KING KONGEN BIGARREN SEXUA

68ko maiatza, 08ko maiatza. 40 urte eta hamaika testu iraultza ekarri uste zuen iraultza hartaz. Simone de Beauvoirren ‘Le deuxiéme sexe‘ liburua bolo-bolo zebilen orduan. Orain gutxi, berriz, Virginie Despentes destroy punkak ‘King Kong Théorie‘ idatzi du, feminismo tradizionalaren osteko garaiak bizi ditugula ohartarazteko.

virginie-despentes.jpg

“Azken garaiotan, Frantzian, errieta baino ez digute egiten 70etako urteen harira. Okerreko bidea hartu dugula, zer egin dugun iraultza sexualarekin, gizontzat al daukagun geure burua edo, gure tontakeriekin, auskalo nora joan ote diren gizontasun zahar eta ona, aitarena eta aitonarena, gerran hiltzen eta etxea autoritate osasuntsu batekin gidatzen zekiten gizon haie-na. Eta legea beren alde dutela. Errieta egiten digute beldurra digutelako”. Virginie Despentes idazlearen hitzak dira, King Kong Théorie orain dela bi urte argitaratutako liburuan irakur daitezkeenak.

Erreportaje hau ez da, noski, ur handiegitan sartuko. Garai bateko eta besteko feminismoa aztertzeko asmorik gabe, 60 urte hauetan gauzak zertan aldatu diren orokorki azaltzen hasi beharrean, bi testutan erreparatzea da asmoa. Batetik, De Beauvoir, Simone, eta haren Le deuxième sexe, 1949an argitaratua, artean 68ko maiatzean feministek eskuliburu gisa erabiltzen zutena. Bestetik, oraindik ere, eta azken berrien esperoan, inongo iraultzek oinarritzat hartu ez duen liburua, King Kong Théorie, Virginie Despentes idazlearena, batzuen ustez fundazio-manifestu baten balioa duena. Asmoa ez da biak konparatzea, ezta maila berean jartzea ere. Asmoa da emakumetasunaren gaineko bi saiakera, bi ikuspegi aurkeztea.

king-kong-theorie.jpg

KING KONG TEORIA. «Frantziar letretako destroy punkaren erregina». Ez da izendapen makala. Halakoxe etiketa erantsi zioten Virginie Despentes idazleari (Nancy, 1969) Baisse-moi (1994) lehen literatur lana kaleratzearekin bat. Danbada erabatekoa ekarri zuen liburu hark. Hastapenetan, ez zioten inon publikatu nahi, nahikoa trash omen zen, ez nahikoa konbentzional. Hala jaio zen Despentes anderearen legenda garaikidea: peep show bateko langile, prostituta, Baisse-moi liburuaren izen bereko film zentsuratuaren sortzaile, Les chiennes savantes (1996) eta Les jolies choses (1998) liburuen egile, 50.000 aletik gora saldu ditu momentuz bere azken lanarekin, King Kong Théorie izenekoarekin. Genero eta sexualitate eredu zaharkituak hankaz gora jartzen dituen saiakera zuzena, autobiografiatik ugari duena. Terapeutikoa, batzuentzat. Beharrezkoa, denontzat.

«Itsustasunetik idazten dut nik, eta itsusientzat, kamio-gidarientzat, frigido direnentzat, larrua gaizki jo dietenentzat, larrua ezin jo zaienentzat, histerikoentzat, eroentzat, neska onaren merkatu handiak bazterrean utzitako guztientzat. Eta honekin hasi nahi izan dut gauzak garbi geratzearren: ez nator barkamen eske, ez eta kexatzeko asmoz ere. Ez nuke nire lekua beste norbaitenarengatik aldatuko, Virginie Despentes izatea beste edozein gai baino interesgarriagoa iruditzen zait». Autobiografia eta saiakera nahasten dira hemen, literaturak Despentesi eskaini dion lurralde libre xamar honetan. Bortxaketa, prostituzioa, zinema pornoa ardatz, feminismoaren birplanteamendu berritzaile bat ikusten dute batzuek King Kong Théorie honetan, manifestu moduko bat; beste batzuek, berriz, kontu kitatze pertsonal bat dela diote.

Indiferente, baina, inor gutxi utzi du. Ezin eta. «Bortxaketa, programa politiko zehatz bat da: kapitalismoaren hezurdura, botere ariketaren antzezpen gordin eta zuzena. Dominatzaile bat izendatzen du eta jokoaren arauak antolatzen ditu, dominatzaile horrek bere boterea mugarik gabe erabiltzea ahalbidetzeko». Eta puntua, beti, esperientzia pertsonalak jartzen dio: «1986ko uztaila, 17 urte dut. Bi neska gara, minigonekin, leotardo marradunak eta Converse zapatila gorriak daramatzat nik (…) Auto bat, hiru mutil zurirekin, aldirietako kaskar horietarik, garai hartan tipikoak, garagardoak, porroak, Renaud kantariaz mintzo dira. Hiru dira, hasieran ez dugu haiekin igo nahi». Istorioaren amaiera imajina dezakegu, noski.

king-kong-theorie2.jpg
(politikoki zuzenagoa eta zozoagoa da bigarren azal hau, ezta?)

Ez bakarrik esaten dena, nola esaten den ere oso da garrantzizkoa Despentesen lanean: «Harrigarria da 2006. urtean, mundu guztia ordenagailu eramangarri ñimiñoekin, argazki kamerekin, patrikako telefonoekin, agendekin eta musika aparailuekin paseatzen den bitartean, oraino aluan sar dezakegun objektu bakar bat ere ez existitzea, itzuli bat egitera atera eta baimenik gabe sartu nahiko ligukeen lehen kaikuari buztana zatikatuko liokeena». Hizkera horrek harritu du jendea, bai eta betikoak asaldatu ere. Lehen liburutik bertatik etorri zaizkio, ordea, erasoak. «Lehen liburu bat idatzi nuen, nire emakume izenarekin sinatu nuena, segundo batez pentsatu gabe gero, publikatzean, igaro ezin nituen mugen zerrendarekin etorriko zitzaizkidala kontu eske».

Elkarrizketa batean galdetu zioten ondorengoa: «Zuretzat feminitatea morrontza modu bat da, prostituzio bat. Meneko emakume bat aurpegirik gabeko emakumea da. Non hasiko litzateke iraultza?». Eta honatx arrapostua: «Lesbiana egitea ez litzateke hasiera eskasa». Posetik badu erantzun horrek, posetik badu Virginie Despentesen irudi publikoak, hainbeste dira ezarri zaizkion etiketak. Intuitzen dugu, hala ere, haren testuek badakitela zer dioten: «Generoen iraultza deritzon leku ezezagun horretarantz ez bagoaz, badakigu zehatz nora itzuliko garen. Infantil bilakatzen gaituen Estatu ahalguztidun batera, zeinak gure erabaki guztietan eskua sartzen duen, gure hobe beharrez, noski; gu hobeki zaintzeko aitzakian haurtzaroan mantentzen gaituen Estatu ahalguztidunera, ezjakintasunean eta zigorraren eta bazterketaren beldurrean oinarritzen dena».

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5