BEATNIK EZ HAIN EZAGUNAK

Kerouac, Ginsberg, Burroughs. Hiru izen horiek dira Beat belaunaldiarekin usuen lotzen direnak. Eta, egia da, arbola potoloenak eurak izan zirela, baina horien itzalean geratu ziren argitara ekartzea merezi duten beste izen hauek ere. Hiru izenek ez baitute belaunaldi bat egiten.

corso1.gif
GREGORY CORSO (1930-2001)

Azala kartzelako liburutegian gogortu zuen Corsok, bertan hasi zen poemak idazten. Nerabe, denboraldiak igarotzen zituen giltzapean, irrati bat lapurtzeagatik, eta abar. 50ean kalea berriz zapaldu eta Ginsberg ezagutu zuen “The Pony Estable” tabernan, New Yorken. Gerokoak dira Corsori eskaini zizkion loreok: “Amerikako poetarik handiena” omen. Behargin, marinel, saltzaile, izandako hamaika lanbideetatik ateratzen zuen idazteko zukua, eta halaxe sortu ziren Gasoline (1958), Bomb (1958) eta The Happy Birthday of Death (1960). Erroman datza bere gorpuak, gurasoek atzean utzi zuten lurrean.

carolyn-robinson.jpg
CAROLYN ROBINSON (1923)

Gutxi aipatzen diren arren, emakumeak ere izan ziren Beat belaunaldiaren baitan, eta ez gutxi. Akaso izango da garaiko emakumeak egun baino are baztertuagoak zeudelako garaiko literatur historiografian. Baina kontua da izan bazirela: Joan Volmer, bere senar William S. Burroughs-ek punteria gabeko Guillem Tell baten antzera pistolaz hil zuena, esaterako. Beat idazle horietako bat dugu, beste Beat idazle baten emazte Carolyn Robinson, esposatu ondorenean Cassady. Idatzitakoen artean ezagunena Off the Road lana litzateke Twenty Years with Cassady, Kerouac, and Ginsberg azpitituluduna. Belaunaldiko kideen gorabeherak larrutzen dira bertan, gordinki.

john-clellon-holmes.jpg
JOHN CLELLON HOLMES (1926-1988)

Holyoke hiritxoan jaioa, Massachusetts estatuan, idazle, poeta eta irakasle izan zen Holmes. Go eleberriagatik da batez ere ezagun, lehen Beat nobelatzat hartua baita aipatu lan horixe. “Beat lasaia” izenarekin bataiatu zuen norbaitek, eta Kerouac jaunaren lagun estuenetakoa izan zen. Eta, izan ere, Kerouac, Cassady, Ginsberg eta enparauen ibileren berri eman zuen Go izenekoan. Idatzi zuen besterik baina, The Horn esaterako, “Beat belaunaldiaren behin betiko jazz nobela” gisa gogoratua izango dena. 62ak bete baino lehentxeago eraman zuen minbiziak, orain hogei urte.

orlovsky-ginsberg.jpg
PETER ORLOVSKY (1933)

Hiru hamarkada luzez Allen Ginsberg-en idazkari eta amorante izandakoa, poeta gisa nabarmendu zen besteren gainetik Orlovsky. Dear Allen, Ship will land poema bilduma kaleratu zuen 1971n, inspirazio iturri nahastezinekoa. Gerora etorriko ziren Lepers Cry (1972) edota Ginsberg-ekin batera idatzitako Straight Hearts’ Delight: Love Poems and Selected Letters (1980). Egiten zuenaren lagintzat, “Bigarren poema” deiturikoaren azken partea: “Jainkoari eskerrak begi inuzentea dut naturarentzat./ Jaio nintzen maitasunari buruzko abesti bat gogoratzeko –muino batean tximeleta batek/ kopa bat egiten du zeinetik edaten dudan/ lorezko zubi baten gainean oinez”.

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5