NEAL CASSADY, TINTA BIZIA
Idatzi, apenas idatzi duen Cassadyk. Pertsona gutxi izango dira, ordea, berak bezainbeste tinta literario isurarazi duena. Bere izena preseski azaltzen ez bada ere, Neal Cassadyren izaerak pertsonaia ugari elikatu zituen, ezagutu zutenek lerroak eta lerroak eskaini zizkioten. Allen Ginsbergen hauek, esate baterako, Harkaitz Canoren Ulua itzulpenean: «Coloradon putarik puta ibili zirenak gau-auto lapurtuetan, / N.C., poema hauetako heroi sekretua, / hazitarako moduko zezenkoa bera, Denverko Adonis, / aintza eta loria larrua jo zien neska zenbaezinen omenez!».
Jack Kerouacen On the road lanak heroi bihurtu zuen Dean Moriarty, jatorrizko eskuizkribuan Neal Cassady izena zuen pertsonaia. Kerouacen beste bost liburutan azaltzen da Cassadyren irudia, Cody Pomeray izenez horietako lautan, eta The subterranean liburu laudatuan, Leroy izenez.
Gonzo kazetaritza estiloaren sortzaileak, Hunter S. Thompsonek, Hells Angels motorzale taldeari buruzko liburu bat idatzi zuen 1966an, eta bertan azaltzen da Cassady, «berriki atera diren bi nobeletako protagonista literala» Thompsonen hitzetan, drogatuta eta poliziari oihuka, Hells Angels taldeak Ken Kesey idazlearen etxean egin ohi zituen festa horietako batean.
Hain zuzen, Ken Keseyren ekimenez antolatutako Furthur autobus psikodelikoaren bidaietan, gidari lanetan aritu izan zen Cassady bolada batez. Hala azaltzen da Tom Wolferen The Electric Koll-Aid Acid Test liburuan. Keseyk berak ere bi kontakizun idatzi zituen Cassadyren omenez: Over the Border 1978an, eta The Day After Superman Died, 1979an. Bi narrazioetan Houlihan izenez ageri da Cassady. Azkenik, Charles Bukowskiren Notes of a Dirty Old Man liburuan, zera irakur dezakegu: «Kerouacen mutiko Neal C.»

