LE DEUXIÈME SEXE

Maiatza 29, 2008 | Egilea: kevinheredia

“Zalantza egin dut denbora luzez idatzi behar ote nuen liburu bat emakumeari buruz. Gaia haserregarria da, bereziki emakumeentzat; eta ez da berria.” Esaldi horrekin abiatu zuen Simone de Beauvoirrek Le deuxième sexe, idatzi feministen artean ezbairik gabe klasiko kontsideratua dena. Diotenez, De Beauvoirren lanik ezagunenak iragan mendearen bigarren erdiko feminismo guztia elikatzeaz gain, mende osoko lan feministarik garrantzitsuena da.

simone.jpg

Hasiera batean, saiakera autobiografiko bat egitea zen De Beauvoirren asmoa. Memorietan idatzi zuenez, bere buruari hamaika bider egindako galdera azaldu zion behin Jean Paul Sartreri: “Zer ekarri du niretzat emakume izateak?” Galdera erretorikoa zen, noski. “Galdera honek” jarraitu zuen Simonek “ez dit inoiz arazorik sortu, ez naiz inoiz gutxiago sentitu emakume izateagatik. Emakumetasuna ez da arazo izan niretzat”. “Hala ere,” esan zion Sartrek, “ez zaituzte mutil gisa hezi. Pentsa ezazu horri buruz”. Hala joan omen zen eraldatzen borondate autobiografikoz abiatutako lana, hala joan zen bihurtzen Le deuxième sexe. Norbanakotik abiatuta egin zuen De Beauvoirrek bere ideien orokortzea. Hala ulertzen baitu filosofia existentzialistak: gizakiaren halabeharren bakantasunean ikusten du haren izatearen unibertsaltasuna.

Galdera potoloak bota zituen De Beauvoirrek: “Emea izatea ez baldin bada nahikoa emakume gisa definitzeko, errefusatzen baldin badiogu ‘eternal femeninoa’ aipatzeari, eta onartzen baldin badugu, behin-behinean behintzat, badirela emakumeak lur gainean, orduan egin behar dugun galdera hauxe da: zer da emakumea?”. Galdera horri erantzunen argia pizteko asmoz idatzi zuen liburua, eta tartean batere ohikoak ez ziren galderak eta esaldiak utzi zituen paper gainean: “Emakumeek zergatik ez dute zalantzan jartzen gizonen agintea?”; “Akaso, egunen batean, ugalketarako ez da beharrezkoa izanen gizonarekin elkarlanean aritzea: antza denez, hala nahiago lukete emakume askok”. Aipatu behar da De Beauvoirrek ironiaren laguntzaz egiten dituela irakurketa zorrotz ugari.

beauvoir.jpg

Le deuxième sexe feminismoaren lan fundazionaletako bat dela diote askok. Lan entziklopedikoa dela ere esaten da, hain zuzen emakumetasuna ikuspuntu anitzetatik aztertzen duelako. Saiakeraren lehen zatian, biologiaren, psikoanalisiaren, materialismo historikoaren eta mitologiaren diskurtsoek emakumea “alteritate” bezala aurkeztu dutela azaltzen du De Beauvoirrek. Bere esanetan, emakumea beti izan da “bestea”. Ideia hori hobeto ilustratzeko, ikuspegi maskulinoaz baliatzen da, kanpotik begiratzen dio emakumeari, alor askotako jakintzak baliatzen ditu emakumearen mendekotasun historikoa azaltzeko.

“Emakumea ez da jaiotzen, egin egiten da”. Hala hasten da Le deuxième sexe lanaren bigarren liburukia. Antzeko ideiak idatzi zituen Mary Wollstonecraft egileak aurretik, baina De Beauvoirrek berak hasieran aitortu zuenez, gaia ez zen berria. Bigarren zatian, “Bizitako esperientzia” deiturikoan, barrutik begiratzen dio emakumeari, hain zuzen, esperientziaren barrenetik.

simone-bikoitza.jpg

Mendebaldeko gizartean emakume izatearen esperientzia aztertzen du De Beauvoirrek, filosofia existentzialistaren ikuspegitik. Garaiko filosofo existentzialisten ideiei, oro har, babesa eman arren, ez zuen onartu Sartreren “askatasun-egoera” emakumearentzat, De Beauvoirren ustez egoerak bereziki baldintzatzen zuelako emakumea, gizonaren aldean. Liburu subertsibotzat jo zuten hainbatek eta hainbatek. Espainiako erregimen diktatorialak debekatu egin zuen, noski, eta Vatikanoko Ofizio Santuak liburu debekatuen zerrendan sartu zuen.

Egilearen ustez, ez da nahikoa giza eskubide unibertsalak aldarrikatzea, gizateriaren erdia bestearen pare ez dagoen bitartean. Simone de Beauvoirrek liburua idatzi zuenean, ez zuen bere burua feministatzat hartzen. Uste zuen oinarrietan oker zegoen mugimendua zela. Adituek diotenez, berandu arte ez zituen bere ideiak feministatzat onartu. Hau paradoxa, geroztik “feminismoaren ama” bezalako etiketak jarri dizkioten egile batez ari garelarik. Nolanahi ere, izenak izen, inor gutxi ausartuko da Le deuxième sexe lanaren balioa eta eragina zalantzan jartzen.

KING KONGEN BIGARREN SEXUA

Maiatza 25, 2008 | Egilea: kevinheredia

68ko maiatza, 08ko maiatza. 40 urte eta hamaika testu iraultza ekarri uste zuen iraultza hartaz. Simone de Beauvoirren ‘Le deuxiéme sexe‘ liburua bolo-bolo zebilen orduan. Orain gutxi, berriz, Virginie Despentes destroy punkak ‘King Kong Théorie‘ idatzi du, feminismo tradizionalaren osteko garaiak bizi ditugula ohartarazteko.

virginie-despentes.jpg

“Azken garaiotan, Frantzian, errieta baino ez digute egiten 70etako urteen harira. Okerreko bidea hartu dugula, zer egin dugun iraultza sexualarekin, gizontzat al daukagun geure burua edo, gure tontakeriekin, auskalo nora joan ote diren gizontasun zahar eta ona, aitarena eta aitonarena, gerran hiltzen eta etxea autoritate osasuntsu batekin gidatzen zekiten gizon haie-na. Eta legea beren alde dutela. Errieta egiten digute beldurra digutelako”. Virginie Despentes idazlearen hitzak dira, King Kong Théorie orain dela bi urte argitaratutako liburuan irakur daitezkeenak.

Erreportaje hau ez da, noski, ur handiegitan sartuko. Garai bateko eta besteko feminismoa aztertzeko asmorik gabe, 60 urte hauetan gauzak zertan aldatu diren orokorki azaltzen hasi beharrean, bi testutan erreparatzea da asmoa. Batetik, De Beauvoir, Simone, eta haren Le deuxième sexe, 1949an argitaratua, artean 68ko maiatzean feministek eskuliburu gisa erabiltzen zutena. Bestetik, oraindik ere, eta azken berrien esperoan, inongo iraultzek oinarritzat hartu ez duen liburua, King Kong Théorie, Virginie Despentes idazlearena, batzuen ustez fundazio-manifestu baten balioa duena. Asmoa ez da biak konparatzea, ezta maila berean jartzea ere. Asmoa da emakumetasunaren gaineko bi saiakera, bi ikuspegi aurkeztea.

king-kong-theorie.jpg

KING KONG TEORIA. «Frantziar letretako destroy punkaren erregina». Ez da izendapen makala. Halakoxe etiketa erantsi zioten Virginie Despentes idazleari (Nancy, 1969) Baisse-moi (1994) lehen literatur lana kaleratzearekin bat. Danbada erabatekoa ekarri zuen liburu hark. Hastapenetan, ez zioten inon publikatu nahi, nahikoa trash omen zen, ez nahikoa konbentzional. Hala jaio zen Despentes anderearen legenda garaikidea: peep show bateko langile, prostituta, Baisse-moi liburuaren izen bereko film zentsuratuaren sortzaile, Les chiennes savantes (1996) eta Les jolies choses (1998) liburuen egile, 50.000 aletik gora saldu ditu momentuz bere azken lanarekin, King Kong Théorie izenekoarekin. Genero eta sexualitate eredu zaharkituak hankaz gora jartzen dituen saiakera zuzena, autobiografiatik ugari duena. Terapeutikoa, batzuentzat. Beharrezkoa, denontzat.

«Itsustasunetik idazten dut nik, eta itsusientzat, kamio-gidarientzat, frigido direnentzat, larrua gaizki jo dietenentzat, larrua ezin jo zaienentzat, histerikoentzat, eroentzat, neska onaren merkatu handiak bazterrean utzitako guztientzat. Eta honekin hasi nahi izan dut gauzak garbi geratzearren: ez nator barkamen eske, ez eta kexatzeko asmoz ere. Ez nuke nire lekua beste norbaitenarengatik aldatuko, Virginie Despentes izatea beste edozein gai baino interesgarriagoa iruditzen zait». Autobiografia eta saiakera nahasten dira hemen, literaturak Despentesi eskaini dion lurralde libre xamar honetan. Bortxaketa, prostituzioa, zinema pornoa ardatz, feminismoaren birplanteamendu berritzaile bat ikusten dute batzuek King Kong Théorie honetan, manifestu moduko bat; beste batzuek, berriz, kontu kitatze pertsonal bat dela diote.

Indiferente, baina, inor gutxi utzi du. Ezin eta. «Bortxaketa, programa politiko zehatz bat da: kapitalismoaren hezurdura, botere ariketaren antzezpen gordin eta zuzena. Dominatzaile bat izendatzen du eta jokoaren arauak antolatzen ditu, dominatzaile horrek bere boterea mugarik gabe erabiltzea ahalbidetzeko». Eta puntua, beti, esperientzia pertsonalak jartzen dio: «1986ko uztaila, 17 urte dut. Bi neska gara, minigonekin, leotardo marradunak eta Converse zapatila gorriak daramatzat nik (…) Auto bat, hiru mutil zurirekin, aldirietako kaskar horietarik, garai hartan tipikoak, garagardoak, porroak, Renaud kantariaz mintzo dira. Hiru dira, hasieran ez dugu haiekin igo nahi». Istorioaren amaiera imajina dezakegu, noski.

king-kong-theorie2.jpg
(politikoki zuzenagoa eta zozoagoa da bigarren azal hau, ezta?)

Ez bakarrik esaten dena, nola esaten den ere oso da garrantzizkoa Despentesen lanean: «Harrigarria da 2006. urtean, mundu guztia ordenagailu eramangarri ñimiñoekin, argazki kamerekin, patrikako telefonoekin, agendekin eta musika aparailuekin paseatzen den bitartean, oraino aluan sar dezakegun objektu bakar bat ere ez existitzea, itzuli bat egitera atera eta baimenik gabe sartu nahiko ligukeen lehen kaikuari buztana zatikatuko liokeena». Hizkera horrek harritu du jendea, bai eta betikoak asaldatu ere. Lehen liburutik bertatik etorri zaizkio, ordea, erasoak. «Lehen liburu bat idatzi nuen, nire emakume izenarekin sinatu nuena, segundo batez pentsatu gabe gero, publikatzean, igaro ezin nituen mugen zerrendarekin etorriko zitzaizkidala kontu eske».

Elkarrizketa batean galdetu zioten ondorengoa: «Zuretzat feminitatea morrontza modu bat da, prostituzio bat. Meneko emakume bat aurpegirik gabeko emakumea da. Non hasiko litzateke iraultza?». Eta honatx arrapostua: «Lesbiana egitea ez litzateke hasiera eskasa». Posetik badu erantzun horrek, posetik badu Virginie Despentesen irudi publikoak, hainbeste dira ezarri zaizkion etiketak. Intuitzen dugu, hala ere, haren testuek badakitela zer dioten: «Generoen iraultza deritzon leku ezezagun horretarantz ez bagoaz, badakigu zehatz nora itzuliko garen. Infantil bilakatzen gaituen Estatu ahalguztidun batera, zeinak gure erabaki guztietan eskua sartzen duen, gure hobe beharrez, noski; gu hobeki zaintzeko aitzakian haurtzaroan mantentzen gaituen Estatu ahalguztidunera, ezjakintasunean eta zigorraren eta bazterketaren beldurrean oinarritzen dena».

Proposamenak

Maiatza 19, 2008 | Egilea: kevinheredia

101184449_4f834fcb07.jpg

Aste honetan zer erreportaje nahi duzue?

Zeri buruzkoa?

Noren gainekoa?

Bota, bota…

“APUSTU GOGORRAK EGITEA MAITE DUT, ETA BETI NAGO DENA GALTZEKO PREST”

Maiatza 13, 2008 | Egilea: kevinheredia

Imre Kertész
imre-kertesz.jpg

(Dossier K. liburuko pasarte hautatuak eta itzuliak)

Lehen galdera, zuzena, krotxet bat matrailezurrera bezain. Fiasko nobelan zera idatzi zuen Kertészek: “Hamalau urte eta erdi nituelarik, egoera ergel batzuen ondorioz, ordu erdiz egon nintzen tiro egiteko zorian zen metrailadore baten ahoaren aurrean”. Eta itauna, segidan:

Zergatik idatzi zenuen horri buruz?

Apika, horrexegatik: horretaz hitz egin beharrik ez izateko.

Hain gogorra egiten zaizu?

Badakizu?, Spielbergen dokumentaletan bizirik iraun duten atso-agureak elkarrizketatzen dituztenean bezala gertatzen zait. Gorroto ditut era honetako esaldiak: “Ukuiluan sartu gintuzten…”. “Etxartera atera gintuzten…”. “Budakalasz-go adreilu fabrikara eraman gintuzten…”, eta abar.

Zergatik? Ez al da hori gertatu zena?

Eleberrian, bai. Baina eleberria fikzioa da…

Une honetan gehiago jakin nahi nuke fikzioaren eta autobiografiaren arteko desberdintasunez, izan ere, kritikariek eta irakurleek nobela autobiografikotzat definitu ohi dute Zoririk ez zure eleberria.

Era desegokian, halako generorik ez baita existitzen. Edo autobiografia da edo eleberria da. Autobiografia hautatzen baduzu, iragana ekartzen duzu gogora, ezinbestekoa iruditzen zaizu dena benetan gertatu zen bezala zehatz-mehatz kontatzea edo, esan ohi den legez, egitateei ezer ez gehitzea. Autobiografia on batek dokumentu baten antzekoa behar luke: garai bateko erretratua, “erreferentzia” gisa erabil daitekeena. Eleberrian, ordea, garrantzitsuena ez dira egitateak, gertatu zirenak, baizik egitateei gehitzen zaiena.

Baina, jakin dudanez—eta zuk zeuk baieztatu duzu behin baino gehiagotan zure adierazpenetan—, zure eleberria erabat da benetakoa: historiaren elementu bakoitza dokumentutan oinarritzen da.

Hori ez da fikzioaren kontrakoa. Are gehiago, Fiasko nire liburuan kontatzen dut zer egin behar izan nuen iragana gogora ekartzeko, nire baitan berpizteko zelaietako giroa…

Zure erlojuaren uhala usaintzen zenuen…

Bai, ze larru ondu berriaren usainak gogora ekartzen zidan Auschwitzgo barrakoietan zabaltzen zen usaina. Logikoki, errealitate printza horiek oso garrantzitsuak dira, baita fikzioan ere. Bien artean badago, ordea, oinarrizko desberdintasun bat: autobiografiak zerbait gogoratzen du, eta fikzioak mundu bat sortzen.

k07.jpg

Nire ustez, oroitzapenak ere munduaren zati bat sorberritzen du.

Baina munduaren zati horrekin hautsi gabe. Eta hori da fikzioarekin gertatzen dena. Fikzioaren mundua egilearen buruan sortzen den mundu burujabea da eta artearen legeak jarraitzen ditu, literaturarenak. Eta alde handia dago han, forman, hizkeran eta lanaren garapenean nabari dena. Egileak asmatu ditu fikzioaren xehetasun guztiak, osagai guztiak…

Ez al didazu esango zuk asmatu zenuela Auschwitz?

Neurri batean, halaxe da. Eleberrian Auschwitz asmatu eta sortu behar izan nuen. Ezin nintzen oinarritu eleberritik kanpo zeuden egitate historikoetan. Oso era hermetikoan atera behar zen dena, lengoaiaren magiaren eta konposizioaren bitartez. Begira iezaiozu liburuari ikuspuntu horretatik: lehenengo lerroetatik konturatuko zara mundu bitxi eta burujabe batean sartu zarela, non guztia gerta daitekeen, edo hobe esanda, edozer gauza. Historiak aurrera jo ahala, irakurleak duen noraeza sentsazioa indartu egiten da, gero eta nabarmenagoa da bere oinen azpian mugitzen den lurzorua…

Zuk, nolanahi ere, irtenbide bat topatu zenuen.

Ez dut uste. Hemen ez dago irtenbiderik, eta arazoa gurekin doa uneoro alde guztietara, gure itzala balitz bezala. Egiati izateari soilik eman diot nik amore. Baina horretarako—zilegi balekit arazoa muturreko era honetan aurkeztea— Auschwitz behar izan nuen. Hitz egingo al dugu gai alaiago batez?

Horretarako biografia alaiagoa behar…

Osotara hartuta, esango nuke alaitasunaren aldekoa naizela ni. Sentimendu hori besteengan pizten ez badut, errua nirea da. Baina begira: borrokaren poderioz, nahiko goiz erdietsi nuen askatasun intelektuala, eta idazketa hautatu nuenetik aurrera, nire kezkak bihurtu ziren nire artearen lehengai nagusia. Eta ematen du lehengai nahikoa ospela dela, baina formak libratu egiten du, eta alaitasun bihurtzen. Soilik idatz daiteke energia soberakinetik, hau da, alaitasunetik. Idazketa —hau ez dut nik asmatu— bizitza biziagotua da.

imrerekin.jpg

Ez zara kikiltzen galdera gogorren aurrean, zure liburuetan ere erakusten duzun bezala. Baina, nola bizi zaitezke haiekin?

Jokalari bat bezala. Apustu gogorrak egitea maite dut eta beti nago dena galtzeko prest. Denok hil behar dugunez, ausardiaz pentsatzeko eskubidea, edo hobe esanda, betebeharra dugu.

Askok diote zure pentsaera pesimista dela.

Ez dakit zer esan nahi duen horrek. Galdera garrantzitsuak ekiditea ez da optimismoa, baizik koldarkeria. Ulertzen dut, baina, kontuak kontu, optimistak hil beharra dauka pesimistak bezalaxe. Edo heriotza onartzen dugu itsuki, edo buru argiz egiten diogu aurre: praktikan berdina da. Nik nahiago dut aurre egin, horrek bizitza beteagoa ematen didalako, eta azken buruan, alaitasun gehiago. Hedonista nauzu, nahiago baduzu.

Moralista ez, ordea.

Moralista ez, inolaz ere. Moralista handien garaia, Montaignerena, La Rochefoucauldena eta abarrena, aspaldi joan zen. Auschwitzen ondoren ez da beharrezkoa giza jatorriari buruzko epaiak egitea. Egun, moralisten bideak masa-mugimenduetara garamatza, arazo gehiago ekartzen dituena eta, gainera, aspergarriagoa dena. Baina utz ditzagun, jarrai dezatela pentsatzen diktadura justuago bat existitzen dela, deuseztatze esparrurik gabe, non mundu guztiak zoriontsu izan behar duen halabeharrez. Niretzat, zoriontasuna beste gauza bat da, eta kito.

Eta egia?

Egia ez da jada unibertsala. Gauza larria da, baina horretaz jabetu beharra dugu. Geure kabuz erantzun: hori da zailena, beti izan da hala. Horren aurrean, hain zuzen, moralistak ihes egiten du. Norbanakoaren iraupenerako ez dira garairik onenak: geure buruak munduaren salbazioaren teorien menpe uztea errazago egiten zaigu, geure existentzia bakan eta errepika ezinari heltzea baino. Geure egia hautatzea, egia-ren ordez. Baina ez gaitezen luza kontu honekin, momentuz.

Nolanahi ere, kritikak irakurtzen dituzu batzuetan. Zergatik?

Giza ahuleziagatik. Eta batzuetan irakasgarria delako. Batez ere gurea bezalako gizarte batean, zentsurek, ideologiek eta posizio-borrokek erabat urratu dutena. Genero burujabea bilakatu da kritika, eta askotan ez du zerikusirik aipatzen ari den lanarekin. Genero lirikoa da, poesia bera baino poetikoagoa.

Hori al da zure esperientzia? Hamarkadetan zehar zure izena apenas ezagutu ondoren, 2003an zure lanari eta zuri buruzko monografiak argitaratu zituzten Hungarian.

Ez nuke esker txarreko agertu nahi, baina kasu bakar batek ere ez zidan pentsarazi lan horiek neure buruaz ari zirenik, are gutxiago nire lanaz.

Uste duzu ez zaituztela ulertzen?

Nik ez ditut haiek ulertzen. Hizkuntza desberdinetan mintzatzen gara, balore desberdinak jarraitzen ditugu. Baina nahiago nuke kritikaren gaia itxiko bagenu. Ez da emankorra, aspergarria da.

Amaitzeko, Fiasko eleberrian “Zaharra” deritzon pertsonaiak esaten dituen hitz batzuk aipatu nahi nituzke: “Ez naiz hitz askatzailearen jabe; ez zitzaidan interesatzen ez perfekzioa, ez edertasuna, ez baitakit zer diren ere. Loriaren ideia zahartzaroko masturbazio saioa iruditzen zait; eta hilezkortasuna, sinpleki esanda, irrigarria”. Ez duzu hor kontraesanik ikusten?

Jakina. Nonahi ikusten dut kontraesana. Baina maite ditut kontraesanak.


(Oraindik gose bazara, informazio gehiago daukazu hemen eta hemen, adibidez)

DOSSIER K., ELKARRIZKETA PERFEKTUAREN BILA

Maiatza 11, 2008 | Egilea: kevinheredia


Elkarrizketa ugari, hizketa saio mordoa, galdera aldra erantzun beharra. Horixe dakar, besteak beste, Literatura Nobel saria irabazteak. Galdetu bestela Imre Kertész (Budapest, 1929) lehen Nobel hungariarrari. Elkarrizketa uholde hark utzitako hutsuneak betetzeko idatzi zuen Dossier K. liburua, berriki gaztelerara itzuli duten autoelkarrizketa mamitsua.

imre-kertesz-dossier-k.jpg

Imajina daiteke, horrelakorik ez baitugu bizi izan, gauza arrunt xamarra izan daitekeela: ordura arte idazle ez sobera ezagun batek sari garrantzitsua jaso eta elkarrizketak bata bestearen atzetik eskaini behar izaten dituela. Besteren artean, horrelakoxe zerbait gertatu zitzaion Imre Kertész Nobel hungariarrari 2002. urtean, elkarrizketak nabarmen ugaritu zitzaizkiola. Idazleari baina, ez zitzaion iruditzen elkarrizketa uholde horrek benetan harrapatzen zuenik bere bizitza, ez eta bere literatur lana ere. Eta ezinegon horrek kitzikatuta sortu zen Dossier K. liburua, Acantilado etxeak berriki gazteleraz argitaratu duen autoelkarrizketa luze eta zabala. Liburu bitxia da, beraz, Dossier K. hau, dokumentu ordezkatzen gaitza, ez baita soilik estreinako Nobel hungariarraren bizitza eta lanaz mintzo, historiaren eta literaturaren arteko harreman irristakorraz ere ari baita era berean.

2003 eta 2004 urteen artean Zoltán Hafner editore eta lagunak hizketa saio mordo bat grabatu zituen Imre Kertészekin, elkarrizketa sakon bat egiteko asmo sendoarekin. Hamabi bat zinta guztira. Geroago bidaliko zion editoreak idazleari material hori guztia kopiatu eta idatzita jasotzen zuen dosierra. Lehen orrialdeak irakurri ondorenean, dossier mardula alde batean utzi, ordenagailua piztu eta idazteari ekin zion hungariarrak. Modu horretan sortu zen Dossier K. liburua, Kertészek aitortzen duenez “ekimen pertsonalak bultzatuta baino, kanpoko eragin baten ondorioz idatzitako liburu bakarra: egiazko autobiografia bat”. Hala ere, kontuan hartuko bagenu Nietzscheren proposamena –hots, nobela elkarrizketa platonikoetatik datorrela- orduan irakurleak eskuartean duena nobela litzateke.

Genero jolasa dugu beraz, jolas serio eta alaia, Kertészek proposatzen diguna. Zein apaletan kokatuko lukete megadendetan? Nobelan, autobiografian, elkarrizketetan? Denetan legoke egoki, denetan deseroso. Literatur generoaren kontzeptua bere osotasunean zalantzan jarri gabe, generoen malgutasunaz pentsatzera garamatza Dossier K. liburuak, besteak beste. Pentsarazi lezake, halaber, idazle batek bere burua elkarrizketatzea, izan daitekeela zerbaiten seinale.

(Berrian argitara emana)

desklasifikatua

Maiatza 10, 2008 | Egilea: kevinheredia

bihar, domeka, Berria agerkarian

caricatura-imre.JPG

demboraren condaira / the legend of time

Maiatza 8, 2008 | Egilea: kevinheredia

the balde-ren 39. alean argitaratua (web orria ez dago eguneratua):

demborarencondaira.jpg

Acaso daude biac presente dembora futuroan,
Dembora presentea eta dembora passatua.
Eta dembora passatuan contenituric dembora futuroa.

Uhartea cenuen uçi, Camaron, uretara eguin jauci.
Tarara bai, Tarara ez, hegan çaitugu icusi.
Ameçaren lur eremuan nehorc ecin du haciric haci.
Çure condairaren amua aho çabalic dugu irençi.

Hiça higuiçen da, musica higuiçen da
soilic demboran cehar; baina bici dena soilic
daiteque hil. Soilic formaren bithartez, ereduaren bithartez
possible dute hiçec, musicac,
irauncortassunera heldu, onçi Chinatarra
perpetualqui higuiçen den ancean, irauncortassunean.

Hau da carrica bacarra, eta besthea
berdina da, higuiduraric gabea,
muguimendutic abstenituric; mundua higuiçen delaric
apparençiaz soilic, dembora passatuaren eta dembora futuroaren
carrica metalicoetatic.

Berehala, hemen, orain, bethi–
Ridiculoa da alferricaco dembora tristea,
lehen eta guero artean hedaçen dena.

demboraren-condaira.jpg

Time present and time past
Are both perhaps present in time future,
And time future contained in time past.

The island you left, Camaron, jumped out into the water.
Tarara yes, Tarara no, we saw you fly.
No-one can grow seed in the land of dreams.
We have swallowed whole the hook of your legend.

Word moves, music moves
Only in time; but that wich is only living
Can only die. Only by the form, the pattern,
Can words or music reach
The stillness, as a Chinese jar still
Moves perpetually in its stillness.

This is the one way, and the other
Is the same, not in movement
But abstention from movement; while the world moves
In appearency, on its metalled ways
Of time past and time future.

Quick now, here, now, always–
Ridiculous the waste sad time
Stretching before and after.


informazio gehiago hemen eta hemen.

Inkomunikazioa

Maiatza 5, 2008 | Egilea: kevinheredia

inkomunikazioa.jpg

bezala

KAVAFISEN SOKA LUZEA

Apirila 28, 2008 | Egilea: kevinheredia

Kavafis poeta greziarra hil zela 75 urte beteko dira apirilaren 29an. Haren poesiaren eragina aztertzen da erreportaje honetan, euskal literaturako bi Kavafiszale fideli esker: Rikardo Arregi Diaz de Herediak eta Angel Errok eman dute Kavafis «azken alexandriarra» esaten ziotenaren poesiari buruzko iritzia.

kavafis.jpg

Asteartean, hilak 29, 75 urte beteko dira Konstantinos Petrou Kavafis hil zela; bai eta 145 urte Kavafis, Cavafis, Cavafy edota Cavaphes jaio zela ere. 70 urteko bizialdiaren ostean, urtebetetze egunez hil zen poeta dugu berau, azken alexandriarra ere esaten ziotena. Eta bi motibogatik deitu izan dute horrela: batetik, inoizko poeta greziar handienetakoa dena Egiptoko Alexandrian jaio baitzen, 1863an. Eta beste alde batetik, garai alexandriar edo helenistikoarekiko hurbiltasuna aitortzen zaiolako Kavafisi. Inoizko poeta greziar handienetako da Kavafis, XX. mendeko figura garrantzitsuenetakoa eta, bide batez, greziera modernoaren berpiztearen eragile nabarmenetako bat. Horiek gutxi balira bezala, greziar poeta itzulienetakoa izatearen ohorea aitortzen zaio, eta literatura unibertsalean gehien eragin duen poeten artekoa ere bada.

kavafisen-poema.jpg

Dena den, hori ez da beti horrela izan, Kavafis ez da beti handienen artekotzat jo. Hasiera garaietan, adibidez, haren poesia estrainioa egiten zen garaikideen artean: ez zituen sentimendu abertzaleak goraipatzen, ez zuen greziartasunaren sentimendurik hunkitzen, inperio bizantziarra berreraikitzearen «Ideia Handia» ez zuen bere poemetan islatzen, ez zen garaiko greziar historiarekin axolatzen. Are gehiago, bere poesia ez zen garaiko kanonekin bat etortzen, ez edukien aldetik, ez forma aldetik, ez eta hizkuntza aldetik ere. Kavafisek arreta, Greziaren loriazko garaian baino gehiago, Greziaren beherako bidean jartzen du, nahasmendu politiko eta morala nagusi den garaian. Ez alferrik, famakoa da «ni heleniarra naiz, ez greziarra» Kavafisen esaldia.

Soka luzea eta korapiloak

Poesiarako zeukan trebetasun apartekoari esker, Kavafisek egoki korapilatzen jakin zuen historia urruneko soka-muturrak bere garaiko muturrekin. Historiarena ez zen soka lineala beretzat. Korapiloz betetako soka dugu beraz Kavafisena, urrunetik datorrena, urrunera doana. Kavafisen irakurketak luzeak bezain zabalak izan ziren, jakituna zen kultura grekolatinoan, eta, diotenez, eragin berezia izan zuten harengan poeta sinbolistek eta parnasianoek.

teseo-minotauro.jpg

Erromantizismoaren gehiegikeriei kontra eginez, parnasianoek formari eman zioten garrantzia, eta sentimentalkeria zen haien etsairik amorratuena. Poeta sinbolisten artean aski ezaguna da Stéphane Mallarmé (1842-1898), eta haren idazkera hermetikoa. Diotenez, halaber, Robert Browning (elkarrizketa dramatikoaren aita) eta K.o. IV mendeko Antologia Palatinoan bildutako poeta helenistak oso garrantzitsuak izan ziren Kavafisentzat, bereziki XII. liburukoak, mutilei zuzendutako amodiozko eta sexuzko poemak biltzen dituena: Kalimako, Meleagro… Irakurketak irakurketa, Kavafis batekin edo bestearekin lerratzen den ezin esan. Korapiloak ez baitira beti estuak.

sokak.jpg

Kavafisen ondoren ere luze jo du sokak. Europan bere lana ezagun egin zedin, funtsezkoa izan zen E. M. Forster (1879-1970) idazle ingelesaren jarduna. 1905 urtean Alexandriara joan zen Forster Gurutze Gorriarekin lan egitera, eta han ezagutu zuen besteak beste Kavafis poeta. Nobelak eta ipuinak idatzi zituen gehienbat Forsterrek, baina Kavafisen poesiari haizea eman zion kontinente zaharrean. Poeta helenikoaren irudia nabarmena da oso Lawrence Durrell idazlearen Alexandriako laukotea lanean. Ezaguna da, era berean, Kavafisen Barbaroen esperoan poema (Erdaldunen esperoan, euskarazko edizioan), eta begi bistakoa da J. M. Coetzee idazle hegoafrikarraren Waiting for the Barbarians nobelan eragin handia izan zuela. Espainian, Luis Cernuda poetaren lanetan ere Kavafis usaina nabari da, eta ondoren, baita Jaime Gil de Biedmaren poesian ere.

Marguerite Yourcenarrek idatzi zuen 1950ean: «Kavafisen poema guztiak oroitzapenezkoak dira; historikoa edo pertsonala, olerki bakoitza poema gnomiko bat da; halako didaktikotasuna ezohikoa da poeta moderno batengan, eta ziurrenik alderdi hori da bere lanean ausartena. Uste dugu galdutako pasioen hondarra dela jakituria, hala pentsatzen ohituta gaude, horrexegatik kosta egiten zaigu ulertzea jakituria dela gogo biziaren formarik sendoen eta kondentsatuena, sutatik sortutako urre-hautsa dela, ez errautsa».

kavafiszaleak.jpg


Kavafiszaleak gurean

Ezin hasi euskal kavafiszaleen zerrenda osatzen Andolin Eguzkitza (1953-2004) aipatu gabe. Kavafiszale handia baitzen bera, eta euskaraz kavafiszaletzeko aukera eman digulako. Izan ere, Olga Omatosekin elkarlanean, Kavafisen Poema antologia osatu zuen, Pamielak 1995ean argitara eman zuena. Zinez ederra da euskarazko antologia, eta egun, sarean irakur daiteke.

Idatzietan igar dakiekeenez, Rikardo Arregi Diaz de Heredia (1958, Gasteiz) eta Angel Erro (1978, Burlata) ere kavafiszaleak ditugu. Hortaz, poeta helenikoaren lana deskribatzeko eskatu diegu biei, eta zera erantzun du Rikardo Arregik: «Kavafisen poesia antirretorikoa da baina oso-oso zainduta dago, erraza ematen du baina hitz bakoitza dago mila aldiz pentsaturik, hizkuntza kultua (katharevusa) eta herrikoia (dimotiki) nahasten ditu, baina azkenari ematen dio nagusitasuna, kaleko hizkuntzaren nolakotasunari. Poeta delikatu eta fin moduan saldu nahi izan dute batzuek baina hori ez da guztiz egia. Ahalmen iradokitzaile handia du Kavafisen poesiak.».

Angel Errok, berriz, zera dio: «Originala da, jatorrira doalako, erabilitako iturrietan zein irudikatzen dituen eszenetan (gainbehera baten aurreko une argigarrian kokatzen gaitu, azelerazioa oraindik zero izan arren, teknikoki amiltzera hasi garenean), eta originala ere bere hainbat poemak ikusmolde bat inauguratu dutelako. Kavafisen aurretik ez genekien Itakara iristea gutxienekoa dela, edo gure hiriak jarraituko gaituela hiriz hiri, edo barbaroak (suntsipena) nolabaiteko konponbidea izan zitezkeela gure asetasunarentzat».

Haien idazkeran eragina izan duela aitortu dute biek. «Nire bost poeta maitatuen artean dago Kavafis. Eraginak? Ez dakit. Nik amesten nuen bezala idaztea posible zela deskubritzea. Hizkuntza erraza baino zaindua erabiltzea. Bakarrizketak erabiltzea, poema beste baten ahotsean jartzearena. Iragana erabiltzea orainaz hitz egiteko. Nostalgia ez nostalgikoa, erromantizismotik aldentzea amodiozko poemetan. Mundu helenistikoarekiko lilura, oro har gainbeheran dauden munduak. Hiria eta hiriko bizimodua». Arregirenak dira aurreko hitzak, eta Errorenak hurrengoak: «Gustua hezi didala uste dut, poema bati arlo guztietan eskatu beharrekoei dagokienez. Kavafis hezitzaile edo gaztetxoen galbideratzaile ona da; nik neukan adineko mutilei zuzentzen zitzaizkion, lilura erotiko bat ere sortuta».

Ithaka

Apirila 25, 2008 | Egilea: kevinheredia

itaka.jpg

Ithakara itzultzeko bidaian abiatzen zarenean,

egizu otoitz bidea luze izan dadin,

menturez betea, ezagutzez betea.


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5