MALDITO PARNÉ edo diru madarikatua

(XIRIKA gazte kazetaren azkeneko alean argitaratua)

Nahi ala ez, hemen bizi gara: diruaren diktaduran. Aireaz, lurraz, eguzkiaz eta euriaz bizi gaitezkeela pentsa dezakegu, baina, ez, ez dugu fotosintesia egiten. Diruak (metal, paper, zenbaki isil horrek) agintzen du neurri handi batean zer egin dezakegun, noraino hel gaitezkeen. Eta kultura, jakina, ez da patu horretaz libratzen.

dirua.jpg

Kevin Heredia

Euskarazko wikipedian sartzen bazara eta “kultura” hitza bilatzen baduzu, zera irakurriko duzu: “Kultura, oro har, gizarte edo gizatalde baten ezaugarri diren berezitasun espiritual, material, intelektual eta afektiboak dira”. Oso ongi. Baina euskarazko wikipedian “diru” hitza bilatzen baduzu, ez duzu ezer irakurriko. Artikulua falta da, eta horrekin batera, dirua falta da euskal kulturan. Gurean, ostera, ez da falta berezitasun espiritual, material, intelektual eta afektiboak lantzen dituen jendea. Are gehiago, asko gara.

Krisian sartu garela esaten digute hedabideetan, krisia egoera berria balitz bezala. Beti egon gara krisian, hobeto edo okerrago (nondik begiratzen den), baina beti krisian. Inoiz baino kultur produktu gehiago dago gurean, inoiz baino lagun gehiago dabil kultur kontuetan lanean. Nola, ordea? Zein baldintzetan bizi da euskal kultura? Hitz higatua da, itsusia, baina esan egingo dut: prekarietatean. Euskal kultura ez da simulakroa, euskal kultura prekarioa da.

Barre egiten zaio kulturaz eta kulturatik bizi nahi duenari: inuzentea… Normal-normala baita kultur munduko jendeak beste ogibide bat izan, eta kulturari hobby orduak eskaintzea. Harkaitz Canok esan zuen orain gutxi, Argian idatzitako artikulu batean (“Fikziozko dirua” deiturikoan, hain zuzen): “Kultur sortzaileei egindako lanagatik merezi dutena ez ordaintzea, betiereko amateurkeria baterako kondena da. Aurrez gaude kondenatuta (horretan ere)”.

Egiturei dagokionez, krisiak ez du kolore arras diferentea. Argitaletxeak paperaren krisiaz mintzo dira, irakurle baino idazle gehiago daudela, eta abar. Disko-etxeek atzera egiten dute, piraten sareak omen du errua. Egunkariak ere gero eta finagoak dira, diru-eskasiak eraginda, gehigarriak kengarri bihurtzen dituzte eta euskal irakurleen begientzat orriak eta orriak desagertzen dira. Badaezpadako inbertsioak egiten dira, krisiari aurre egiteko neurriak, baina betikoa: langileak dira lehenak gerrikoa koxka bat gehiago estutzen, edo/eta beste norabait joaten.

Zaindari eskasak

puppy-guggenheim.jpg

Bilboko Puppy ez da zakur zaindari ona. Milioiak eta milioiak ostu dizkiote muturren aurrean, loreak aldatzen zizkioten bitartean. Titaniozko etxola edo txalupa edo dena delakoak mesede handia egin die pintxoei eta hoteletako logela bakartiei. Kulturari, ordea, euria egiten duen bakoitzean egiten dio aurpegian ttu. Dirua da hori, guretzat dirutza, nahiz eta agintarientzat txakur-txikiak besterik ez diren. Horietako batek behin esan zuen moduan, “30 kilometro autopista besterik ez du balio” museo ditxosozkoak.

Nork zaintzen du euskal kultura? Diruz elikatzen, esan nahi dut. Erakundeek subentzionatutako sasi-kultura dela gurea, askotan entzun dugu hori. Diru-laguntzak ematen dira, hori egia da, sariak eta halakoak antolatzen dira, hori egia da, baina zertarako balio du horrek? Nahikoa al da? Zergatik lotsatu kulturarako lau txakur txikiez enpresa eta negozio ultrasubentzionatuak ditugun herri honetan? Euskal kulturaz eta kulturatik bizitzea ameskeria da oraindik ere askorentzat, eta besteentzat, bide zinez izerditsua. Lanak ematen ditu egindako lanak kobratzeak, Canok zioen moduan: “Batekin aski ez eta, bi lan: lana egitea bata, kobratzea bestea”.

Neurriak hartu behar direla esango du batek, alternatiba eskaini beharra dagoela besteak. Baina ez naiz ohiko zoko horietara joango. Krisian gauden arren (beti bezala), nahikoa aurreratuko genuke aireaz, lurraz, eguzkiaz eta euriaz bai, baina diruaz ere hitz egiten hasiko bagina. Nahi ala ez, hemen gaude: diruaren diktaduran. Eta bizi egin nahi baldin badugu, hemen eta orain, dirua behar dugu. Hona paradoxa: diru-faltak itotako paperetan idatzi ditut hitz hauek.

[Eguneratzea: Euskarazko wikipedian “diru” hitza bilatzen baduzu, lerro batzuk irakur ditzakezu. Aurrera goaz, alajaina!]

zabaldubildudel.icio.us

”MALDITO PARNÉ edo diru madarikatua” istorioak iruzkin 1 du.

  1. zabaldu.com-(r)en iritzia:

    Xirikaren agurra eta Kevin Herediaren madarikazioa…

    Xirika kazetaren azkeneko zenbakian (ez da gehiago argitaratuko) Kevin Herediak euskal kultur esparruko langileen baldintzetaz gogoeta egin du, "MALDITO PARNÉ edo diru madarikatua" testuan. Hona pasarte bat: "aireaz, lurraz, eguzkiaz et…

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5