HAUTATUAK ETA ITZULIAK
BIDEAN, Jack Kerouac
“Emaztea eta biok banandu eta denbora gutxira ezagutu nuen Dean. Gaixotasun larri bat pasa berri nuen, zeinari buruz ez dut lanik hartuko hitz egiten, salbu eta banaketa ia eramanezin horrekin eta oro hilik zegoelako nire sentipenarekin zerikusia zuela. Dean Moriarty-ren agerpenarekin, “errepideko bizitza” gisa izenda daitekeen nire bizitza zatia hasi zen. Hori baino lehen behin baino gehiagotan aritu nintzen fantasian Mendebaldera joatearekin, planak lausoki eginez eta sekula burutu gabe, beti ere. Dean errepiderako morroi perfektua da zeren errepidean jaio zen hain zuzen, bere gurasoak Salt Lake City-tik pasatzen ari zirela, auto zahar batean, Los Angeles bidean. Berari buruzko lehendabiziko albisteak Chad King-en bitartez jaso nituen, zeinak Mexico Berriko erreformatorio batetik Deanek idatzitako eskutitzak erakutsi zizkidan. Eskutitzok zinezko interesa sortu zidaten zeren bertan, modu xalo eta maitagarrian, Nietzsche eta Chadek zekizkien gainontzeko kontu intelektual miragarriak erakuts ziezaion eskatzen baitzion Chadi Deanek. Egun batez, Carlo eta biok eskutitzen gainean mintzatu ginen eta Dean Moriarty arraro hori ezagutzera iritsiko ote ginen galdegin genien geure buruei”.
JUNKI, William S. Burroughs
“Bill Gains Lexington-era joan zen eta nik autoa hartu nuen Texas-era partitzeko asmoarekin. Bi gramo droga nituen. Pentsatzen nuen horrekin nahikoa izango nuela nire mendetasuna ezarian murrizteko, desagertzeraino. Desintoxikazio plan bat osatu nuen artatsuki. Ustez, hamabi egun iraun behar zituen. Droga disoluzioan neraman, eta beste botila bat ur destilatuz betea. Tanta kontagailua droga disolbatuz beteko nuen aldiro, ur destilatu kantitate bera gaineratuko nuen soluzioko botilan. Azkenerako, ura injektatuko nuen bakarrik. Yonki guztiek ondo ezagutzen duten metodoa da. Beste aldaera bat sendabide txinatarra izenekoa da, zeina laudanoz eta Wampole bizigarriz egiten baita. Aste batzuen buruan, Wampolea edaten duzu bakarrik.
Lau egun ondoren, Cincinnati-n, drogarik gabe nengoen eta abstinentzia sindromearen lehendabiziko sintomekin. Ez dut sekula ezagutu sendabide horietakoren bat funtzionatu dionik. Beti topatzen da arrazoirik droga kopurua murrizten duen salbuespenezko ziztako baterako. Azkenean, bukatu egiten da eta lehen bezain lapatuta jarraitzen duzu”.

