HIPOPOTAMO EGOSIAK, MITOA LODITZEKO

Aurki argitaratuko du Penguin etxeak ‘And the Hippos were boiled in their tanks’. Alegia, William Burroughsek eta Jack Kerouacek, Beat belaunaldiko bi ikonok, bi eskutara idatzitako eleberri argitaragabea.

beatnik-kuadrilla.jpg

Kevin Heredia

Fikziozko kontakizuna da, 1945ean idatzia, eta aurtengo azaroan lehen aldiz argitara aterako dena, Penguin Classics bilduman. And the hippos were boiled in their tanks du izena, hau da, “Eta hipopotamoak egosita zeuden haien tankeetan”. Bederatzina atal idatzi zituzten bi egileek, denera 18: William Burroughsek atal bakoitiak idatzi zituen, eta Jack Kerouacek bikoitiak. St. Louiseko zoologikoan gertatutako sute bati egiten dio erreferentzia izenburuak, gertakari hura kontatzen zuen irrati-albiste bati, hain zuzen. Liburuaren ernamuina den gertakaria, berriz, oso da bestelakoa: hilketa bat, benetan gertatutakoa.

Liburuak, berez, ez zuen aparteko garrantzirik izan Burroughsen eta Kerouacen literatur ibilbidean. Izan ere, inork ez zuen argitara eman nahi izan, eta haiek ere etsi egin zuten azkenerako. Lucien Carr haien lagunak egindako hilketak, ordea, aparteko garrantzia izan zuen haien bizitzetan. 1944an 19 urteren jabe zen Carr, eta diotenez, mutil ederra zen. David Kammerer izeneko adiskide bat berarekin maitemindu egin zen, baina gau batez, mozkor-borroka baten ondoren, Carrek labanaz hil, eta Houdson ibaira bota zuen Kammererren gorpua. Izututa, Burroughs eta Kerouac adiskideengana jo zuen gazteak, eta dena kontatu zien. Gertakari haren ondorioz, azkenean, espetxean egonaldi laburra egin behar izan zuten bi idazleek; Carrek 20 urteko zigorra jaso zuen, baina adingabea zenez, bi urte baino ez zituen bete giltzapean.

burroughs-ta-kerouac.jpg

Liburu horren argitalpenak helburu komertzial argiak ditu, literarioak bainoago. Burroughsek berak elkarrizketa batean aipatu zuenez, “bigarren mailako materiala da”. Liburuaren oinarrian den hilketaren harira, zera adierazi du berriki Joyce Johnsonek, Kerouacen bikotekide ohiak: “Gertakari hark taldea dinamitatu egin zuen. Hondamena izan zen, bakoitzak bere aldetik jo zuen”. Maila pertsonalean sartu gabe, alabaina, sakabanatze hark literarioki mesede egin ziela dirudi, gertakari haien ondoren iritsi baitziren Beat belaunaldiko alerik laudatuenak: Kerouacen On the road, eta Burroughsen Junkie, esate baterako.

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5