NI EZ NAIZ PAUL AUSTER
Urria 26, 2008 | Egilea: kevinherediaBizkarroiarena egiten pasa dut joan den astea, Bartzelonan, lagun baten etxean. Irakurri (eguzkitan), musika entzun (rumba) eta jan (pà amb tomaquet), hori egin dut funtsean. Horrez gain, turista ibili naiz liburu-dendetan eta etxerako hartu dut, besteak beste, Enrique Vila-Matasen liburuxka bat, Cuardernos Alfabia bildumakoa. Bi kontakizun labur ditu liburuxkak: Ella era Hemingway, eta No soy Auster. Bat aukeratzekotan, bigarrenak eman dit atsegin gehien. Paul Austerrekiko «ahuldadea» duela aitortzen du Vila-Matasek, eta New Yorkeko idazle ospetsua gutxiesten duten ahotsen aurka oldartzen da, ohi duen elegantzia lasaiaz. Sinpatia literario guztiak pizten dizkion idazlea dela dio, azken finean, xarmagarria iruditzen zaio Auster, «sencillamente encantador». Horregatik barkatzen dizkio akatsak, eta bertuteak goraipatzen.
Zer pentsatua eman dit Vila-Matasen argudioak, itxura batean ahula izan arren, zentzuduna delako oso. Bartzelonako idazleak arrazoi du: Austerrek xarma dauka. New Yorkeko trilogia irakurri nuenetik dena barkatzen diot, eta bere liburuen irakurketak eragiten didan edozein kilika puztu egiten dut, ezinbestez. Bere lan batzuk (Brooklingo erokeriak, esate baterako) literarioki argal samarrak iruditu zaizkit, baina tira, Auster Auster da, eta berehala ahaztu dut liburu haiek utzitako inpresio pattala.
Etxean bizkarroi hartu nauen lagunari ordea, hobe Austerrez ez hitz egitea. Idazkera gris horrekin, ez diola xarmarik hartzen esan dit, kea saldu besterik ez duela egiten. «Baina kearen ondoren, hor uzten ditu hausterrak» saiatu naiz, irribarretsu. Lagunari ez zaio hitz-jokoa gustatu. Ez du Auster maite. Hala ere, harritu nau liburu baten aurkezpenera joateko proposatu didanean, nor eta Auster bera etorri delako Bartzelonara, nora eta udaletxera, bere azken liburua (Gizon bat ilunpean) aurkezteko, gaztelerako bertsioan. «Uste nuen gorroto zenuela» esan diot lagunari, eta erantzun dit ez dela inoiz udaletxera sartu, badela garaia. Zazpietan da aurkezpena, hogei minutu lehenago iritsi gara gu. Beranduegi, jende ilara luze bat ikusi dugu ondoko kalera iristen. Jarri gara ilaran, hala ere, eta Austerren aldeko argudio literarioekin egoera baretzen saiatu naizen arren, inoiz baino haserreago ikusi dut laguna aurkezpenera sartu ezinik gelditu garenean. Eskerrak ni ere ez naizen Paul Auster.



