren usainak gogora ekartzen zidan Auschwitzgo barrakoietan zabaltzen zen usaina. Logikoki, errealitate printza horiek oso garrantzitsuak dira, baita fikzioan ere. Bien artean badago, ordea, oinarrizko desberdintasun bat: autobiografiak zerbait gogoratzen du, eta fikzioak mundu bat sortzen.
Nire ustez, oroitzapenak ere munduaren zati bat sorberritzen du.
Baina munduaren zati horrekin hautsi gabe. Eta hori da fikzioarekin gertatzen dena. Fikzioaren mundua egilearen buruan sortzen den mundu burujabea da eta artearen legeak jarraitzen ditu, literaturarenak. Eta alde handia dago han, forman, hizkeran eta lanaren garapenean nabari dena. Egileak asmatu ditu fikzioaren xehetasun guztiak, osagai guztiak…
Ez al didazu esango zuk asmatu zenuela Auschwitz?
Neurri batean, halaxe da. Eleberrian Auschwitz asmatu eta sortu behar izan nuen. Ezin nintzen oinarritu eleberritik kanpo zeuden egitate historikoetan. Oso era hermetikoan atera behar zen dena, lengoaiaren magiaren eta konposizioaren bitartez. Begira iezaiozu liburuari ikuspuntu horretatik: lehenengo lerroetatik konturatuko zara mundu bitxi eta burujabe batean sartu zarela, non guztia gerta daitekeen, edo hobe esanda, edozer gauza. Historiak aurrera jo ahala, irakurleak duen noraeza sentsazioa indartu egiten da, gero eta nabarmenagoa da bere oinen azpian mugitzen den lurzorua…
Zuk, nolanahi ere, irtenbide bat topatu zenuen.
Ez dut uste. Hemen ez dago irtenbiderik, eta arazoa gurekin doa uneoro alde guztietara, gure itzala balitz bezala. Egiati izateari soilik eman diot nik amore. Baina horretarako—zilegi balekit arazoa muturreko era honetan aurkeztea— Auschwitz behar izan nuen. Hitz egingo al dugu gai alaiago batez?
Horretarako biografia alaiagoa behar…
Osotara hartuta, esango nuke alaitasunaren aldekoa naizela ni. Sentimendu hori besteengan pizten ez badut, errua nirea da. Baina begira: borrokaren poderioz, nahiko goiz erdietsi nuen askatasun intelektuala, eta idazketa hautatu nuenetik aurrera, nire kezkak bihurtu ziren nire artearen lehengai nagusia. Eta ematen du lehengai nahikoa ospela dela, baina formak libratu egiten du, eta alaitasun bihurtzen. Soilik idatz daiteke energia soberakinetik, hau da, alaitasunetik. Idazketa —hau ez dut nik asmatu— bizitza biziagotua da.
Ez zara kikiltzen galdera gogorren aurrean, zure liburuetan ere erakusten duzun bezala. Baina, nola bizi zaitezke haiekin?
Jokalari bat bezala. Apustu gogorrak egitea maite dut eta beti nago dena galtzeko prest. Denok hil behar dugunez, ausardiaz pentsatzeko eskubidea, edo hobe esanda, betebeharra dugu.
Askok diote zure pentsaera pesimista dela.
Ez dakit zer esan nahi duen horrek. Galdera garrantzitsuak ekiditea ez da optimismoa, baizik koldarkeria. Ulertzen dut, baina, kontuak kontu, optimistak hil beharra dauka pesimistak bezalaxe. Edo heriotza onartzen dugu itsuki, edo buru argiz egiten diogu aurre: praktikan berdina da. Nik nahiago dut aurre egin, horrek bizitza beteagoa ematen didalako, eta azken buruan, alaitasun gehiago. Hedonista nauzu, nahiago baduzu.
Moralista ez, ordea.
Moralista ez, inolaz ere. Moralista handien garaia, Montaignerena, La Rochefoucauldena eta abarrena, aspaldi joan zen. Auschwitzen ondoren ez da beharrezkoa giza jatorriari buruzko epaiak egitea. Egun, moralisten bideak masa-mugimenduetara garamatza, arazo gehiago ekartzen dituena eta, gainera, aspergarriagoa dena. Baina utz ditzagun, jarrai dezatela pentsatzen diktadura justuago bat existitzen dela, deuseztatze esparrurik gabe, non mundu guztiak zoriontsu izan behar duen halabeharrez. Niretzat, zoriontasuna beste gauza bat da, eta kito.
Eta egia?
Egia ez da jada unibertsala. Gauza larria da, baina horretaz jabetu beharra dugu. Geure kabuz erantzun: hori da zailena, beti izan da hala. Horren aurrean, hain zuzen, moralistak ihes egiten du. Norbanakoaren iraupenerako ez dira garairik onenak: geure buruak munduaren salbazioaren teorien menpe uztea errazago egiten zaigu, geure existentzia bakan eta errepika ezinari heltzea baino. Geure egia hautatzea, egia-ren ordez. Baina ez gaitezen luza kontu honekin, momentuz.
Nolanahi ere, kritikak irakurtzen dituzu batzuetan. Zergatik?
Giza ahuleziagatik. Eta batzuetan irakasgarria delako. Batez ere gurea bezalako gizarte batean, zentsurek, ideologiek eta posizio-borrokek erabat urratu dutena. Genero burujabea bilakatu da kritika, eta askotan ez du zerikusirik aipatzen ari den lanarekin. Genero lirikoa da, poesia bera baino poetikoagoa.
Hori al da zure esperientzia? Hamarkadetan zehar zure izena apenas ezagutu ondoren, 2003an zure lanari eta zuri buruzko monografiak argitaratu zituzten Hungarian.
Ez nuke esker txarreko agertu nahi, baina kasu bakar batek ere ez zidan pentsarazi lan horiek neure buruaz ari zirenik, are gutxiago nire lanaz.
Uste duzu ez zaituztela ulertzen?
Nik ez ditut haiek ulertzen. Hizkuntza desberdinetan mintzatzen gara, balore desberdinak jarraitzen ditugu. Baina nahiago nuke kritikaren gaia itxiko bagenu. Ez da emankorra, aspergarria da.
Amaitzeko, Fiasko eleberrian “Zaharra” deritzon pertsonaiak esaten dituen hitz batzuk aipatu nahi nituzke: “Ez naiz hitz askatzailearen jabe; ez zitzaidan interesatzen ez perfekzioa, ez edertasuna, ez baitakit zer diren ere. Loriaren ideia zahartzaroko masturbazio saioa iruditzen zait; eta hilezkortasuna, sinpleki esanda, irrigarria”. Ez duzu hor kontraesanik ikusten?
Jakina. Nonahi ikusten dut kontraesana. Baina maite ditut kontraesanak.
(Oraindik gose bazara, informazio gehiago daukazu hemen eta hemen, adibidez)


