DESERTUKO TRABESIA
Gertatu zait, Super Mario Benedetti finitzearekin bat, poesiari heldu diodala atzera. Boladak izaten dira. Halako maitasun-gorroto bat, amodioa bainoago, amorrodioa. Besterik irakurtzen ez dudan garaiak ditudan legez, desertuko trabesia batera abiatzen zait poesia, noizean behin. Hemen aipatu izan dut inoiz poetarik, Philip Larkin, esaterako, Francis Ponge, beste batean, Wallace Stevens handia, noski. Beraz, ezin esan dezake inork generoaren etsai naizenik. Baina ezta maitale itsu ere. Adi-adi jarraitzen diot, jarraitzen diodanetan, aldamio gaineko langileek minigona bati jarraitzen dioten moduan.
Irakurri izan dut poesia, eta tarteka, atsegin hartu. Benedetti bera, gauza batzuk bai (nerabezaroan, batez ere) eta beste batzuk ez (helduaroan, nagusiki). Baina gaur egunean gero eta zailagoa egiten zait poesia irakurri eta atsegin hartzea. Orain artekoak hortxe daude, noski, baina geure garaikide postmodernoak? Horiekin dut nik zera ziztrin bat, ezinegon lodia. Poesia lirikoa zer den ulertu genuen bere garaian, Pere Ballart unibertsitate irakaslearen eskutik, El contorno del poema saiakeran. Baina, orain, poesia bera zer den ez dut argi, «poesia zu zeu zara» okaztagarri horretatik haratago. Anne Carson kanadarraren poema bilduma bat hartzen duzu, eta, to, lehenengoa muturrean: The Beauty of the Husband: A Fictional Essay in 29 Tangos. Poema bilduma bat al da? Fikziozko saiakera? Hogeita bederatzi tango? Ez, Superman, notejode! Eta, bai, kontziente naiz, generoena, sailkapen ororen antzera, ihes egiten diguten kontzeptuak klasifikatzeko eta ulertzen saiatzeko saiakera dela, eta mugak ez direla ez osoro definitibo, ez behin betirako ere.
Horrelakoetan egin ohi dudanez, telefonoa hartu eta Losada lagunaren zenbakia markatu dut. Mekasuen. Goizaldeko ordu bata, ttanko. Mmm…baaai? Gabon, Losada. Joder Heredia, zer ordu dituk hauek? Losada, hik ba al dakik zer den poesia? Ostia… hi haiz poesia, Heredia, hi heu. Ez, serio, ba al dakik? Laletxe, horretarako deitzea ere ordu hauetan… ez dakit… poesia editoreek poesia dela erabakitzen duten hori duk, motel, argitaletxeetako poesia sailetan publikatzen den hori. Eta orain, gabon Heredia… Bain…klik, Gab… tu, tu, tu… Telleria jaunak, akaso, beste erantzun bat izango luke, baina bere semeengan pentsatu dut, bihar eskola eguna da. Eta azkena erosi dudan liburua irekitzea beste erremediorik ez dut izan, poesia postmodernoa ulertzeko saiakeran, Agustin Fernandez Malloren Postpoesía. Hacia un nuevo paradigma. Liburua ireki eta, lehenik, arrautza frijitu bat, aurkibide gisan. Berandu da, goizaldeko ordu biak, ia. Bero kolpe bat nabaritu dut. Haize zakarra altxa da. Harea aleak begietan.


August 15th, 2009 at 4:01 am
Oraingoan
Eguzkia
Hodeiaren
Gainetik
Pasa da.
Esta vez
es el sol
el que pasa
por delante
de la nube
-Arraultz frijitua